MAITE DITUT MAITE. Xabier Madariaga. Kazetaria

«'Ur handitan'-etik, lore handietara? Zergatik ez?»

Madariagak kazetaritza du ofizio, eta lorezaintza, berriz, afizio. Hainbat tokitan ibilia da EITBko berriemaile, eta beti lorez inguratuta bizi izan dela dio. Ez du baztertzen noizbait loreak eta mikrofonoak uztartzea.

LUIS JAUREGIALTZO/ FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun

Konfinamendu garaian etxetik grabatzen aritu da, ETBko Ur handitan saioa. Xabier Madariaga (Bilbo, 1981) kazetariaren etxeko sala izan da platoa, zehazki. Behin, ikusle batek mezu bat bidali zuen saiora aurkezleak loreak zaindu behar zituela esanez. Eta Madariagari pena sartu zitzaion ikusleek loreak ez zaizkiola inporta pentsatzeak. Hain zuzen ere, lorezaintza du pasio handietako bat kazetariak, eta horren erakusle da etxean bertan duen terraza, hainbat lorez eta kolorez beteriko. Hantxe jarri du hitzordua.

Nondik datorkizu lorezaintzaren pasioa?

Asteburu eta udak beti pasatu izan ditut Zeberion [Bizkaia], hangoa dut familia osoa. Amari asko gustatzen zitzaizkion hortentsiak, geranioak, petuniak... eta gogoan dut asko laguntzen niola. Uste dut hor hasi zela pasioa. Gero, bizitzan denbora igaro ahala, loreez inguratzen joan naiz.

Zer toki izan dute loreek zure bizitzan?

Jerusalemen bizi nintzen auzoa, adibidez, dena harriz egindakoa zen, ez zen autorik sartzen, eta dena lorez beterik zegoen. Paradisu bat zirudien; ez dut uste inoiz hain leku ederrean biziko naizenik. Madrilen bizi ginenean, bi balkoitxo genituen, eta goitik behera lorez bete genituen. Parisen ere berdin. Senarrak, hasieran, ez zien kasurik egiten loreei, baina laster hartu zion berak ere gustua, eta, orain, nik uste dut berak egiten duela nik baino lan gehiago.

Egunerokoan lan asko kentzen dizuete?

Ez horrenbeste. Erlaxatzeko erabiltzen ditugu gehiago, loreen zati zaharrak kendu, bitaminak bota eta halakoak egiten ditugu...

Hortaz, ez zaude erabat adi. Eta ez zaizkizu hiltzen?

Bai, bai, hiltzen dira. Hala ere, gehienek irauten dute.

Orduan, trukoren bat baduzu.

Bitamina asko. Aurten, inoiz baino bitamina gehiago bota diegu, eta sekula baino politago daude. Baina egia da oso eguraldi ona egin duela ere, ez dugu bero handirik izan, eta horrek lagundu du. Batez ere, oporretan goazenean hiltzen zaizkigu. Baina saiatzen gara truko desberdinak probatzen, urak iraun dezan, loreontzi bakoitzean botilak buruz behera jartzen ditugu edo norbaiti deitzen diogu...

Kalean zoazenean, loreetan arreta jartzen duten horietakoa zara?

Bai, eta aukera ematen dit modu desberdinean ikusteko. Parisko lorategiak, adibidez, basatiagoak dira, eta hemengoak, uniformeagoak.

Loreei buruzko ikastarorik egin izan duzu noizbait?

Burutik pasatu zitzaidan, bai, kazetaritzak funtzionatzen ez bazuen, lorezaintzari eta paisajismoari buruzko kurtso bat egitea, distantziara. Parisen nengoela hasi nintzen, baina ez nuen bukatu.

Eta imajinatzen duzu zeure burua lorezaintzari buruzko programa bat aurkezten?

Bueno... zergatik ez? Ur handitan-etik lore handietara? Ez dakit, momentu honetan ez, baina zeinek daki hemendik urte batzuetara... ez dut baztertzen. Polita izango zen.

Loreekin hitz egiten duzu?

Bai, eta abesten diet. Lore bat zaintzen zaudenean, denbora bat dedikatzen diozu. Duela egun batzuk, adibidez, jasmina endredatzen nengoen bitartean, nabaritu nuen berarekin tratuan egongo banintz bezala. Polita da hura apaintzen eta dotore jartzen zauden momentuan sortzen den tratu hori.

Izenik badaukate?

Ez, izenik ez. Bakoitzak bere klasekoa, eta listo: Siriako arrosa, Japoniar astigarra, hortentsiak, gurbitza... Madrilen surfiniak genituen.

Bakoitzak bere istorioa du?

Batzuk Paristik datoz. Parisen bizi ginenean, asko erosi genituen urtebetetzeetan; kalak eta zitoriak, adibidez. Zeberiotik, amaren eta amamaren etxetik etorri dira beste batzuk. Eta gurbitzak, berriz, ezkontzan opari moduan banatu genituen. Jende askok uste du gurbitza Madrilgo lorea dela, baina hemengo mendietan asko omen dago.

Batzuk Paristik datozela diozu. Parisko etxean zenituzten loreak Euskal Herrira ekarri zenituzten?

Bai. Paristik Euskal Herrirako bidaia, esaterako, loreak autotik kanpora ateratzen zirela egin genuen. Ez genituen galdu nahi. Lore bakoitzak oroitzapen asko dakartza. Gure loreekin ez ezik, lankide batzuen loreekin ere gelditu ginen. Madrilen dagoen lankide ohi bati, adibidez, Udaberri guztietan bere lorearen argazkia bidaltzen diogu. Loreek laguntzen dute jendearekin erlazio bat mantentzen. Sortzen den lotura hori oso polita da, oroitzapen ederra.

Esango zenuke zuen bizitza zuen terrazan laburbilduta dagoela?

Pixka bat, bai. Oroitzapenez beteta dago terraza, eta gure bizitzaren parte bat hor dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.