Ur zikinetan, joerak garbi

Hondakin urak erabiltzen dituzte azterketa epidemiologikoak egiteko. Izan ere, haien bidez jakin daiteke, besteak beste, zein den populazio baten droga kontsumoa. Beste metodologia batzuk baino errazagoa da, laginak ez direlako banan-banan jaso behar.

Sestaoko Galindo araztegiko Saneamendu Geltokia, 2016ko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Sestaoko Galindo araztegiko Saneamendu Geltokia, 2016ko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
amaia igartua aristondo
2025eko otsailaren 13a
05:00
Entzun

Gizartearen berri ematen dute hark utzitako arrastoek. Eta, hala, inguruko jardueraren araberakoak dira hondakin uretan pilatzen diren substantziak. «Gizakiok zikintzen dugun ur guztia heltzen da araztegietara: bai jarduera industrialean zikintzen duguna, bai ospitaleetakoa, bai gure eguneroko bizitzakoa», zerrendatu du Olatz Zuloaga Kimikan doktore eta EHUko Ibea ikerketa taldeko kideak. Ondorioz, nekazaritza eremu batetik gertuko araztegi batean pestizida ugari izango da; plastikoen fabrika handi baten aldamenekora industria horren azpiproduktuak helduko dira; eta ospitale baten ondokora, farmakoen hondarrak. Hondakin uretan islatzen da, halaber, kutsatzaileen hazkundea edo populazioaren droga kontsumoa, besteak beste. Informazio iturri aberatsak dira oro har, eta azterketa epidemiologikoak egiteko baliatzen dituzte.

Azterketok oihartzun handia izan zuten COVID-19aren pandemian, birusaren oldarraldiei aurre hartzeko bide bat izan zirelako: ur zikinetan SARS-CoV-2a ugaritzen zenean, transmisio komunitarioa gertatzen ari zen, eta, hortaz, litekeena zen handik egun batzuetara sintomak azaleratzea. Baina batik bat drogen kontsumoaren berri izateko erabiltzen dira hondakin urak. Espainiako Gobernuaren Drogei buruzko Plan Nazionalerako Ordezkaritzak (OEDA) berriki argitaratu du alkohol, tabako eta droga ilegalen kontsumoaren inguruko azken txostena, eta, beste adierazle batzuekin batera, ESAR-Net sareak 27 ur araztegitan bildutako emaitzak jaso ditu.

Aztertutako araztegietako hiru Euskal Herrian daude. Araban dago bat, Krispiñan (Gasteiz), eta 200.000 eta 500.000 lagun ingururen hondakinak hartzen ditu. Bizkaikoak dira beste biak: Sestaoko Galindo —500.000 biztanleri baino gehiagori ematen die zerbitzua—, eta Markina-Xemeingoa —10.000 laguni baino gutxiagori—. Espainiako, Herrialde Katalanetako eta Galiziako araztegiak ere ikertu dituzte. Eremu denetan antzeko emaitzak izan arren, Euskal Herrikoak nabarmendu egin dira alkohol eta nikotina kontsumoan, eta erabat gailen izan dira anfetaminetan, gainerako araztegietako kantitatea halako 30 topatu baitute —Markina-Xemeingoan, halako 90—. Txostenaren egileek azpimarratu dute anfetaminek «merkatu nitxoa» dutela hiru euskal araztegien inguruko eremuan, eta kasik kokaina beste kontsumitzen dela.

Droga kontsumoa aztergai

Jose Benito Quintana Santiagoko Unibertsitateko (Galizia) Kimika Analitikoko katedradun eta ESAR-Net sareko ikerlariaren esanetan, hondakin uren analisia bereziki interesgarria da legez kanpoko drogak zenbat kontsumitzen diren jakiteko, «oso zaila» baita neurtzea. Beste adierazle batzuk ere erabiltzen dituzte arren —nagusiki inkestak, baina baita arta eskatzen duen jendearen kopurua, larrialdietako datuak eta konfiskazioak ere—, Benitok azaldu du hondakin urak aztertzea milaka pertsonaren gernua eskuratzearen antzekoa dela, baina eraginkorragoa eta errazagoa, eta, gainera, anonimoa. «Merkatuan zer droga dauden atzematen dugu, datuak tokiaren arabera ere desberdindu ditzakegu, eta zer bilakaera duten kontrolatu dezakegu nahiko azkar», laburbildu du ESAR-Net sareko kideak.

Era berean, baliabideak dituzte jakiteko ea substantzia jakin bat kontsumoaren ondorioz agertu den, edo beste iturri batetik datorren. Kokaina ipini du adibidetzat —gehien hartzen diren drogetako bat da—. Substantzia hori zenbat kontsumitzen den jakiteko, ez dute kokaina neurtzen, baizik eta haren metabolito nagusia: benzoilekgonina. Metabolismoan sortutako substantzia bat da metabolitoa; hortaz, benzoilekgonina agertzeak esan nahi du kokaina gorputzetik igaro dela, hau da, kontsumitu egin dela. «Hondakin uretan kokaina badago, izan daiteke norbaitek komunetik behera bota duelako, sarekada batean, adibidez», argitu du Benitok.

