Pantzo Hirigarai. Kazetaria, aktorea eta antzerki idazlea

«Umoreak entzuleak fidelizatu ditu, eta hurbiltasuna sortu»

Irulegiko irratian 36 urte egin ondoren, erretreta hartu berri du Hirigaraik, irratia umorez mehetuz. Aktore ibili ondoren, antzezlan andana bat badu idatzirik, eta sariturik. Kulturak ez du enplegaturik galdu, luma lanean baitabil, baina nahiko luke irria garaitu; jarri dioten etiketaz harago: generoak ez baitira eskas.

FRANÇOIS BERLAND.
Ainize Madariaga
Donibane Garazi
2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Pantzo Hirigaraik (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1957) bahe franko baditu gainditurik: «frantses puru-purua» izatetik, euskaratik sortzaile borrokatua izateraino: irratigintzan eta antzerkian, arizale gisa, nola idazle. Irri eginaraztea, alta, ez da beti hain barregarria: umore eragile ezaguna bada ere, etiketa hori poxelu zaio bertze generoen askatzeko.

Kanpotik ohartu zinen euskararen herrikoa zinela.

Pauerat [Biarno] joan nintzen ingeles irakasle ikasketen abiatzeko. Haatik, lau urtez Baionan apezen artean preso egotetik, fakultateko libertatera: saltoa handiegia zen! Laxatu nintzen, eta fite erabaki nintzela ofizio horretan ariko. Hori bai, Euskal Herriaren kontzientzia hartu nuen: ez bainintzen batere euskaltzalea, frantses puru-purua baizik.

Zein intsektu izan da metamorfosia horren eragile?

Paueko euskal etxeko giroa. Lagun batzuei segika joan nintzaien, norabait joateko. Orduan nituen deskubritu Xabier Leteren Izotz ondoko eguzki eta Gorka Knorren lehen disko horiek. Biziki hunkitu ninduten. Afixa batez oroit naiz, erakusten zituena 1974-75eko Euskal Herriko hilak. Afixa hori Leteren bozak lagundurik: ximixta gertatu zen ene baitan.

Baigorriko «frantses puru-puruak» euskaraz bazekikeen, ez?

Ulertu bai, baina ez nuen zuzen mintzo, eta ez nintzen ari.

Zergatik?

Amak baikintuen hazi, zeina gaztetan hain baitzuten traumatizatu non ez baitzigun euskaraz egin. Jean Haritxelhar zenarekin batean egonak dira belauniko gaztigaturik euskaraz aritzeagatik.

Baina bat-batean Paueko begi irekitze horrekin, euskararen menperatzeko obsesioa piztu zitzaidan, ahoz zein idatziz. Hasi nintzen bilatzen euskaraz zen oro: [Eñaut] Etxamendiren liburuak, diskoak, Herria aldizkaria... Berehala maitemindu nintzen gure hizkuntzaren musikaz, eta sekula baino argiago agertu zitzaidan euskal munduan nuela aritu nahi, oraino sortu gabe zirelarik euskal irratiak.

Herriratu zinen berriz.

Irakasle izateko ikastaldian, Hernanin [Gipuzkoa] egon nintzen zazpi hilabetez. Baina ez nuen ofizio horretarako talenturik. Hori bai, Hernanikoa sekulako deskubrimendua izan zen: Hegoaldearena. Eta poteoa! Lehenbizian beti mozkor sartzen nintzen etxerat, usaia faltaz! Sekulako oroitzapenak ditut: garai hartako giro politikoa pisua eta beldurgarria bazen ere —muga pasatzea abentura zen: kontrolak, dirua aldatu behar...—, biziki maite nituen gazte horiek, karrikako bizia, animazioa... Ez nuen erdararik entzuten, eta beste euskalkiei ireki nintzaien: gipuzkerari eta batuaren hastapenari.

Irratiaren uhinetan noiz zinen murgildu?

1980an, armadatik landa, Radio Adour irratia abiatu zen; sasian lehenik, ofiziala gero; Mitterrand pasa zelarik. Hartu ninduten, bizpahiru urtez. Zinezko laborategia zen; hortik iragan ziren: Ttotte Dargi, Jojo Bidart, Gillom Irigoien, Marcel Bedaxagar...

Irulegiko irratiko mikroa piztu zizuten arte.

1983-84an Baionaz asea nintzen, giroa biziki minbera eta pisua baitzen. Izan ere, GALen garaia zen, eta Joxi [Zabala] eta Joxeanen [Lasa] desagerpenak eta Katturen [Ramon Oñederra Bergara] hilketak biziki markatu naute. Desagerpena baino aste bat lehenago, autoan egon ginen elkarrekin... Kattu nuen bereziki ezagutu. Orduan, Irulegiko irratiak langilea xerkatzen zuenez eta biziki ontsa heldu zitzaidanez Barnealdera joatea, berehala hartu ninduten. Geroztik, 36 urtez hor baratu naiz.

Popo Larre adiskidea zenuena?

Biziki lagun ona nuen; kasik egunero elkar ikusten genuen; Baigorriko Arrola dantza taldean ari baitzen. Talde berekoak ginen. Desagerpena baino lehentxeago, biziki kezkatua ikusi nuen, erran zidan: «Ez zekiat zer bilakatuko naizen, ez zekiat nora noan».

Berriek berriemailea hunkitzen dutelarik, nola kudeatzen da?

Zaila zen: lehergailua eskuetan zapartatu zitzaielarik Christophe Isteque eta Patrick Lambayeri; Maddiren [Hegi] hilketa; Bettiren [Bidart] arrastatzea... Barnetik sentitzen nituen berriak ziren. Ez zen batere aisa enetako, baina egin beharra zen.

Poliziaren hatsa hurbiletik usnatu zenuen zuk ere.

Nihaur nintzen irratirat jin zirelarik. Goizean bat-batean sartu zitzaizkidan, eta paretaren kontra ezarri ninduten armarik banuenetz ikusteko. Beharrik goiz hartan etxean utzia nuela! Ez, arrailerian ari naiz. Zer zirkua! Argi urdinak pizturik, autoz ziztuan eraman ninduten Baionako poliziategirat. Han nituen Jojo Bidart eta Argitxu Ouret. Pentsatzen zuten mezuak irrati bidez pasarazten genituela IKrentzat [Iparretarrak]. Halakoa zen garaia: beldurraren, arranguraren, penaren, bizinahiaren eta gaztetasunaren nahasketa; gertakari ilunen eta besta giro onaren artekoa.

Nola abiatu zenuen zure taula gaineko ibilbide luzea?

Daniel Landartek zidan galdegin aktore izan nahi nuenetz, ikusi baininduen ziminokeriatan besta batean. Berez aktoreak miresten nituen, eta ezinezkoa zitzaidan igaitea, baina berari esker ausartu nintzen. Popo ari zen antzerki obrak zion gero taldeari izena eman: Xirristi mirrixti, gerrenian plat [Piarres Larzabalek idatzia]. Ikaragarri ona zen bera, zer artista! Nola jin, hala joan Landarten obran nuen lehentze parte hartu.

Zer diozu euskaldun berriaren lehen agerraldiaz?

Sekulako beldurra bizi izan nuen! Oihalaren gibeletik ikusten nuen sala mukuru betea... Ez dakit holako izialdurarik bizi izan dudanetz ene bizian! Ui, ui, ama! Oraino badut ikara bizkarrean! Izialduraren eta plazeraren arteko nahasketa zen. Biziki maite nituen doinuaren lanketa eta talde giroa. Herri osoa kurritu genuen: Larraineko [Zuberoa] plazatik Getxoko [Bizkaia] salaraino.

Badukezu orduan anekdotaren bat kontatzeko, ez?

Zizurkilgo [Gipuzkoa] hura: salan sartu ginen, eta nehor ez. Atxiloketa batzuk izan zirenez, manifestaldia antolatua zuten. Deblauki 200 lagun agertu ziren manifan! Hartan, «Egun on, jauna», «Egun on, Monsieur Filipe!» ari ginela, bat-batean animaleko txaloak entzun genituen publikotik. Bagenekien aktore onak ginela, baina hein horretaraino, halere, ez! Kur-kur-kur. Gero ulertu genuen txalo horiek ez zirela guretzat: bi kaputxadun agertu ziren publikoan ETAren banderola eskutan!

Arizaleak luma hartu zuen.

