Zientzia

Unibertso urruneko supernoba baten hiru irudi lortu ditu EHUko ikertzaile baten taldeak

Galaxia bat lente gisa erabilita lorturiko irudiei esker jakin dute izarra Eguzkia baino bostehun aldiz erradio handiagoko supererraldoi gorri bat zela eta duela 11.500 milioi urte lehertu zela.

Tom Broadhurst ikertzailea. EHU
Edu Lartzanguren.
2022ko azaroaren 9a
16:18
Entzun

Teleskopioak espazioko begiak badira, galaxia batzuk betaurrekoak izan daitezke. Fenomeno horri esker, EHUko eta DIPC Donostia Physics Centerreko Tom Broadhurst ikertzaileak partaide duen talde batek espazio urruneko supernoba baten hiru irudi lortu ahal izan ditu, eta, horren bidez, haren inguruko informazio zehatza lortu.

Bizialdia leherketa erraldoi baten bidez amaitzen dute masa handiko izar batzuek. Leherketa horiei supernoba esaten zaie. Eztandak eragindako talka uhina ikertuta, astrofisikariek jakin dezakete izarra zerez eginda zegoen eta nolakoa zen. Hori egin dute Broadhurstek eta haren taldekideek, eta ikerketaren berri argitaratu du Nature aldizkariak, zientzian erreferentziazkoa denak.

Izan ere, supernobaren hiru irudi lortu dituzte, hiru koloretan. Ez da erraza izan, supernoba espazio urrunean dagoelako. Urrun distantzian, eta, berez, denboran ere bai: duela 11.500 milioi urte lehertu zen supernoba, Esne Bidea galaxia ustez sortu zen garai berean, eta, beraz, Lurra jaio baino askoz ere lehenago.

Trikimailu bat erabili dute irudiak lortzeko. Askoz hurbilago dagoen galaxia bat erabili dute lente gisa. Masa handiko objektuek, galaxiak kasu, deformatu egiten dute espazio-denbora, eta deformazio hori lente gisa erabil daiteke askoz urrunago dauden gauzak handituta ikusteko. Horren bidez, supernobaren hiru argazkiak lortu dituzte, bakoitza une batekoa.

Ezkerrean, behaturiko supernoba.

Eztandaren gasa hoztu ahala, kolorez aldatzen da: hasieran, oso beroa da, eta urdinagoa da; gero, gorriagoa izaten da, tenperatura jaitsi ahala.

Broadhursten taldeak argi urdina antzeman ahal izan du, leherketa gertatu eta ordu gutxira jaurtitakoa. Gero, argi berdea, bi egun geroagokoa. Eta, azkenik, argi gorria, eztandaren ondorengo zortzigarren egunekoa. Bat beharrean hiru irudi edukitzeak askoz informazio gehiago ematen du, eta aukera ematen du askoz xehetasun handiagoz jakiteko zer gertatu zen.

Irudi horiei esker jakin ahal izan dute leherturiko izarra Eguzkia baino bostehun aldiz handiagoa zela, esaterako.

Hubble espazio teleskopioak harturiko irudiak erabili dituzte ikerketan.

Broadhurst EHUko Fisika Teorikoko departamenduko kidea da, Leioako campusean (Bizkaia). Galaxien formakuntza ikertu du; besteak beste, grabitateak eragindako lente efektuaren bidez. Esperientzia handia du teleskopio handiak eta sateliteak erabiltzen, eta Hubbleeko kamera aurreratuko taldeko kidea izan da. NASAk sari bat eman zion horregatik. Ingalaterrako Durham Unibertsitatean egin zen doktore.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.