Umorearen urteroko hiriburua

Laugarren Tontolapiko eguna ospatuko dute bihar Durangon, eta espresuki prestatutako bost ikuskizun izango dira. Clowna jarriko dute erdigunean, eta erakutsiko dute modu anitz daudela umorea egiteko.

Joan den urteko Tontolapiko eguna, Durangon. GANSO&CIA
Joan den urteko Tontolapiko eguna, Durangon. GANSO&CIA
Iratxe Muxika
2025eko apirilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Magiak, zirkuak eta umoreak Durangon (Bizkaia) hartuko dute aterpe bihar, laugarren aldiz eginen baitute Tontolapiko eguna. Clowna herrian lurreratzen ahaleginduko dira durangarrak, eta, horretarako, egun osoko ikuskizun sorta prestatu dute. 

12:00etan hasiko dira herrian clownaren inguruan murgiltzen; guztira, bost saio prestatu dituzte Ganso&Cia konpainiak eta San Agustin kulturguneak. Karrika talde euskaldunak Parkingdarrak antzerki laburraren saio batzuk eginen ditu, 12:00etan, eta, gainerako taldeak atzerritik etorritakoak izanen dira: Mundo Costrini, Argentinatik; Les Enfants Serieux, Frantziatik; Ual-La, Kataluniatik, eta Jjivema Cavalletti, Valentziatik. Talde bakoitzak ikuskizun bana eginen du, clowna eta antzerkia uztartuz. Honako saio hauek eginen dituzte, Karrikaren ondotik eta hurrenez hurren: 12:30ean, Frikis; 17:00etan, Happy apocalypse to you; 18:30ean, B.O.B.A.S.; eta, 20:00etan, Play!.

Gorka Ganso Ganso&Cia konpainiako kideak argi du zein den biharko egunaren helburua: «Erakutsi nahi genuke umorea egiteko modu asko daudela, eta clowna horietako bat dela». Tontolapiko eguna antolatzen hasi aitzinetik, Topaclown eguna ospatzen zuten Durangon, baina pandemia zela-eta eten egin zen jaialdiaren bidea. Dena dela, egitasmo haren funtsari heldu, eta beste egun bat sortu zuten, eta horrela joan ziren Tontolapiko eguna osatzen. Aitzineko jaialdiaren oinarria ikuskizuna zen, eta horrixe heltzea erabaki zuten clownaren egun berrian. 

San Agustin kulturgunean biltzen dira antolatzaileak, eta han hartzen dituzte erabakiak. Gansok azaldu duenez, urte osoa pasatzen dute han-hemenka, lanagatik ikuskizunak egiten. Bidaia horietan konpainia anitz ezagutzen dituzte, eta horrela lotzen dituzte Tontolapiko egunean parte hartuko duten umoristak. Aurtengo laurak, erraterako, modu horretan adostu zituzten. Ikuskizun guztietan, baina, ideia bat eduki behar dute garbi: protagonista pertsonaia da, ez gaitasuna eta dohaina. «Hori hasieratik esaten diegu, gaitasuna lehenesten bada oso bestelakoa izango baitzen ikuskizuna; beste eskaintza bat egingo genuke. Baina guk eskura eman nahi dugu umorea, eta, horretarako, zerbait erreala eskaini behar dugu, jendearentzat hurbila eta sinesgarria dena». 

Publiko zabala

Bada uste orokor bat, hertsiki lotzen dituena umorea eta haurra, edo pailazoa eta haurra. Gansok, ordea, ez du haurrekin lan egiten, nahiz eta horiek ere gonbidatzen dituen ikuskizunetara. «Ematen du Tontolapiko egunak haurrentzako izan behar duela, baina guk denentzat egiten dugu lan; helduen inguruan ere asko ibiltzen gara». Haren ustetan, beraz, Tontolapiko eguna «egiaztatzeko» eguna da, frogatzeko umoreak zenbat egile eta zenbat entzule eduki ditzakeen. 

Aurten, beste laguntzaile bat gehitu da antolakuntza taldera: Durangoko Turismo Saila. «Horrek esan nahi du herria ere pozik dagoela egiten denarekin, eta eguna indartzearen alde egingo duela», azaldu du Gansok. Maratoi itxura du egunak, goizean hasi eta jarraian eginen dituztelako saioak, eta, antolatzailearen aburuz, formatu horrek «oso ondo» funtzionatu du aitzineko urteetan. «Horregatik errepikatuko ditugu aurten lehengo urteko zenbait forma». 

Durangarrak ez ezik, Euskal Herriko txoko anitzetako jendea joan zen aitzineko aldietan Durangora, eta aurten ere hala izatea espero du Gansok. «Animatu nahi nituzke umorea gustuko dutenak, zeren beste ezer ez da behar hona etortzeko. Egun osoko plana da, eta oporretan egiteko egunpasa ederra izan daiteke». Herriko jende anitz joaten da ikuskizunak ikustera, gai anitzetakoak eta euren artean desberdinak izaten direlako, eta, azkenengo urteetan goiti egin du bisitarien kopuruak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.