ATZEKOZ AURRERA. Javier Eneriz. Legelaria, ararteko ohia eta historia zalea

«Une batez, baskoiek marka aldatu zuten»

Erakundeekin «Pinotxoren kilker astuna» izateari utzita, Nafarroaren iragan baskoian arakatu du Enerizek, eta «puzzle historikoa» osatu. Azken urteetako aurkikuntzek bide berriak ireki dituztela uste du.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2023ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Nafarroako ararteko kargua utzita, pixka bat lasaiago dago Javier Eneriz (Iruñea, 1959), eta Nafarroako Auzitegi Administratiboan zuen lanpostura itzuli da. Goizean, zuzenbidea, lana, eta arratsaldean, historia, zaletasuna. Pamielarekin baskoien inguruko liburu bat kaleratu zuen Irulegiko Eskuaren berri izan aurretik: Cuando fuimos vascones. Orígenes de Navarra (Baskoiak ginenean. Nafarroaren jatorriak).

Historiaren profesionala ez, xenda askotako ibiltaria zarela diozu.

Historia asko maite dut, baina ez naiz ikerlaria. Zuzenbide kontuak alde batera utzi, eta galdetu nahi nuen baskoiak nor ziren eta Nafarroarekin zer harreman zuten.

Denboraren ziria. Irulegiko Eskua liburua bukatu ondoren agertzea onerako edo kalterako izan da?

Alde ona badu, Irulegiko Eskua ez baita ulertzen baskoiak nor ziren jakin gabe; baina alde txarra da edizioa inprentan itxi zen egun berean agertu zela. Bi egun gehiago izan bagenitu, sartuko genukeen.

Nola hartu zenuen albistea?

Poztu nintzen. Ez da albiste iraultzailea, baina bai ohiz kanpokoa eta oso interesgarria, euskara zaharra ikertzeko bideak irekitzen dituena. Baskoiei lotutako hizkera zela esanda, nolabait baieztatu zuten liburuan esaten dena: euskaraz Nafarroako erdigunean hitz egiten zela.

Izenburuak «baskoiak ginenean» dio. Dagoeneko ez da baskoirik?

Bai eta ez. Gehienok horien ondorengoak gara. Genetikoki duela milaka urteko jende hori gara, baina kulturalki aldatu gara. Kulturak jendea inguratzen duten eszenatokiak baitira. Une batean, nafar bilakatu ziren: ez ziren baskoiak desagertu, baina marka aldatu zuten. Nafarroa ez zen Nafarroa osoa, eta Antso VI. Jakitunak XII. mendetik aurrera erabili zuen izena da.

Eneko Arista aipatzen duzu. Antso ez bezala, hura ez zen errege?

Ez zen errege: iruindarren buruzagi militarra zen. Seguruenik, Iruñea ez zitzaion interesatzen, musulmanek inbaditutako hiria baitzen. Leiren sortu zuen Iruñeko erresumaren espiritualtasuna.

Zuzenbide erromatarretik nola iritsi zara baskoien eremura?

Galderak eginez eta, batez ere, azken aurkikuntzen atzetik. 2.000. urtetik hona egin diren ikerketa gehienek zalantzan paratu dute ezagutzen genuen historia. Zer esan ikerketa genetikoez: dena nahastu dute. Puzzle historiko bat egin dut.

Zergatik hitz egiten zuten gaizki baskoien inguruan?

Etsaia zirelako. Baskoiek beren lurraldea antolatzeko moduaren alde borrokatzen zuten. Erromatarrekin kolaboratu zuten, eta haiekin sekulako garapena lortu zuten. Baina bisigodoak heldu ziren bultzaka, aurretik sueboak,bandaloak eta alanoak, eta gero franko merovingiarrak, franko karolingiarrak, musulmanak... Haien kroniketan, bereak eta bi esaten zituzten: doilorrak, lapurrak, traidoreak... zirela. Baskoien mito txar horrek historian iraun du; Aymeric Picaudek berak ere sekulakoak esan zituen.

Nafarroako historiaren mitoez ere hitz egin nahi izan duzu. Zeintzuei egin nahi zenien aurre?

Aurre egin ez; azaldu. Mito eta elezaharrei errespetu handia diet, baina hori baizik ez dira. Lamiak, basajaun, tartalo... nik uste greziar-erromatar kulturari lotuak direla, eta Olentzero eta Maiatza, seguruenik zeltei. Gero, Amaia edo euskaldunak VIII. mendean dugu, XIX. mende bukaeran mitoak sustraitu zituena, inoiz konkistatu gabeko herriarena. Aizu, hemen mundu guziak paratu du bere kultura eta oinarri politiko batzuk. Hori toki guzietan gertatzen da. Kulturak etorri eta badoaz, baina jendeak irauten du. Erromatarrek konkistatu gintuzten gu, Asterix eta Obelix, ahalguztidunak zirelako.

Arartekoa izan zinen iaz arte. Norbaitek aditzen al dio arartekoari?

Bai; denbora behar bada ere, administrazioek azkenean onartzen dituzte esaten dituzun gauza asko. Batzuek berehala dute eragina; besteetan pazientzia handia behar da.

Gobernu ezberdinekin aritu zara lanean. Guziek aditu zaituzte?

Bai, guziekin elkarlan ona izan dut eta guziekin izan dut tirabiraren bat. Normala da, Pinotxoren kilkerraren gisakoa zarelako administrazioarentzat, eta astuna izan zaitezke, baina hala izan behar duzu.

Nola bizi izan duzu gatazken erdian egotea?

Gaizki. Orain lasaiago nago. Ez baduzu herritarrak nahi duena lortzen, pentsa dezake arartekoak ez duela deuserako balio. Administrazioarekin zerbait adosten baduzu eta ez badu betetzen, borrokatzen jarraitu behar duzu bete dezan. Emaitzarik lortzen ez baduzu, samina da ikustea administrazio sorgor eta kultura demokratiko eta parte hartzaile gutxikoa duzula parean.

Defendatuko zenuke arartekoa?

Administrazioak kontrolak behar ditu une oro, ez ditzan gehiegizko jarrerak izan, eta administrazioaren eta herritarren artean elkarguneak sortzea ezinbestekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.