«Gizakiok zikintzen dugun ur guztia heltzen da araztegietara: bai jarduera industrialean zikintzen duguna, bai ospitaleetakoa, bai gure eguneroko bizitzakoa»

OLATZ ZULOAGAKimikan doktorea eta EHUko Ibea ikerketa taldeko kidea

Anfetamina kontsumitutakoan, kontrara, ez da metabolito onik sortzen, eta kontsumitzen den gehiena anfetamina gisa iraizten da. Beraz, zenbait arrazoirengatik agertzen da estoldetan: legez kanpo kontsumitu izanagatik, komunetik behera bota izanagatik edo botika jakin batzuk hartu izanagatik —esaterako, ADHN arreta defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendurako medikamentu batek, lisdexanfetaminak, anfetamina iraiztea eragiten du—. Komunetik behera botatakoa izanez gero, eguneko une batean kantitate askoz altuagoa atzematen dute gainerako orduetan baino; drogaren presentzia hamar aldiz handiagoa izan liteke, zehazki. «Horrek susmoak eragiten dizkigu», esan du Benitok. Kokaina aisialdian kontsumitu ohi denez, asteburuan metabolitoak ugaritu egiten dira, baina gorabehera ez da hain handia izaten: hiru edo lau aldiz handiagoa izaten da.

Egitura kimikoari erreparatuta ere argitu daiteke drogaren jatorria. «Substantzia horiek bi isomero aktibo dituzte, bi enantiomero. Badakigu droga terapeutikoa bada isomero bakarra duela eta bi isomeroak baditu legez kanpoko kontsumo bidez heldu dela». Gainera, araztegietako emaitzak osatzeko, farmazietako datuak erabiltzen dituzte; hala egiten dute fentaniloa neurtzeko, adibidez.

Ur zikinei esker, emaitza orokor eta agregatuak lor daitezke, eta beste adierazle batzuk erabiltzen dituzte datu zorrotzagoak eskuratzeko: esaterako, xiringetan topatutako droga arrastoekin alderatzen dituzte emaitzak.

Kutsatzaileak detektatzea

Laginak adierazgarriak izan daitezen, Benitoren ikerketa taldeak datu asko hartzen ditu egunean, 15 bat minutuan behin, astebetez. Izan ere, kontsumoa aldatu egiten da egunaren zati batetik bestera —baita araztegira heltzen den ur emaria ere, gauez jendea gutxiago joaten baita komunera—. Hala, astebeteko tartean, aukera dute aztertzeko zelan aldatzen den eredua lan astetik asteburura bitartean. EHUko ikerlari Zuloagaren taldeak azterketak egiten ditu Bizkaiko hainbat araztegitan, hala nola Mungiakoan, baina batik bat Galindo (Sestao) da haien erreferentea. Araztegikoek 24 orduko laginak ematen dizkiete. «Guretzat, lagin hori lar konplexua da, eta ezin dugu zuzenean analizatu. Garbitu egiten dugu, eta aurrez kontzentratu egiten ditugu guk analizatu nahi ditugun konposatuak, hobeto ikusteko», esplikatu du Zuloagak.

Kutsatzaileak aztertzen ditu EHUko kimikariak. «Saiatzen gara ahalik eta konposatu gehien neurtzen, hala nola metalak eta konposatu organikoak: egon daitezke pestizidak, plastifikatzaileak, higiene pertsonalerako egunero erabiltzen ditugun produktuak, farmakoak, drogak...». Emaitzak gizartearen jarduerarekin alderatzen dituzte, konposatu bakoitzak iturri jakin bat edo bat baino gehiago izan ditzake-eta. «Batzuetan identifika dezakezu kutsatzailea nondik datorren, eta beste batzuetan, igual ez. Agian ez duzu lotura zuzenik lortuko, baina abiapuntua emango dizu».

«Araztegietako azterketen bidez, merkatuan zer droga dauden atzematen dugu, datuak tokiaren arabera ere desberdindu ditzakegu, eta zer bilakaera duten kontrolatu dezakegu nahiko azkar»
JOSE BENITO QUINTANASantiago de Compostelako Unibertsitateko Kimika Analitikoko katedraduna eta ESAR-Net sareko ikerlaria

Kutsatzaileak detektatzea ez ezik, horiek ezabatzea ere bada Zuloagaren lan esparrua. Legean ezarrita daude zein diren araztegietan desagerrarazi beharrekoak. «Araztegiak martxan jarri zirenean, patogenoak eta metalak garbitzen zituzten, batez ere». Gero, konposatu organiko ez-polarrak gehitu zituzten zerrendara: hidrokarburo polizikliko aromatikoak, ftalato esterrak, pestizida kloratuak... «Zergatik ez-polarrak? Bai gizakiongan, bai ingurumenean metatzeko joera handiagoa dutelako», azaldu du Zuloagak. Kutsatzaile organiko iraunkor deritze konposatu horiei, izan ere, haien naturagatik hain dira egonkorrak, ezen ez baitira desegiten ingurumenean.

Araztegiek badituzte konposatu kutsatzaile horiek desagerrarazteko baliabideak, baina ñabardurak daude. «Araztegietatik ateratzen den ura %100 garbia da? Bada, zoritxarrez, gaur egun ez», argitu du EHUko kimikariak. Betetzen ditu legeak ezarritako parametroak, baina legean jasoak ez dauden kutsatzaile batzuk atzeman dituzte araztegietan. Esate baterako, bisfenolak, parabenoak —xanpuetan egon ohi dira—, eta eguneroko bihurtu diren beste hainbat kutsatzaile.

Ez dira berriak. Zuloagak zehaztu duenez, aspaldi erabiltzen dira, eta aspalditik daude ingurumenean, baina orain arte zientzialariak ez dira asko kezkatu, uste baitzuten haien portaera kimikoa zela-eta naturan degradatuko zirela, eta, beraz, ez zirela helduko animalia, landare eta gizakiengana. Baina ez da hala gertatu, izan ere, substantzien izaera gorabehera, asko erabiltzen dira eta etengabe ekoizten dira. Hori dela eta deitzen zaie kutsatzaile sasi-iraunkorrak. «Etorkizunean, araztegiei eskatuko zaie beste konposatu horiek ere garbitzeko ahalmena izatea. Galindon, adibidez, horretarako prestatzen ari dira: badabiltza tratamendu batzuk aztertzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.