Unai Iparragirre izango da hemendik aurrera ETBko zuzendaria, Edu Barinagaren ordez —zazpi urtez bete du kargua Baleukoko ekoizle ohiak—. 1990eko hamarkadaren bukaeran ETBko aurkezlea izan zen Iparragirre, besteak beste, Jaiak, Superbat, Galdestreet eta Egun ero saioetan; aurretik, telebistako lehen pausoak Arrasate telebistan (Gipuzkoa) eman zituen Kukaratxa motel saioan. 2005etik, ordea, Discovery katearentzat egin du lan, Londresen. ETB1eko Gure kasa saioan 2019an kontatu zuenez, azkenaldian lan honetan ari zen: «Audientzian ondo ez doazen kateen estrategia martxan jartzen». Discoveryko produktuak garatu eta berritzeko presidenteordea izan da. Taldearen Turkiako kateak ere gidatu ditu.
EITBko administrazio kontseiluko bileran eman dute, gaur, taldearen izendapen guztien berri. Azkeneko urteetan Euskadi Irratiko emisioen eta produkzioaren burua izan eta gero, Gorka Etxebeste kazetaria euskarazko irrati publikoaren zuzendari izango da. Ibilbide luzea egin du Etxebestek Euskadi Irratian: albistegietako kazetari gisa lehen urteetan, eta ardura postuetan gero. EITB Musikako zuzendaria ere izango da Etxebeste. 2013. urtetik hona, ez da egon Euskadi Irratiko zuzendari eta Radio Euskadiko zuzendari kargurik; urte horretan, EITBko irratien zuzendari nagusi Odile Kruzeta izendatu zuten. 2019ko udan erretiroa hartu zuen, eta haren kargua Urko Aristik hartu zuen —irratien zuzendariordea zen lehen—. Aurrerantzean ere kargu berean jarraituko du Aristik, EITBko irratien buru. Orain arte bezala, irratien edukien ardura osoa Aristirena izango da. Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko zuzendari berriek planifikazioaren eta baliabideen ardura izango dute. Radio Euskadiko zuzendari Jon Osa izendatu dute. Gazteako zuzendaria, bestalde, Xabier Doncel izango da.
Euskadi Irratiko albistegiburu berria, bestalde, Ander Arzak izango da —azkeneko denboraldian Radio Euskadiko Boulevard saio nagusia gidatu du, eta ETBko albistegietan ere aritua da—. Radio Euskadiko albistegietako zuzendari berria Dani Alvarez izango da —hamar urtez Boulevard aurkeztu zuen, iazko uda arte; eta ETB2n El lector de huesos aurkeztu zuen—. Bestalde, EITB taldeak albistegien zuzendari orokor bat izango du, hedabide guztientzako «transbertsala» izango dena. Arantza Ruiz kazetariak beteko du kargu hori; urteetan Radio Euskadin aritu zen, eta azkenaldian ETB2ko saioetan aritu da aurkezle.
Arzaken tokia Xabier Garcia Ramsdenek hartuko du aurrerantzean Boulevard-en. 2011tik 2018ra, irrati bereko Ganbara saioa gidatu zuen Garcia Ramsdenek. Orain, berriz, ETBko asteburuetako albistegien editore ari zen. Irratira itzuliko da orain. Maite Amundarainek beteko du ETBko albistegien zuzendari kagua, eta Estibaliz Cosanok zuzendariordearena.
EITB taldeak kirolen arduradun nagusi bat ere izango du, albistegiekin gertatzen den moduan. Joseba Urkiolak beteko du kargu hori, gaur egun ETBko Kiroletako zuzendaria denak (zenbait pilota partidaren kontakizuna ere egiten du). EITBko Kiroletako zuzendariorde Iratxe Etxebarria izendatu dute. Miriam Anitua operazio eta produkzio zuzendari izendatu dute; eta Jose Luis Roman, arlo komertzialekoa.
EITB Nahieran aplikazioa eta EITBLab laborategia
EITB taldeak gailu eramangarrietarako aplikazioak indartu ditu. Bereziki nabarmena da EITB Nahieran aplikazioa, webguneko zerbitzua baino erabilgarriagoa. Taldeko irratien eta telebisten saio guztiak ikus daitezke bertan; telebistako edukiek bilatzaile bat dute, eta hizkuntzaren eta generoaren arabera daude sailkatuta: filmak, telesailak, albistegiak, kirolak, kultura, musika, umorea, dibulgazioa, dokumentalak… Irratiko edukiak, berriz, irratiaren eta programaren arabera daude antolatuta. Nire zerrenda ere egin daiteke, erabiltzaile bakoitzaren irrati eta telebista programa gogokoenen hautaketa pertsonalizatua. EITB Albisteak aplikazioa, bestalde, berritu egin dute: albiste nagusiak eskaintzen ditu atalka, eta azken albistegiak ere ikus daitezke.
Gainera, EITBLab sortu dute: formatu berrietarako eduki eta ideia laborategi bat izango da, eta Miramongo produkzio faktorian egongo da. Jon Lamarkak zuzenduko du. Lamarca Gazteako koordinatzailea izan da azken 13 urteetan, eta, besteak beste, gidoilaria eta albistegien eta entretenimenduzko saioen zuzendaria ere izan da telebistan. Miramongo zentroko arduraduna Maite Iturbe izango da —Andoni Aldekoaren aurretik EITBko zuzendari nagusi izan zena 2013tik 2020ra—.