Nafarroaren Eguna. Pedro Miguel Etxenike. Fisikaria eta Nafarroako urrezko dominaren irabazlea

«Unibertsitate sistema erakargarri bat sortzea ezinbestekoa da»

Zientziari egindako ekarpenagatik eta gizarte eta dibulgazio lanagatik jasoko du saria. Zientzialari nafarren artean sari gehien dituztenetako bat da.

Iñaki Berastegi.
Iruñea
2016ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Vianako Printzea saria jaso eta hemeretzi urtera eman diote Pedro Miguel Etxenikeri (Isaba, Nafarroa, 1950) Nafarroako urrezko domina. EHUn Materia Kondentsatuaren Fisikan katedraduna ez ezik, DIPCko Donostiako Nazioarteko Fisika zentroko presidentea ere bada egun. Euskal Herriko unibertsitateek hemengo talentuak gorde ez ezik, atzerriko talentua «erakartzeko gai» izan behar dela uste du. Gaur jasoko du saria, Nafarroaren Eguna ospatzeko egingo den ekitaldian.

Nafarroako Gobernuak ematen duen saririk gorena jasoko duzu. Nafar batentzat handia izan behar du horrek.

Noski. Saria emango zidatela esan zidatenean, harro, eskertuta eta hunkituta sentitu nintzen. Nafarroak orain ikerlari eta zientzialari on eta asko baditu ere, ni hasi nintzen garaian ez nituen asko ezagutzen.

Nafarroako Unibertsitatean fisikako ikasketak egin bazenituen ere, aitortu izan duzu fisikan ez zinela bokazioz hasi.

Bokazioa fisikan aurrera egin ahala sortu zitzaidan, ez aurretik.Zientzian gutxinaka lortzen dira gaitasunak. Gero eta gaitasun gehiago lortu, orduan eta gehiago gustatzen zaigu egiten duguna. Irakasle batek hori ere buruan izan behar du ikasleekin. Irakasle baten helburua ez da ikasle baten izpiritua eta izaera moldatzea, denok barruan daukagun artista hori ateratzea baizik.

Lekarozko eskola berezi hartan ikasi izanak eragina izan zuen unibertsitateko ikasketak hautatzeko orduan?

Bai, noski. Niri zientziak gustatzen zitzaizkidan, eta arlo horretan irakasle bikainak eta baliabide asko zituen Lekarozek. Gainera, nik Euskal Herrian ikasi nahi nuen, eta erabakiak hartzeko orduan horri ere garrantzia ematen nion. Orain, ordea, guztiz kontrakoa aholkatzen diet nire ikasleei.

Euskal Herriko unibertsitateetan geroz eta zientzialari gehiago sortzen dira?

Prozesua erritmo onean doala esango nuke. Zientziaren alorrean denbora mendeetan ulertzen da. Hori horrela, kontuan hartu behar dugu Cambridgeko unibertsitateak 800 urtetik gora dituela, eta Euskal Herriko Unibertsitatea duela 26 urte baino ez zen sortu. Hala ere, azken urteetanunibertsitateak garapen handia izan du. Fisikaren kasuan, Donostian ekosistema propio bat sortu dela esango nuke.

Euskal Herrian zientzia ikasketen egonkortzea Euskal Herriko unibertsitateen egonkortzearekin batera lortuko dela esan nahi duzu?

Bai. Unibertsitate handiak beti izan dira mota guztietako liderrak sortzeko lekuak. Etorkizuneko zientzialarientzat oinarri bat prestatu behar dugu orain, eta,horretarako, ezinbestekoa da unibertsitate sistema erakargarri bat sortzea. Hemengo talentua gordetzeaz eta babestez gain, kanpoko talentua erakartzeko indarra ere lortu behar dugu.

Hortaz, denbora kontua izango da?

Denbora da falta zaigun gauza nagusietako bat, baina ez bakarra. Espainian erakundeek askatasun handiz jokatzen dute; baina unibertsitateari dagokionez, Espainiako sistema oso araututa dago. Inbertsioa ere bada, beste arazo bat da. Arazo konplexua den arren,zientzia alorrean unibertsitateak bide onean daude.

Inbertsioa ere falta dela esan duzu. Euskal Herrian zientziaren alorrak zenbateraino pairatu du krisiaren eragina?

Autogobernuari esker, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zientziak jasotzen duen finantzaketa ondo mantendu dela uste dut. Espainian ez, zientzia luzerako ikusten dutelako. Zaila da jarrera hori ulertzea. Jarraitutasuna behar da politiketan, baina Espainiako Gobernua ez da horretaz jabetzen. Jarraitutasun hori ematea merkea da, gainera.

Euskal Herritik zientzialari asko joaten dira atzerriko unibertsitateetara?

Talentuen ihesaren kontzeptua ondo ulertu behar dugu. Ikerlari edo zientzialari bat ezin da inoiz leku edo postu berean egon. Munduko zentro aurreratuenetara joan behar dira, gauza berriak ikasi eta gauzak egiteko modu berriak ezagutzera. Balantze positiboa ezin mantentzea da arazoa: joan diren zientzialari horiek errekuperatzeko gaitasuna izan,eta atzerriko zientzialariak erakartzeko gai izatea da kontua.

1980tik 1983ra Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua izan zinen. Nazioarteko ikasle laguntzak sortzea izan zen hartu zenuten neurrietako bat.

Euskal Herriko ikasleek kanpoan esperientzia lortzea, eta gero talentu horiek errekuperatzea zen helburua. Graduondokoak eta masterrak ikasteko ematen ziren diru laguntza haiek. Horretaz aparte, zentro teknologikoak eresortu genituen, eta Euskararen Legea ere ezin dugu ahaztu. Etorkizunean aurkikuntzak egin behar dituen jendea prestatzeaz arduratu behar gara orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.