Komunikazioa

Une zaila den arren, euskaldunengana iristeko «erronkan» ari dira kazetariak

'Berria', 'Gara', 'Argia', 'Sustatu.com', 'Deia', 'Gaztezulo' eta Hamaika Telebistako kazetariak mahai berean izan dira

Jon Ordoñez Berria.info-ko arduraduna, hizketan, atzo, Bilboko Euskararen Etxean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Bilbo
2012ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
«Euskarak komunikabideetan duen etorkizuna ez da erraza. Diru laguntzen, publizitatearen eta harpidedunen jaitsiera sufritzen ari gara. Baina euskaraz aritzea balio erantsia da, eta gure aldeko zerbait ere izan daiteke». Hala dio Igone Fernandez Gaztezulo aldizkariko zuzendariak. Azkue Fundazioak antolatuta, Sarean jaioberriak. Jakintza Librearen III. Jardunaldiak egin zituzten atzo, Bilboko Euskararen Etxean. Eta Fernandezekin batera, beste sei komunikabidetako kazetariak bildu ziren mahai berean.

Iñaki Mendizabal Deia-ko kazetariaren arabera, «irakurleak eskatzen duen neurrian egingo du euskarak aurrera komunikabideetan». Jon Ordoñez Berria.info-ko arduradunak ere euskararen geroa euskaldunenarekin lotuta doala dio. Baikorra da Ordoñez: «Baina lan asko dugu egiteko. Komunikabideak une zailetan daude. Eta erronka ezin dugu saihestu, iraganean beste batzuek egin zuten bezala, orain guri dagokigu erronkari aurre egitea». Inaxio Esnaola Hamaika Telebistako kazetaria ere baikorra da, «nahiz eta diruaren aldetik garai beltza izan». Ikusle potentzialarekin lan egin behar dela iruditzen zaio: «Beraiengana hurbildu behar dugu». Gorka Bereziartua Argia-ko kazetariari gustatuko litzaioke baikorra izatea: «Baina baikorragoa izango nintzateke, publizitate instituzionala eta diru laguntzak bestelakoak balira». Luistxo Fernandez Sustatu.com-eko sortzaileak argi du zein den egoera: «Euskararen panorama kalekoaren parekoa izango da, zaila eta biziri irautekoa. Eta hedabideen krisiak txikiei gehiago eragiten die, lehendik ere egoera prekarioagoan zeudelako». Iñaki Soto Gara-ko zuzendariak, berriz, honako hausnarketa hau egin du: «Hezkuntza ereduak erdararen hegemonia ahalbidetzen du. Beste akordio soziopolitiko bat behar da euskararen inguruan. Eta komunikabideen alorren errekonbertsio bat behar da».

Gorka Jagoba Palazio EHUko irakasleak egin zituen aurkezle lanak, eta hainbat fenomeno gertatzen ari direla nabarmendu zuen: «Telebista holografikoa datorkigu, telefonoekin datuak eskuragarri ditugu edonondik, publizitatearen dirua Internetera joango da, eta paperaren amaiera iristen ari da pixkanaka».

Jesus Egigurenek otsailean ETB2 itxiko lukeela adierazi zuen. Eta aukera horren inguruan galdetu zien Palaziok solaskideei. Mendizabalen ustez, ETB2 ere izan daiteke tresna bat jendea euskal mundura hurbiltzeko: «Beste gauza bat da hori egiten den». Ordoñezek nahi duena da ETB1 kalitatezkoa izatea. Igone Fernandezek argi du telebista publikoak euskararen alde egin behar duela apustu. Esnaolak ez lituzke kateak kenduko, baina honako hau eskatuko lioke ETBri: «Duina, kalitatezkoa eta herritarrengandik gertu egotea». Luistxo Fernandezek uste du ezker abertzalea ere ez litzatekeela atrebituko ETB2 ixtera. Eta Sotori iruditzen zaio euskaraz ez dakienarentzat eskaintza ere egin behar dela.

Sare sozialak izan ziren mahai gainean jarritako beste gai bat. Mendizabal beldur da sare sozialen eraginaz: «Kazetaritza birtual bat egiteko aukera dago. Baina kazetaritzan sakondu egin behar da, eta egiatik hurbil egon». Ordoñezen ustez, eginkizun handiena egokitzea da: «Hartzaileengana gerturatu beharko dugu, eta haien iritziak kontuan hartu». Igone Fernandezek uste du bizitzan bizkorrago goazela eta komunikabideen bizkortasuna horren isla dela. Esnaolaren arabera, sare sozialak tresna oso onak dira, «baina ondo erabilita». Bereziartuak Twitter taberna gisa hartzen du, baina kazetaritza profesionalean sinisten du oraindik. Luistxok horrela definitzen du egoera: «Tsunami bat dator, eta euskaldunok edo flotatzen dugu edo itoko gara». Sotok metafora hau nahiago du: «Hobe da mendi koxkor bat aurkitzea, eta hori igoz joatea. Eta hor komunitatea da giltza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.