Ezarian. 'TMEO' aldizkaria

Umorez, 25 urte

Mende laurdena bete berri du 'TMEO' aldizkariak. Publikoari umorez jantzitako istorioak eskainiz eta bere izaera independenteari eutsiz, ibilbide luzea egin du 1987an sortutako fanzineak.

Gasteiz
2012ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Zirikatzailea, zentsurarik gabea eta, askotan, baita polemika pizgarria ere. Hori da 25 urte bete dituen TMEO aldizkariaren izaera. Izan ere, umorea da TMEO osatzen duten istorioen ardatza, pertsonaia askotarikoekiko begirunerik ez duen umore gordina. Hala, komiki eta marrazkien bidez lortzen dute egileek errealitatearen argazki muturrekoa egitea.

Komiki eta fanzineak kontrakulturaren ikurretako bat izan dira beti. Indar handia hartu zuten 1980ko hamarkadan, eta, 1987an, Hego Euskal Herriko fanzineetan (Octpus, Apurtu, Hamelin…) aritzen ziren hainbat irudigilek bat egin zuten aldizkari sendo bat kaleratzeko asmoz. Batasun horren ondorioa izan zen TMEO. Joaquin Delgado Kini, Santi Orue, Enresto Murillo Simonides eta Mauro Entrialgo izan ziren aldizkariaren sortzaileak, besteak beste.

Hasieran Iruñean kokatu zen egoitza Gasteizko Errementari kalean dago egun, eta Ezten Kultur Taldeak kudeatzen du. Bertan gorpuzten da bi hilabetean behin kaleratzen den aldizkaria. TMEOko koordinazio lanetan aritzen da Kini, eta, hark azaldu duenez, egungo teknologia berriek «lan egiteko modua zeharo aldatu dute». Lehen, egoitzan biltzen ziren marrazkilariak, eta han aritzen ziren komikiak eta irudiak lantzen. Gaur egun, ordea, irudigileek etxean egiten dituzte marrazkiak, eta, amaitutakoan, egoitzara bidaltzen dituzte lanak.

Askatasuna oinarri

Musu truk egiten dute lan komikigileek, eta zentsurarik gabe publikatzeko aukera izaten dute trukean. Moda editorialen aginduetara egon gabe, askatasun osoz unean uneko autoreek ematen diote edukia aldizkariari. Umore lotsagabez. Egunerokotasuna oinarri hartuta, sexua, erlijioa eta politika dira TMEO-n agertzen diren gai nagusiak. Istorio garratz eta kritikoak eskaintzen ditu, sarritan politikoki zuzena dena alde batera utzita. Aparteko nortasuna ematen dio horrek aldizkariari. Hori da TMEO-k euskal komikigintzari egindako ekarpenik handiena.

Egindako ibilbide luzean, TMEO sostengatzea izan da eguneroko erronka, aldizkariari bizirik iraunaraztea, hain zuzen. Marrazkilariek hamaika aldiz ikusi dute kazeta desagertzeko zorian, baina argi erakutsi dute edozeri aurre egiteko prest daudela, marrazteko eta sortzeko interes hutsak bultzatuta. Kiniren ustez, ezinbestekoa da langilea «tematia» izatea, autogestioarekin eta publizitate txikiekin horrenbeste urtean iraun ahal izateko. TMEO-n jarritako gogoa da horren erakusgarri.

117. zenbakia kaleratu berri dute tmeolariek, urtemugaren harira aurkeztutako edizio berezian. Horrez gain, festa batekin ospatuko dute aldizkariaren 25. urteurrena, larunbat honetan, Gasteizko Hor Dago! jatetxean. Zuzenean arituko dira marrazten TMEO-n aritutako hainbat komikigile, eta, horrekin batera, musika emanaldiek girotuko dute iluntzea. Nola ez, aldizkariaren sorreratik gaur arte ekarpenak egin dituzten temeolariak bertan izango dira. Aparteko festa, beraz, umorez blai, gerturatu nahi duen edonorentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.