Nanotik ez du ezer izan erronkak.Elixabete Garmendiak (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1953) irribarrez azaldu du «neofito» bat sartu dutela Nanogune zentroan, eta baduela bere jardunak «ingenuitate puntu bat», irakurleak ziurrenik eskertuko duena. Atzo eguerdian aurkeztu zuten nanoGUNE. Txikiaren xarma liburua. Jose Mari Pitarke zuzendari nagusiak, Pedro Miguel Etxenike lehendakari fundatzaileak, eta Javier Martinez lehendakariak goratu egin zuten Garmendiaren lana.
Erronka bat da ikerketa zentro baten jarduna gizarteratzea.
2019ko urrian etorri nintzen Nanoguneren egoitzara; Txema Pitarkerekin geldituta nengoen. Erabaki gabe neukan zer egin, baina bisita horretan erakutsi zidan Pitarkek hau dena. Eta, une batean, esan zidan: «Hau da areto garbia». Hemengo ikerketaren sancta sanctorum-a. Halako zirrara bat sentitu nuen. Erabaki nuen baietz esatea.
Zirrara batetik abiatuta, beraz?
Beti gustatu izan zait hori egitea nire erreportaje eta lanetan: musikariaren estudioan sartzea, margolari eta eskultoreen tailerretan, idazleen bulegoetan... Horren parekoa izan zen areto garbian egon eta hari buruzko azalpenak entzutea.
Sormenerako ere ematen du zientziak?
Liburuan batek baino gehiagok aipatu du sormena zeinen beharrezkoa den zientziarako. Modu ezberdin batean, baina Andreas Bergerrek literaturarekin konparatzen du bere elkarrizketan.
Une oro «zintzilik» egon zarela aipatu duzu aurkezpenean.
Erabat zintzilik. Galdera markatik, batez ere. Kazetariok hala gaudelako beti. Baina gero, etengabe, harridura markatik ere bai. Sumatuko da hori liburuan; nire galderetan eta erantzunei buruz esaten ditudanetan. Ziurrenik azaltzen da nire partetik halako ingenuitate puntu bat, naiftasun bat. Izan ere, gauza batzuk entzun, eta hain ziren berriak eta harrigarriak niretzat...
Irakurleak eskertuko du ingenuitate hori?
Uste dut baietz. Beharbada, horretan asmatu zuten Etxenikek eta Pitarkek enkargua niri egin zidatenean. Ziurrenik, zientziari buruz jada idazten duen jendeak bikain egingo zuen, eta lan gutxiago emango zien elkarrizketatuei, baina nire kasuan izan da gauzak esplikatzea erabat neofitoa den norbaiti, eta ulergarri egitea. Agian bai, hor egon da koska.
Dibulgazioa askotan ari gara aipatzen azken boladan.
Aitortuko dut niri tonu akademikokoa duten testuak ez zaizkidala sekula gustatu. Dibulgaziozko kazetaritza beti apreziatu izan dut, eta euskarazkoa berri samarra da. Elhuyarrek bai, urteak daramatza, eta eman dira pausuak, baina dibulgaziozko kazetaritza liburuetara ere eramaten hasi denean —horretan Aleka aitzindaria izan da—, ikaragarri baloratu dut, eta nire burua hor barruan ikusten dut: dibulgazioa egiten euskaraz. Gaurko euskarazko liburugintzaren erronka bat da.
Euskaraz idatzitako liburua da, euskaraz aurkeztutakoa... Nanoguneren barrunbeetan badabil euskararik?
Hor barrunbeetan erabiltzen den hizkuntza ingelesa da. 26 herrialdetako jendea dabil, baina Nanogunen dagoen jendea euskaltzalea da, eta ez hitzezkoa bakarrik. Beraien ibilbidea euskal munduari lotuta egin dutenak dira, zientziatik.
Nabarmenduko zenukeen testigantzaren bat...
Badago bat oso pertsonala dena. Ez niregatik, baizik eta kontatu zidanarengatik. Liburuan dator. Ainara Garcia Gallastegi teknologia transferentziaren arduradunarena. Kontatu zidan nola Erresuma Batuan ari zen bera ikerlari gisa, eta dena utzi behar izan zuen haurdun gelditu zelako. Erabat hunkitu zen kontatu zidanean, eta ni ere bai orain. Zer den... Eta galdetzen nion ez ote zen posible berriro itzultzea, eta erantzun zidan behin denbora pasatuta, norbera zientzia mundutik ateratzen denean, erabat atzeratuta gelditzen dela.
ATZEKOZ AURRERA. Elixabete Garmendia. Kazetaria
«Une oro egon naiz galdera eta harridura marketatik zintzilik»
Puntako ikerketa zentro baten sorrera eta garapena 11 elkarrizketatan emana: 'nanoGUNE. Txikiaren xarma' liburua ondu du Garmendiak. Helburua: zientziaren mundu «urrun eta ulergaitza» gizarteratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu