Autobus bat balitz bezala, Joxe Lacalle argazkilariak (Etxauri, Nafarroa, 1951) bere egunerokoan geldialdiak egin behar izaten ditu Iruñeko Alde Zaharrean. Bizilagunek ezagutzen dute, gelditu egiten dute, eta hitz goxoz besarkatzen dute. Bera eta beti lepotik zintzilik daraman kamera dira sanferminetako argazki ikonikoen eragileak; besta zuri-gorriak zuri-beltzean islatu ditu bere kamerarekin. Bere lanagatik, argazkilariak Iruñeko Jarana peñaren Bonbo saria jaso du, eta aurten baliteke peñaren zapi urdina lepoan janztea. Bere kamerak klik egiten duen bakoitzean gogoan izaten ditu hamarkadetan lagun izan dituen eta hilak diren argazkilari sanfermineroak: Txema Perez, Luis Azanza, Mikel Goñi, Oscar Zubiri, Enrique Pimoulier, eta Patxi eta Carlos Calleja.
Zapi urdina jantziko duzu aurten?
Baliteke. Izugarria izan da, oso hunkituta nago.
Zeintzuk izan ziren zure kamerarekin harrapatu zenituen lehendabiziko sanferminak?
1988koak izan ziren nire lehendabiziko sanferminak lanean, aurretik hedabide batzuekin kolaboratzen bainuen. Izan ere, 1981ean San Domingoko aldapan entzierroaren argazkiak atera nituen.
Nolakoa zen zure egunerokoa 1988ko sanferminetan?
San Domingoko eremuan jartzen nintzen. Entzierroa pasatu bezain pronto, erabilitako negatiboak hartu eta errebelatzera bidaltzen nituen. Hori egiteko, korrika joaten nintzen autobus geltokira, eta negatiboak autobusean sartzen nituen, Hernanira [Gipuzkoa] bidaltzeko.
Iruñeko Udaletxe plaza entzierroak baino arriskutsuagoa zen?
Bai. Kontuz ibili behar da. Kamerak plastiko batekin estaltzen genituen. Negatiboak kontatu behar izaten genituen, ez genituelako ateratzen nahi genituen argazki guztiak. Botilak botatzen zituzten eta denbora guztian adi egon behar izaten zen; argazkilari bati botilakada bat eman zioten aurpegian.
Gertakarien argazkiak gertutik atera nahi zenituen, beraz?
Bai. Une gogorrak egon dira, baina, geratzen ez banaiz, ez dago argazkirik. Berriemaile grafikoa izateak askotan arrisku asko hartzea eskatzen du. Robert Capa fotokazetariaren esaldi bat buruan izaten dut beti: «Argazkia behar bezain ona ez bada, ez zaude behar bezain gertu». Gertu ez bazaude, galdu egingo duzu.
Memorias de Lacalle (Lacalleren memoriak) argazki liburua argitaratu zenuen. Zer memoria gordetzen dituzte Iruñeko kaleek?
Iruñeko kaleetan kolpe oso latzak hartu ditut, eta memoria tristeak ere gordetzen ditut. Poliziak Mototsa duen putasemea goitizena jarri zidan, eta telefonoa ere kontrolatzen zidaten.
Beti adi egon behar izaten duzu?
Bai. Argazkilaria izateko, beti iritsi behar duzu lehendabizi lekuetara. Antimilitarismotik hasi nintzen; indar armatuen desfilean haurrei armak erabiltzen irakasten zietela ikusi nuen, eta ikaragarria iruditu zitzaidan. Lan handia egin dut intsumisoekin; eraikinetara igotzen ziren, eta txantxetan saiatzen ginen egunero nora igoko ziren asmatzen.
Iruñeko kaleak zuri-beltzean islatzen dituzu. Zergatik?
Nire bizitzaren zatirik handiena, 1990eko hamarkadara arte, zuri-beltzean izan da. Hasieran, halabeharrez zen, argazkiak negatiboekin egiten nituelako. Orain, ohitu naizenez, koloretan ez ditut argazkiak hain ondo ikusten. Argazkiak zuri-beltzean ateratzea nahiago dut, kontraste handiagoa ikusten dudalako.
Inoiz uko egin diozu argazki bat ateratzeari?
Bai. 1990ean uko egin nion zezenketen argazkiak egiteari. Jasanezina zen. Ez dakit zergatik egon behar duen kazetari aditu batek horri buruz idazteko: jai espainiarra da, eta zezenketekin egiten dutena ankerra da. Peñekin daudenek ez dute ikusten zer gertatzen den pistan, baina gu lehendabiziko lerroan gaude, eta teleobjektibo handi batekin zezenaren odola ikusten duzu.
Kamera eskuan izanik, nola egin zenuen zezenketen kontra?
Plazan asko haserretzen nintzen. Behin, huts egin zuen toreatzaile baten argazkia atera nuen, eta ezpata lurrean iltzatua zuela atera eta bidali egin nuen. Errieta egin zidaten, baina gustura geratu nintzen.
Zein da sanferminetako zure argazki kuttunena?
Oso zaila da bat aukeratzea. 1988an argazki bat atera nuen entzierroaren ondoren. Mutil bat zegoen hesira igota, Estafeta kalearen amaieran, etzanda. Lo hartuko duzu, ezta? Eta, azkenean, lo geratu zen.
Eta, zein da besten unerik gustukoena argazkiak ateratzeko?
Erraldoien agurra. Aitak edo amak haurrak erraldoiaren ondoan jartzen dituenean haurrek jartzen duten aurpegia, haurrek kilikiak ikusten dituztenean hartzen duten sustoa; une horiek oso politak dira. Gurasoek umea erraldoiengana hurbiltzen dutenekoa ederra da; hori da unerik politena, giroa ikustea, kalea.
Eguneroko une horiek lortzeko, beti kamera eskuan ateratzen zara?
Bai. Erretiratu naizenez, niri gustatzen zaizkidan argazkiak ateratzen ditut. Sanferminetan beti ateratzen ditut giro argazkiak, lagunenak eta su festenak, besteak beste. Orain selektiboagoa naiz, eta agian argazki bakar bat ateratzeko hiru egun eskaintzen dizkiot.
Asko aldatu da besta azken hamarkadetan?
Orain jende guztia dago sakelakoa eskuan. Argazkigintzaren mundua asko aldatu da; izan ere, teknologia berriekin, argazkiak etengabe bidali behar dira, eta ez dute astirik tradizio batzuk egiteko.
Zein da sanferminetako argazkilarien ohitura?
Sanferminak pasatu eta gero, argazkilari guztiak elkartzen gara Iruñeko zezen plazan argazki bat ateratzeko, baina orain askok ez dute izaten astirik. Urte batean nik hartu nuen irudia ateratzeko ardura. Garai horretan ile gorria nuen, eta mototsa. Plazara iristerakoan txaloka hasi ziren, eta opariak eman zizkidaten. Oso hunkituta nengoen, eta hortxe bertan moztu nuen nire motots gorria.
LOTSABAKO
Aurten atera nahi duzun argazkia?
Su festak.Sanferminen momenturik kuttunena?
Erraldoien agurra.Analogikoa edo digitala?
Analogikoa.