Itsasoko ura lurrundu egiten du eguzkiaren beroak, eta, horrela, lainoak sortzen dira. Hodeietako ur partikulek behar baino pisu handiagoa hartzen dutenean, erori egiten dira: euria egiten du, alegia. Mendietatik ateratzen den ura eramaten dute errekek, eta euri urak emaria handitzen die. Errekak ibai bihurtzen dira, eta kostaldean itsasoratu. Itsasoko ur hori berriro lurruntzen da, eta horrelakoa da uraren zikloa behin eta berriro, eskoletan irakasten duten modukoa.
Hala ere, menditik itsasora doan ura erabili egiten dute gizakiek, eta, horregatik, edateko uraren zikloa asmatu dute. Eskolan ikasitakoa antzaldatu dute, alegia. Ibaiek urez hornitzen dituzte urtegiak, eta kanalen bidez araztegietara bideratzen da ur hori guztia. Araztegietan garbitu egiten dute, araztu, gero edan ahal izateko. Beharrezko tratamenduak eginda, hiri eta herrietako biltegietara garraiatzen da ura. Biltegi horietatik ateratako adarren bidez iristen da ura etxeetako eta industrietako txorrotetara.
Ura, erabili ostean, harraskatik eta komun zulotik behera joaten da. Euskal Herrian, duela hogei bat urte arte, ur hori itsasora joaten zen zuzenean. Hondakin urak, baina, oso kutsagarriak dira, eta, ingurumena zaintze aldera, horiek ere araztu egiten dira, garbitu. Horretarako daude araztegiak. Hodi biltzaile handien bidez iristen da ura araztegietaraino, eta hondakin urak garbiago ateratzen dira handik.
«Hau uraren ospitalea da. Ura herritarren eskuetatik pasatu ondoren, sendatu egiten dugu hemen», azaldu du Jose Angel Ertzillak, Añarbeko Urak sozietate publikoko zuzendariak. Añarbeko Urak mankomunitatea eta hura osatzen duten udalak arduratzen dira Gipuzkoako Beterriko udalerri askoren ur horniduraz eta saneamenduaz: zehazki, Donostia, Errenteria, Hernani, Lasarte-Oria, Pasaia, Oiartzun, Urnieta, Usurbil, Lezo eta Astigarraga.
Añarbeko Urak sozietatearen araztegia Donostiako Loiola auzoan dago. 2005ean ireki zuten, eta hiru hodi biltzaile nagusitatik iristen dira 320.000 biztanle inguruk sortutako hondakin urak. Kamioi bidez iristen da estolderia garbitzean bildutakoa.
Litro asko, 24 orduz
Urak bere zikloa du, eta zer esanik ez Loiolako araztegiak. Hiri txiki bat da: urteko egun guztietan egoten da martxan, 24 orduz. Ura bertan sartzen denetik ateratzen den arte —batez beste, segundoko 1.100 litro—, hondakin urak denetariko eraikin eta pasabideetatik igarotzen dira. Bidearen bukaeran, lau irteera daude: ur garbia itsasora joaten da, hondarra eraikuntza sektorearengana, lohi bihurtu ahal izan dena Nafarroako landa eremura, eta lohi bihurtu ahal ezin izan dena, zabortegira. Bosgarren irteera bat ere badago: lohia sortzeko faseetan ateratako ura hasierara itzultzen da.
Nondik hasi, ordea, hondakin urak arazten? Hori azaltzeko, eskailera batzuetan behera joan da Ertzilla, ur saneamenduko arduradun Javier Vicenterekin eta Añarbeko Urak sozietateko komunikazio arduradun Iban Zubeldiarekin. Loiolako araztegian beheren dagoen eraikin batean sartu dira. «Hondakin urak sakonera dezenterekin iristen dira hona», azaldu du Vicentek.
«Arbastatze finean bahe estuagoekin kentzen ditugu solido finak. Lehenik, potoloak kendu ditugu, eta, orain, finak»
JOSE ANGEL ERTZILLA Añarbeko Urak sozietateko zuzendaria
Hiru putzu handi daude —hodi biltegi bakoitzeko bat—, eta putzu bakoitzak lau bahe ditu. Bahe zabal samarrak dira: lautik birekin 150 milimetroko zabalera duten hondakinak arbastatzen dituzte, eta beste biekin, hirurogei milimetrokoak. Arbastatze lodia da lehen pausoa. «Arbastatzea kentzea da, zikinkeria kentzea», zehaztu du Ertzillak. Irina galbahe batetik pasatzen den bezalaxe egiten dute hondakin urekin, baina teknologia ez da bera, inondik inora.
Handitik txikira egiten dute lan. Baheak putzuetan sartzen dituzte, eta haiek pilatutako zikinkeria —dimentsio handienekoa— bi eratara kentzen dute uretatik. Batetik, zarata handia egiten duten makina batzuen bidez automatikoki kentzen dituzte dimentsio handiko solidoak: erretiratutako zikinkeria zabortegietara bidaltzen dute, eta araztu den ura hurrengo eraikin batera joaten da, ponpatuta —hortik aurrera, grabitatearen bidez garraiatzen da ura araztegi osoan, Kantauri itsasora iritsi arte—.
Bestetik, eskuz ere arbastatu behar izaten dituzte solido lodienak. «Momentu onenean iritsi gara!», esan du Ertzillak. Araztegiko tekniko bat bahe bateko zikinkeria pala metaliko batez kentzen ari da, eta edukiontzi batera botatzen. Toallatxo higienikoak, mukizapien plastikozko zorroak, barra energetikoen estalkiak eta denetariko zaborra dago «materia organikoz» —kakaz, bereziki— inguratuta.

Lehen fasea da, eta solido handiak —handiak, bai— argi bereiz daitezke. «Toallatxo higienikoak oso erraz geratzen dira beste hondakin batzuekin trabatuta, eta horregatik gelditzen dira hemen geldirik. Kontzientziazio kanpaina asko egiten ditugun arren, ikusten dugu oraindik jendeak segitzen duela halakoak botatzen. Olioa, medikamentuak, janariak... Bakoitzak, bere komuneko isiltasunean, argi dago ez duela egoki erabiltzen», azaldu du Zubeldiak. Umorez har daiteke, paisaia eskatologiko samarra delako. Hala ere, ez du grazia handirik. «Norberari iruditzen zaio berak egin dezakeenak ez duela hainbesteko eraginik, baina denok gauza bera egiten badugu, arazo horiek sortzen dira», ohartarazi du Ertzillak.
Eraikin horretan usain onik ez dago, baina kiratsik ere ez. Ez da sudurra ohitu egiten delako. «Lehenago kiratsak arazoak ematen zizkigun, baina orain eraikin askotako aire zikina garbitu egiten dugu, eta garbia atera», azaldu du Zubeldiak.
Arbastatze lodian, beraz, solido lodiak erretiratzen dira, zabortegira bidali, eta geratu den ura ponpa bidez hurrengo eraikinera eramaten dute. Eraikin horretan ur denak putzu handi batean elkartzen dira. «Hemen arbastatze fina daukagu: bahe estuagoekin kentzen ditugu solido finak. Lehenik, potoloak kendu ditugu, eta, orain, finak», azaldu du Ertzillak.
Oxigenoa, barrura
Finak bai, baina ez finenak. Solido lodiak eta finak araztu ostean, koipea eta hondarra kentzeko garaia iritsi da. Beste putzu sare batean egiten dute hori. Difusore batzuen bidez oxigenoa sartzen dute uretan, eta, horrela, hondakin uretan dagoen hondarra hondoratu egiten da, eta koipea azaleratu. Arraspa batzuekin eramaten da koipea alde batera, eta hondarra beste batera. «Hondar hauek denak berrerabili egiten dituzte obretan; gainerakoa zabortegira bidaltzen dugu», azaldu du Vicentek.
«Honaino mekanikoki kendu daitekeena kentzen da. Hemen ja beste prozesu batzuk dira», azaldu du Zubeldiak, eta, jarraian, zera zehaztu du: «Orain arte araztu duguna komunetik behera bota behar ez litzatekeen guztia da. Ez litzateke hona iritsi behar, denok zuzen jokatuko bagenu. Egia da euri urek errepideetatik gauzak jaso ditzaketela eta hona irits daitezkeela, baina berez komunetik bota behar ez litzatekeen guztia da mekanikoki kentzen dugun guztia».

