Zuhaitz Gurrutxagak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1980) hitz joko bat egin du Futbolisto baten konfidentziak izeneko lehen bakarrizketa hura eta oraingo FutbolisTOK lotzeko. Orain egoera dramatiko batetik komedia egin dezakeelako: «Zenbat eta azkarrago egin, orduan eta gutxiago sufrituko dugu». Onartzen du, hala ere, garai zailak direla «TOK batentzat».
Alegia, TOK hori nahasmendu obsesibo-konpultsiboa da?
Denbora asko neraman horri buruz publikoki hitz egin nahian. Eta, ahal bazen, umorez. Ez nuen momentu egokia topatzen. Gogoz nago orain.
Zer-nolako gaixotasuna da?
Graduak daude. Belauneko bihurrituetan bezala. Nik Lehen Mailan nengoela pairatu nuena gradu oso handikoa zen; tipikoa.
Ordurako jada diagnostikatuta zeneukan?
Bai. Lehen Mailako futbolaria nintzen. Hirugarren urtea Realean. Oso denboraldi garrantzitsua zen talde harentzat. Ia txapeldun gelditu ginenekoa. Diagnostikatu zidatenerako, neuk bakarrik jan nuen denboraldi luze batez, zer gertatzen zitzaidan jakin gabe. Badaude hor erritual batzuk zeinetan esaten duzun: «Arraioa, burua joan zait». Ezkutuan egin behar dituzunak, lotsagarriak direlako, eta halaxe egiten nituen nik, inori ezer esan gabe, hainbat hilabetez. Ezkutatzea ezinezkoa bihurtzen den arte. Egun batez, amak esan zidan: «Bihar psikologo batengana goaz». Diagnostikatu zidaten, eta tratatzen hasi nintzen. 21 urte nituen.
Taldean bazekiten?
Familiak eta gertukoek jakin zuten, baina klubean, noski, ez nuen esan. Bueno, ez dakit «noski» zergatik diodan. Orain ezberdina da. Talde guztietan daude psikologoak, eta agian errazagoa litzateke horrelako zerbait kontatzea. Baina orduan kontatzeak ez dut uste mesede handirik egingo zidanik, eta ahalik eta ezkutuen gordetzea erabaki nuen.
Esan izan duzu ez zenuela asmatu hori guztia kudeatzen.
Barruan egongo zen zerbait konpondu beharrekoa, auskalo noiztik, baina nik kudeatzen asmatu ez nuena presioa izan zen. 19 urterekin debutatu nuen, eta ez nuen asmatu hori kudeatzen. Horrek, futbolari gisa, gainbehera ekarri zidan, konfiantza faltagatik, huts egiteko beldurrarengatik. Ez naiz psikologoa, baina horren ondorioz dator bestea.
Eta horri umoretik heltzen zaio?
Umorean gauzak argi daude agertoki gainean zaudenean: ikusleek barre egiten dute edo ez dute egiten. Aurreneko bakarrizketa hartan horrek funtzionatu egin zuen. Baina euskal umoregintzan oso ezaguna den pertsona batek ikusi zuen behin ikuskizuna, eta hurrengo egunean deitu zidan, esanez: «Esaten uzten badidazu, ez gaizki hartu, baina faltan sumatu dut mezu bat. Barre egin dut, baina zergatik kontatu didazu hau?». Apuntatu egin nuen hori.
Eta oraingora ekarrita?
Mezu bat ematen saiatu naiz. Woody Allenek esaten du komedia dela drama gehi denbora. Edozein egoera dramatiko komedia bihurtu daitekeela. Hau egoera dramatiko batzen niretzat, baina Lehen Mailan nire atean gol bat sartzea dramatikoa zen bezala. Nire mezua da: edozein egoera dramatiko komedia bihurtu liteke, eta zenbat eta azkarrago komedia bihurtu, orduan eta gutxiago sufrituko dugu. Nik horretan sinesten dut: umorea, terapia modura.
Futbolariek ematen dute bazka?
Bai, baina oso mundu hermetikoa da. Beste hainbat bezala, serioegi hartzen den mundu bat da.
Eta horri barre, nola?
Lehen Mailako aldagela baten atea irekita. Erakutsita zer den mundu hori. Zer senti dezakeen futbolari batek penaltia huts egiten duenean, kaleratzen dutenean... Futbola gizakiak edozein arlotan dituen sentimendu on eta ez horren onen berri emateko aitzakia da. Umorerako ematen dutenak beti dira porrot txiki horiek. Zerbait ikasi badut, ikasi dut norberaren arrakastez hitz egiteak ez duela grazia handirik egiten.
Norbaitek markatu zintuen?
Clementek eman zidan debutatzeko aukera. Nigan konfiantza handia zeukan, baina maitasuna demostratzeko era ez zen «maite zaitut» esatea. Beste mila eratara erakusten zuen. Gauza asko zor dizkiot.
Zer momentutan zaude?
Profesionalki, ongi. Telebistan, gustura; asentatuta. Bakarrizketarekin, oso pozik. Baina pentsa garai hau zer den TOK batentzat. Nik irrazionalki egiten nituen gauza guztiak orain arrazionalki egin behar dira. Nik lehen 30 aldiz garbitzen nituen eskuak, eta orain hala garbitu behar dira. Nik lehen ez nituen gauzak ukitzen beldurrez, eta orain ez ukitzea da ona. Orain egiteko esaten dizkiguten gauza guztiak nik lehen egiten nituen, eta terapia behar izan nuen ez egiteko. Egiten nuen hori ez zegoelako ongi. Neure buruaren kontrakoa zelako. Orain ari naiz ikusten nire ingurukoak ari direla nik lehen egiten nituenak egiten. Gestionatzeko ez da batere erraza. Ez da garai erraza.
ATZEKOZ AURRERA. Zuhaitz Gurrutxaga. Umorista
«Umorean sinesten dut, terapia modura»
'FutbolisTOK' bakarrizketa Donostiako Antzoki Zaharrera eramango du Gurrutxagak larunbatean eta igandean. Futbolaz, eta nahasmendu obsesibo-konpultsiboaz. Lehen pertsonan bizi izanikoaz, eta umorez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu