Unibertsitateraino doan zubia

Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroek 40 urte bete dituzte aurten. Garaian garaiko gizarte aldaketei egokitu eta interesekoak diren gaiei heldu diete urte horietan. Irautea eta teknologia berrien aukerak baliatzea izanen da erronka nagusia, baita euskarari toki handiagoa ematea ere.

Donostiako Miramar jauregia da EHUren udako ikastaroen egoitza nagusia. JON URBE / FOKU.
Iker Tubia.
2021eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Unibertsitateak gizartera irekita duen leiho bat da; eta gizarteak irekita duen ate bat unibertsitatera etortzeko». Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroak horrela definitu ditu Juanito Etxeberriak. Zuzendariordea izan zen hogei urtez, eta oraindik ere proiektuari lotuta dago. Duela berrogei urte sortu ziren udako ikastaroak, EHU martxan paratu eta urte betera. Garaian garaiko gizarteari egokituz joan da ordutik, pandemiak goitik behera berrasmatzera behartu duenean ere bai.

Unibertsitatea gizarteratzea izan zen udako ikastaroen helburua sortu zutenean, eta hala da gaur egun ere. Santanderren (Espainia) egiten zituzten ikastaroak hartu zituzten eredu gisa. «Lehenengo urteak esperimentazio moduko bat izan ziren, eta hirugarren urtean Luis Mari Bandres etorri zen, eta araudi edo ikuspegi orokor bat jarri zuen, antolaketa nolakoa izango zen zehaztuz», kontatu du Etxeberriak. Lehenbiziko urtean, bederatzi ikastaro antolatu zituzten; aurten, 192 jarduera izan dira.

Udako ikastaroen historian garrantzitsua izan zen Miramar jauregia egoitza nagusi gisa hartzea. «Horrek eman zion erreferentzia gune bat izatea», azaldu du Etxeberriak. Hala ere, ikastaroak ez dira toki bakar batean egiten: ohartu ziren gai zehatz batzuk lantzeko hobe zela beste leku batzuetara mugitzea. «Askatasun eta mugikortasun handia izan dugu; horrek zabaltzeko aukera eman digu, eta tokian tokiko gai horietan interesa duen jendea ezagutzea». Aurtengo aldian 104 ikastaro egin dira Gipuzkoan, 20 Bizkaian, bost Araban, bi Nafarroan eta bi Lapurdin.

Garrantzitsua izan zen ere BBVA babesle nagusi gisa sartu izana, horrek beste babesle batzuk ere ekarri zituelako. «Aurrekontu arazoak etorri ziren: matrikula ez da handia, hiruzpalau eguneko ikastaroak direlako. Hor hasi zen elkarlana beste erakunde batzuekin». Gaur egun ehundik gora babesle dituzte ikastaroek.

2006. urtea ere garrantzitsua izan zen, 25 urte bete zituztelako udako ikastaroek, eta bultzada handia eman zioten. «Sekulako programa egin zen, eta arrakasta handia izan zuen. Adibidez, Chomsky etorri zen, eta hori inportantea izan zen». Eta hain atzera joan gabe, azken bospasei urteetan ikastaroak Interneten jartzea ere azpimarratu du Etxeberriak. Zer esanik ez azken bi urteetako erronka: pandemiak ere ez baititu bertan behera utzi udako ikastaroak.

Itziar Alkorta da udako ikastaroetako zuzendari akademikoa 2019tik. Hari egokitu zaio ikastaroek izan duten erronkarik handienetako bati aurre egitea: «Bi urtez beste ikastaro batzuk asmatu behar izan ditugu; esperientzia aberatsa eta muturrekoa izan da, aurrekoa egiteak ez zuelako balio pandemia garaian». Iaz, ezinbestean, ia dena online eskaini zuten; aurten, mugak muga, presentzialtasunari eman diote garrantzia, baina online ere aritu dira. «Etorkizunari begira, ikusi behar dugu zerk duen balio erantsia presentzialki, zer egin daitekeen online, eta zer bietara».

Afera batzuetarako mugatua da online aukera, baina jende gehiagorengana ailegatzeko modua ere izan da. Aurten 13.000 ikasle inguru izan dituzte udako ikastaroek; 1.000 kanpotik konektatu dira. «Hego Amerikatik, Asiatik eta Australiatik ere konektatu izan zaizkigu; dena presentzialki eskainiz gero, ez genituzke izango». Orain erronka da«ongi pentsatzea» egoera bakoitzak zer trataera behar duen.

Duela hogei urte, unibertsitate askok sortu zituzten udako ikastaroak, baina ez dira hainbeste aurrera egin dutenak, Etxeberriak esan duenez. Haren ustez, arrakastaren gakoetako bat maila askotako ikastaroak eskaintzea izan da: «Ikastaro batzuk nahiko herri mailakoak ziren, beste batzuk oso goi mailakoak, eta beste batzuk erdi mailakoak».

Euskara zabaldu beharra

Euskara eta euskal kultura ohiko gaiak izan dira udako ikastaroetan; aurten ere bai. Tokia hartuz joan da azken berrogei urteetan: lehenbiziko urtean, bederatzi ikastaroak gaztelaniaz izan ziren; aurten, 192 jardueretatik 44 izan dira euskaraz. «Euskal kulturaren lanketa eta zabalpenaren beharra zuen gizarte batean sortu ziren ikastaroak. Ordutik, gure bi bokazioak munduratzea eta euskal gizartearen zerbitzura egotea izan dira, eta urtero-urtero euskarazko eta euskararen gaineko jarduerak antolatuz joan gara», azaldu du Alkortak. Aipatu du Molac legeari buruzko ikastaroa izan dela aurten «inpakturik handien» izan duenetako bat.

Gaur egun irakasle gehienak elebidunak direla gogorarazi du zuzendariak: «Guretzat naturala da zientziaren eta kulturaren zabalpena euskaraz egitea. Horrek asko errazten dizkigu gauzak». Hala ere, jabetzen da hutsuneaz; erronken artean aipatu du euskararena: «Euskararen presentzia handitu nahi dugu: ez bakarrik euskara hutsean diren ikastaroak lagunduz, baita beste hizkuntzetan diren ikastaroetan euskara bultzatuz ere».

Aurrera begira, garai «oso interesgarria» dela uste du Alkortak: «Pandemiak utzitako arrastoak soka luzea izango du, planteatzen diren gizarte erronkak oso handiak baitira», esan du. «Mundu berri baten aurrean gaude; horren gakoak ulertzeko eta zenbait erronka transbertsal iraunkortasunarena, esaterako lantzeko eta horren gaineko konpetentziak eskuratzeko udako ikastaroak inoiz baino garrantzitsuagoak dira». Bide horretan, iaz sortutako Iraunkortasun Foroa nabarmendu du. «Gero eta bisitari gehiago ditu iraunkortasunari buruzko difusio eta sentsibilizazio plataformak».

Etxeberriak uste du adi egon behar direla, gizartea etengabe aldatzen baita, eta intereseko gaiak ongi identifikatu behar baitira. Alor humanoari ere erreparatu dio: ikastaroetako «giro ona» mantentzea garrantzitsua dela uste du, eta irautea ere erronka bat dela. Halere, bide onean ikusten ditu ikastaroak: «Etortzen denak errepikatu egiten du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.