Arturo Elosegi (Tolosa, Gipuzkoa, 1962) Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landare Biologia eta Ekologia saileko ikerlaria da. Hark zuzentzen duen taldeak Globaqua Europa mailako proiektuan parte hartuko du. Ur eskasiaren arazoa eta horrek ekologian, ekonomian eta gizartean dituen ondorioak aztertuko dituzte.
Globaqua proiektuak Europako ur eskasiaren ondorioak aztertuko ditu. Nola?
Ikertuko duguna da ur eskasiak nola areagotuko dituen ingurumen aldaketa globalak, ibaietan ekarriko dituen ondorioak. Ur eskasia arazo handia da. Batetik, Europako hegoaldean, Mediterraneo aldean betidanik izan da, baina bestetik, Alemaniako ekialdean eta Erresuma Batuko hegoaldeko zenbait lekutan, orain arte nahiko justu ibili dira urarekin; zenbat eta populazioa handiagoak, gero eta erabilpen gehiago, eta klima aldaketak ekarriko dituen ondorioekin, pentsatzen dugu hemendik urte gutxira ur eskasia handia gertatuko dela. Horrek, berez, baditu hainbat ondorio, baina, batez ere, interesatzen zaiguna da nola eraginen dion aldaketa global horri. Adibidez, ibaietan kutsadura daukagu eta ur eskasiak kutsadura hori handitu egiten du. Kutsaduraz gain, espezie exotiko asko ditugu... Ez zaigu soilik interesatzen uretan zer gertatuko den, ur ekosistema horietan zer gertatuko den baizik. Horretarako, ibaietan eginen ditugun zenbait ikerketa eta laborategiko ibai artifizialetan eginen ditugunak konbinatuko ditugu.
Zein ibai aztertuko dira?
Sei ibai aztertuko dira guztira. Alde batetik, Ebro (Euskal Herria-Espainia), Adige (Italia), Evrotas (Grezia) eta Sava (Eslovenia-Serbia). Horietan mendiko lanak eginen dira. Eta gero beste bi arro hartu ditugu ere, Anglia (Erresuma Batua) eta Souss Massa (Maroko). Horietan ez dugu mendiko lanik eginen, dagoen informazioa erabiliko dugu, eta haien kudeaketa ebaluatu eta zein ondorio atera daitezkeen ikusiko dugu.
Zergatik aukeratu dituzue ibai horiek?
Ibai guztietan gertatzen dira ur eskasia arazoak, batzuetan ur eskasia gertatzen da ibaiak ur gutxi duelako, eta beste batzuetan ur asko eskatzen diogulako. Nahikoa esperientzia badugu ibai horietan, eta galdera finagoak egin ditzakegu. Gero, segur aski, ez dira ibai txarrenak, arazo handienak dituztenak, baina pentsatzen dugu nahiko eredugarriak izan daitezkeela bertan ateratzen ditugun ondorioak, eta beste leku askotara aplikatu ahal izanen ditugula.
Zerk eragin du ur eskasia ibaietan?
Eskualde batzuetan ur eskasia betidanik egon da. Mediterraneoko lur lehorretan beti gertatu den zerbait da, baina beste zenbait lekutan, Alemania eta Polonia arteko mugan, esate baterako, leku euritsuagoa izanagatik, jende asko bizi da, eta ur asko hartzen dute. Gero eta ur gehiago erabiltzen dugu gero eta gauza gehiagotarako: nekazaritzarako, hidroelektrizitatea sortzeko, edateko, eta abarretarako Horregatik, ibaietan gero eta ur gutxiago doa eta arazoak metatu egiten dira.
Hain txarra al da Europako ibaien egoera eta ur kalitatea?
Europa oso handia da. Badira ibaiak oso gaizki daudenak, eta badira beste hainbat ibai nahiko ongi daudenak. Edozein modutan, Europak azken urteetan sekulako lanak egin ditu jakiteko nola dauden bere ibaiak eta horien egoera kontrolatzeko. Eta ez bakarrik ur kalitateari begira, ur ekosistemei begira ere bai. Iruditzen zait Euskal Herrian nahiko pertzepzio okerra dugula.
Pertzepzio okerra. Zergatik?
Orain dela urte batzuk sekulako kutsadura genuelako eta orain kutsadura hori murriztu egin delako, uste dugu asko hobetu dugula. Hobetu dugu uraren kalitatean, baina, habitata gero eta okerragoa da, ibaiak gero eta kanalizatuagoak ditugu. Egia da uraren kalitatean hobetu dugula, baina azken urteetan ari gara milaka kutsatzaile berri sortzen. Ur araztegi asko jarri ditugu. Horiek ura garbitu egiten dute, adibidez, materia organikoa garbitzeko diseinatuak daude, baina ez dituzte kentzen botiken hondakinak. Ibaietan gero eta hormona, botika, pestizida eta horrelako substantzia berri gehiago dago. Horien eraginak banaka-banaka ezagutzen ditugu, baina ibaietan topatzen diren nahasketa erraldoi horien ondorioak ez dakizkigu, eta hori da ikerketako gaietako bat. Horien kontzentrazioa ur eskasiarekin handitu egiten da beti. Horregatik ikusi nahi dugu ur eskasiak beste gauza horiekin zein ondorio dituen.
Gero ekosistema interesatzen zaigu. Euskal Herrian, adibidez, uraren kalitatea hobetu da, baina ibaien ekosisteman arrain espezieen %65 exotikoak dira. Oso inbaditzaileak dira, eta hemengo espezieei kalte egiten diete. Gauza batzuetan hobetu dugu dezente, baina beste batzuetan atzeraka goaz.
Zergatik daude hainbeste inbaditzaile?
Kontu korapilatsua da. Inbaditzaileak leku askotan daude. Europan arrain inbaditzaile gehienak Iberiar penintsulan daude. Batetik, guk zabaldu ditugu asko. Administrazioak, batez ere. Ortzadar amurraina, lutxoa... Arrantzaleen mesedetan izanen zela uste zen, eta, gero, askotan, kontrakoa gertatu da, hemengo espezieak jaten dituztelako. Gainera, ibaiak zenbat eta gehiago aldatu, errazagoa da espezie horiek sartzea. Hemengo espezieak hemengo uretara, eta ur horiek urtetan izan dituzten gorabeheretara daude ohituta. Baina, adibidez, urtegi handiak jartzean, hidrologia aldatzen badugu, beste espezieei egiten die mesede.
Zerk adierazten du ibai bat osasuntsu dagoela?
Ibai baten osasuna bi aldagai motaren arabera begiratu beharko genuke. Batetik, bere egitura, eta, bestetik, bere funtzionamendua. Interesatzen zaiguna da ongi funtzionatzea. Behar du ur garbia, berezko kantitatean, eta ubidearen egitura fisikoaren egitura globala gordetzen duena. Horrez gain, funtzionamendu natural bat behar du. Ibaiak berez autoarazteko, kanpotik iristen zaion materiala erabiltzeko gaitasuna behar du. Ibaien egituraz eta bizidunez asko ikertu da Europan, baina askoz ere gutxiago dakigu haien funtzionamenduaz. Hori da ikertu nahi dugun gaietako bat. Ibaiek bere burua ongi garbitzeko gaitasuna nola lor dezaketen.
Proiektuko partaide izateak zer esan nahi du zure taldearentzat?
Gonbidatu izana ohore bat daNorbait hasi da pentsatzen proiektu honetan lan ona egin dezakegula. Ibai ekosistemen funtzionamenduaren lidertza eman digute, eta horrek erakusten du azken urteetan egindako lana ona izan dela. Taldearentzat finantziazioa da. Bost urterako nahiko lasai egon gaitezke. Gazteei aukera ematen zaie ikertzeko eta ikasteko.
Arturo Elosegi. EHUko Ekologia saileko ikertzailea
«Ur eskasiak ingurumen arazoak nola areagotuko dituen ikertuko dugu»
Europako ibaietako ur eskasiaren ondorioak ikertzeko, nazioarteko proiektu batean parte hartzeko deia jaso berri du Elosegiren taldeak. Lanean ongi ari diren seinale dela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu