Udako proposamenak

Urdazubiko Leizeen Eguna

Lur azpian ospatuko dute bihar kobazuloen eguna, Urdazubin, Nafarroan

Urdazubiko leizeak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Urdazubiko leizeak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
itsaso jauregi 2
2024ko uztailaren 19a
05:00
Entzun

Hobi, koba eta leizerik ez da falta Euskal Herriko mendietan, eta horiek ezagutaraztea da Leizeen Eguna izeneko egitasmoaren asmoa. Urtero bezala, ekitaldi ugari antolatu dituzte Urdazubin (Nafarroa) egun berezia ospatzeko, eta, bisita gidatuez gain, emanaldiak eta artisauen azoka egonen dira leizeen inguruan. Urdazubiko leizeak, edo Ikarburuko leizeak, Nafarroako ipar-mendebaldeko haitzulo batzuk dira, zehazki Urdazubiko erdialdetik 1,3 kilometrora daudenak.

Ikarburuko leizeak Urtxuma errekak sortu zituen, poliki-poliki, mendez mende urarekin harriaren barrualdean sartuz; orain dela 14.000 urte sortu zirela kalkulatzen da. Ezagunak dira beste garai batean handik pasatzen zuten kontrabandoarengatik batik bat. Kobazuloak gizakien babeslekua izan ziren duela 20.000 urte baino gehiago, eta, gaur egun, hango kare formazioak bisitatzeko aukera dago.

Leizeok urte osoan bisita daitezke, betiere gidari espezializatuekin. Lezeetako bidexka da egin daitekeen ibilbiderik ezagunena, hiru eremuetako haitzuloak lotzen dituelako (Urdazubikoak, Sarakoak eta Zugarramurdikoak). Hala ere, Ikaburuko Leizearen Eguna 2015ean ospatzen hasi zenetik, urtero familia guztiarentzako jarduerak antolatzen dituzte.

Bihar jendeari lurpeko munduaren berezitasunak erakustea izango da asmoa. Jendea erakarri egin nahi dute lur azpian ezkutatuta dagoena erakusteko, eta %50eko beherapena egingo dute bisitarientzat. Leizeak bisitatzeaz gain, beste ekitaldi asko antolatu dituzte. 11:00etatik 14:00etara historiaurreko bizimodu tekniken erakustaldia egongo da, Iñaki Libano Edestiaurre arkeologia elkarteko presidentearen eskutik. Kobazuloetan bizirik irauteko erabiltzen ziren teknikak ezagutu eta gero, haitzuloen bisita berezia egongo da Montes Solidarios erakundeak antolatuta. 

Bazkaldu eta gero, gazteentzat magia ikuskizuna antolatu dute 16:00etatik 18:00etara, Javi eta Anka magoek prestatutako ekitaldia. Umeak trikimailuekin gozatu bitartean, helduek artisau produktuekin jositako saski baten zozketan parte hartzeko aukera dute. Zozketan saririk ez lortzekotan, artisau azokan produktuak ere erosten ahal dituzte, 11:00etatik 18:00etara irekita egongo baita.

Lur azpian

Balio historiko eta natural handiko leku horren iraganean sakontzea da antolatzaileen helburua. Gizakiaren iraganaren arrasto garrantzitsuak mantendu dira harri gogor horien artean, eta Leizeen Egunean hori azalera ateratzeko garaia da. Garrantzitsua da kontuan hartzea leizeen barruan arropa beroa eraman behar dela, hotz egiten baitu barruan. Erreserbak egin daitezke +34 948-59 92 41 zenbakira deituz, edo www.cuevasurdax.com webgunean. Horretaz gain, kobazuloak bisitatzeko dauden ordutegiak kontsultatzeko baliagarria izan daiteke webgunea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.