Jarraian, tratamendu biologikoaren garaia da. Eraikinetatik atera dira nola funtzionatzen duen azaltzeko. Igerileku tankerako putzu zabal batzuetan egiten dute tratamendu hori, aire zabalean. Putzu horietan lankide berezi batzuk dituzte, Vicentek azaldu duenez: «Hemen ere oxigenoa injektatzen dugu uretan. Uretatik datozen bakterioei konforta-edo emateko sartzen dugu oxigenoa: horrela errazago haziko dira, eta azkarrago ugaldu. Horrela, gai izango dira uretan dagoen materia organikoa jateko».
Bakterioak, langile
Beraz, prozesu biologiko bat da, eta bakterioek egiten dute dena. Gizakiek, hori bai, bultzadatxo hori ematen diete. Prozesu horrek kaleko airea behar du, eta horregatik ez dago estalita.
Behin bakterioak bapo daudenean —uretako materia organiko guztia jaten dutenean, alegia—, dekantazioaren txanda iristen da. Teknologia aurreratuaren bidez, uretik bereizten dira geratzen diren azken partikulak.
«Hondar hauek denak berrerabili egiten dituzte obretan; gainerakoa zabortegira bidaltzen dugu»
JAVIER VICENTE Añarbeko Urak-eko Ur Sanemenduko arduraduna
Azken soberakin horiek lohiak dira, oso likidoak. Ondoren egiten duten prozesuaren helburua da lohiak ahalik eta gehien lehortzea. Horretarako, lohiak loditzeko tanga bat erabiltzen dute, grabitate bidezkoa. «Tratamenduko lehen fase honetan lohia dekantatzen da, hau da, lohia kontzentratzen du. Uretan dagoenean, oso solido gutxi dauka —%0,3— eta %5 izan arte loditzen du», azaldu du Vicentek.
Oraindik oso likidoa izaten segitzen du, eta lohi horiek gehiago lehortu behar dituzte. Hori ez dute lortzen digestore anaerobioekin —zilindro formako makina zuri handi batzuk dira—, baina baliatu egiten dituzte lohia egonkortzeko eta materia organikoa gutxitzeko. Gizakien digestioaren antzeko prozesu kimiko batean datza prozesu hori; esaterako, 36 graduko tenperatura dute. Puzkerren baliokidea biogasa da.

Digestore anaerobioetan sortzen den erregai hori araztegiko beste eraikin batean erabiltzen dute. Biogas hori eta kanpotik erositako gas naturala energia termikoa eta elektrikoa sortzeko baliatzen dituzte. Energia termiko hori, adibidez, digestoreak berotzeko erabiltzen dute.
Behin digestioa eginda, lohiak deshidratatu egiten dituzte beste makina batzuetan. Zentrifugagailu industrial batzuen bidez lortzen dute lohi horren lehortasun maila %25 ingurukoa izatea.
«Lehenago kiratsak arazoak ematen zizkigun, baina orain eraikin askotako aire zikina garbitu egiten dugu»
IBAN ZUBELDIAAñarbeko Urak-eko komunikazio arduraduna
Azkenik, lehorketa termikoaren bidez lortzen dute %95eko lehortasuna. 350 gradutan berotzen dute lohia zilindro erraldoi batean. Emaitza? «Hortik ateratzen da lohia, dilista batzuen itxurarekin: material granulatu lehor bat da», esan du Ertzillak. Nafarroako landa eremura bidaltzen dituzte, ongarri gisa erabiltzeko.
Lohia gora, lohia behera, zer gertatzen da urarekin? Bada, dekantazioaren ostean araztutako ura itsasora joaten dela, garbi. Loiolako araztegitik lurpeko hustubide bat ateratzen da, eta Ulia menditik kilometro inguru batera itsasoratzen da, ur azpian. Gero ur hori lurrundu egiten da, lainoak sortzen dira, euria egiten du, eta buelta urtegira.