ATZEKOZ AURRERA. Iskander Sagarminaga. Igerilaria

«Ur hotzetan luzaro egoteko gaitasuna landu behar da»

Galdakarrak Mantxako kanala zeharkatu nahi du igerian hurrengo asteartean. Ingalaterratik Frantziarako ibilbideak 33 kilometro ditu, eta ura hamabost gradutan egon ohi da.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Igone Urtaza
2023ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Senideek itsasoari errespetua eta beldurra dioten arren, Iskander Sagarminagarentzat (Galdakao, Bizkaia, 1983) bake leku bat da itsas zabala. Bake lekua eta erronka lekua. Hamahiru ordu inguru beharko ditu Mantxako kanala zeharkatzeko. Eider Eibar bikotekide eta ilustratzaileak lagunduko du bidaian.

Aurretik bi alditan saiatu da kanala zeharkatzen, baina ezin izan du igeri egin: 2020an Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak aireportua itxi zuen, COVID-19a zela eta; 2021ean ez zen ontzirik itsasoratu, eta Folkestoneko (Ingalaterra) portuan hiru aste eman ondoren, ez zuten erronka hasi ere egin.

Zerk egiten du Mantxako kanala berezi, hiru aldiz zeharkatu nahi izateko?

Mantxako kanala distantzia handiko igerilarien erronkarik esanguratsuena da. Ur irekietako erronkak hasi zirenean, Mantxako kanala zen probarik gogorrena. Hainbatentzat, gizakia ez zegoen prest erronka hori amaitzeko. Matthew Webb kapitain ingelesak kanala igerian zeharkatu zuenetik, ordea, igerilarien erronkarik gorena bilakatu da.

Nola prestatzen da gorputza eta burua halako exijentzia duen ibilbide baterako?

Batez ere, ur hotzetan denbora luzezegoteko gaitasuna landu behar da. Gorputza egokitzen eta lasai egoteko erritmoa mantentzen ikasi behar da. Zure erritmoa aurkitu behar duzu; oinez ibiltzen zarenean izaten duzun erritmoa izan beharko luke.

Horrez gain, aurkitu ditzakezun erronkei aurre egiteko prest egon behar duzu: marmokek heltzeko arriskua, itsaso txarra, haize bortitza... Oso lan psikologikoa da.

Lasterketetan parte hartu ahal izateko proba batzuk gainditu behardira. Nolakoak dira?

Ibilbidea gauzatu baino lehen medikuarengana joan behar daziurtagiri baten bila eta azterketa batzuk egitera, osasuntsu zaudela bermatzeko. Azken probarako, esate baterako, sei ordu egin behar izan nituen igerian, hamasei gradu baino hotzagoko uretan. Neoprenorik gabe, noski; erronkaren barruan dago.

Ibilbideak badu beste edozeinbaino gogorragoa den zati edo momenturen bat?

Mantxako kanalaren azken zatia oso gogorra da. Frantziako kostara iristen zarenean, barrualdera eramaten zaituen itsaslaster indartsu bat dago. Azkeneko kilometroan gogor eta indartsu eutsi behar diozu; bestela, ez zara iritsiko. Ametsen hilerria deitzen diote azken tarte horri. Helmuga ikusten duzu, baina ez zara iristen.

Eider Eibarrek zer-nolako garrantzia du horrelako erronka batean?

Eiderrek beti babesten nau. Horrelako ibilbide luze batean, ezinbestekoa da laguntzaileak izatea; bat edo bi, derrigorrez. Eiderrek, gaizki nagoela edota zerbait arraroa dagoela ikusiz gero, kanpora aterako nau. Iñaki eta Ricki ere nirekin datoz, nirekin batera egiten dute igeri Ur Irekiak Galea taldean. Badakite nola igeri egin, nora joan...

Eiderren ilustrazioekin, gainera, abenturaren berri emango dugu kokoak.eus webgunean.

Inoiz izan duzu ikararik igeri egiten ari zarela?

Behin, marrazo bat pasatu zitzaidan hamabost zentimetrora. Hasieran, pentsatu nuen manta arrain bat zela, baina atzetik buztana ikusi nuenean ohartu nintzen marrazo bat zela. 200-300 kiloko atunak ere ikusi ditut. Jotzen bazaituzte...

Zure ustez, zer egiten duzu hobekien? Eta okerren?

Ona naiz burua kontrolatzen. Beroa da, aldiz, gehien kostatzen zaidana. Ura beroa badago, pott egiten dut.Horrelakoetan, soka batekin botatzen didate ura; jan ere hala egiten dut. Behin, 27 graduko uretan egin nuen igeri Napoliko lasterketa batean. Egun hartan, zortzi litro ur edan nituen. Azkenean, kokoteraino amaitu, eta garagardo bat edan nuen.

Zertan pentsatzen duzu iraupen luzeko halako erronka batean?

Onena deskonexio eta meditazio puntu batera iristea da. Garbi ikus badaiteke, ingurunera begiratzen dut. Dortokak, koralak, manta arrainak ikusi izan ditut. Itsasoa zakarra dagoenean ere dibertigarria bilakatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.