Ur nahasiak BBCn

Boris Johnsonekin dituen desadostasunak direla eta, Tony Hall zuzendariak kargua utziko du. 'Victoria Derbyshire Show' kendu dute

Tony Hall BBCko zuzendari nagusiak zazpi urte bete ditu karguan. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
urtzi urkizu
2020ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Aste nahasia eta korapilatsua izaten ari da Erresuma Batuko BBC talde publikoan. Astelehenean, BBCko zuzendari nagusi Tony Hall zuzendariak gutun bat bidali zien langileei, eta iragarri udan kargua utziko duela —uste zabaldua zen 2022ra arte iraungo zuela—. Ondotik, BBC Newseko editore Amol Rajanek iragarri du Victoria Derbyshire Show saioa kendu egingo dutela.

Iragarpen horiek iritsi dira Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak esan berri duen honetan telebista publikoaren finantzaketa aztertu egingo duela. Duela aste batzuk planteatu zuen ea epe luzera begira kanonaren finantzaketa ereduak zentzua ote zuen. Johnsonen aholkulari nagusi Dominic Cummingsek esan izan du irrati-telebista publikoa kontserbadoreen «etsai nagusietako bat» dela, eta proposatu du BBC ahultzea eta Ameriketako Estatu Batuetako Fox katearen tankerako bat bilakatzea.

Gobernuaren asmoak antzemanda, Hallek esan du erakundearen interesak aurretik jarri dituela: «Nire bihotzak gidatuta balitz, ez nuke nahiko BBC inoiz utzi». David Clementi BBCko presidenteak laudoriozko hitzak egin ditu, dimisioa jakitean: «Hall lider sortzaile eta inspiratzailea izan da, bai Erresuma Batuan, bai mundu osoan». Clementik iragarri du datozen asteetan hautagaiak bilatuko dituztela zuzendari nagusia ordezkatzeko, BBCn bertan zein kanpoan.

Murrizketak

Zuzendari nagusiaren dimisio iragarpenaren ostean, BBCko langileen giroa urratu duen beste erabaki bat izan da Victoria Derbyshire Show goizeko saioa kentzeko erabakia. 2015. urtean estreinatu zen, eta, ordutik, programa horrek sari ugari jaso ditu —tartean, Bafta saria jaso zuen 2017an, futbolari batzuek egindako abusuen albisteak emateagatik—. BBC Newseko editore Amol Rajanek egin du saioa kentzeko iragarpena, eta aitortu du saio horrek «oihartzun digital handia» izan duela urteotan. «Saioa sortu zen BBCk audientzia berriak erakartzeko, eta hori Interneten lortu du bereziki».

Baina BBCk berak zabaldutako informazioan jasotzen denez, talde publikoak BBC News sailean 94,7 milioi euroren aurrezpenak egin behar izan ditu 2016tik 2020ra arteko epean. Murrizketa horien barnean kokatu dute Victoria Derbyshireren saioa kendu izana. Zenbait kazetarik kezkagarritzat jo dute programa amaitu izana, eta sumindura azaldu dute murrizketa gehiagok BBCk eskaintzen duen zerbitzua eskasago bilakatuko duelako.

BBC, gainera, ikus-entzunezko sektorean duen eragina galtzen ari da, streaming bidezko plataformen indarraren eraginez. Hala aitortu zuen iazko udan Ofcom komunikazio arautzaileak; plazaratu zuen txosten baten arabera, Erresuma Batuan, plataformen harpidedunak 11,2 milioi ziren 2018an, eta 13,3 milioi izan ziren2019an. Joera hori areagotzen ari da, eta telebista tradizionalaren pisua txikiagotzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.