Hastapenean, Irulegiko irratiarendako antzerkiak ziren. Antzerkirako idatzi nahi nuen, baina erreferentziak Larzabal, Lafitte, Landart, Monzon eta abar ziren, eta ni, euskaldun berria, eta menturatzen ez. Azkenean, Gillom Irigoien hasi zen idazten, eta taldekideek akuilatu ninduten idaztera. Idatzi nuen lehena India Beltzak izan zen, Eneko Olasagasti izan genuen taula zuzendari. Berari esker ikasi nuen sintetizatzen, nahiz batzuetan frustagarri izan: maite nituen testu zatiak kentzen baitzituen. Beherearta, Lamindegiko laminak eta Garatenea idatzi nituen, zeinek Donostia Hiria saria ukan baitute. Xirristi Mirrixti bukatu zelarik, banuen esku artean Garatenea idatzirik. Preseski, Armendaritzeko [Nafarroa Beherea] gazteei proposatu nien, xerkatzen baitzuten. Geroztik urte guziez bat idatzi diet. Orotarat 30 bat baditut idatzirik, Baigorriko bestendako hiru tobera, Makearendako, bai ere Hazparneko San Josep lizeoarendako idatzi antzerki obrak barne.

Umorezko pertza batean erori zinena ttipitan?

Antzezlan gehienak umoretsuak dira, bai, bat salbu: 40 urteak, zeinak Toribio Altzaga antzerki saria irabazi baitu, eta bakarra izan baita eman gabe. Garai hartan bizi izanikoaz mintzo da: bereizketa, herio, lagun galtze... Nola egin gainditzeko bizitzako kolpe horiek?

Goenkale-n parte hartu zenuen.

Iparraldeko Piarre nintzen, Leonor kubatarrarekin ezkontza zuria egina: senar bortitza eta pitoa! Eszena batean atorra urratu behar izan nion! Presio handiko grabaketak ziren, hondar momentuan testua aldatzen baitzidaten.

Irriz hasi zen zurekin Irulegiko irratia: Antton eta Maria esketxa arrakastatsuek non dute inspirazio iturria?

Ene familia eta herriko jendeetan: figura xelebre batzuk inspiratu naute. Izeba eta osaba banituen Bordelen bizi, eta haien koinatentzat gu paisano tristeak ginen. Egiazkoek entzun zutelarik, ez zuten beren burua ezagutu! Zikoitzak ziren, zuhurrak... jendeak biziki maite zituen esketx horiek, eta xantza ukan dut biziki aktore onak ukan bainituen: Antton Luku, Peio Berhekoirigoien, Marie-Agnes Gorostiaga, Beatrice Mainhaguiet... Espanturik gabe, hori izan da irratiari ekarri diodana: umore puntua.

Petzero emankizunak ere arrakasta gaitza bildu zuen.

Bai! Jendea deitu eta ziria sartzen genion dena grabatuz. Jojo Bidart lankideak ez zuen uste ibiliko zenik; «ba, ez duk sekula martxatuko». Bera izan zen lehena! Kur- kur-kur. Etxerat deitu genion erranez otoi irratitik abisu bat pasa zezan kontrabandistak abisatzeko: guardak heldu zirela. Bete-betean erori zen zepoan!

Gezurflash jin zen ondotik.

Aktualitatearen parodia zen. Astean barrena egiazko berriak ematen nituen, baina ez nintzen sinesgarri sentitzen jakinez asteburuan horretaz trufatuko nintzela. Biziki maite nuen, baina buruhauste handia zen, beharrik Marie Agnes hor baitzen.

Zer ekarri dio umoreak irratiari?

Umoreak entzuleak fidelizatu ditu, eta hurbiltasuna sortu. 80ko hamarkada horretan anitzek ez zuten aitortzen irratia entzuten zutenik, «enbata zikinen irratia» baitzen. Umoreak lagundu du gure irudia hobetzen eta haien jokamoldearen eztitzen.

Etsaiak desaktibatzen?

Bai. Kur-kur-kur. Hori da ideia. Horretan baitzen irratiaren indarra: gure amak bezala ahalkea zutenentzat, euskararen ofizialtasuna ekarri du irratiak. Irratien lorpen handia izan da erakustea euskarak baduela balio bat.

Umore berak edonon balio dua?

Nola gerta, norendako egiten den. Antton eta Maria Barnealdeko jendearendako zen, baina Kike Amonarrizekin genituen esketxak denetarako.

Ordea, zurekin batera eraman duzu umorea ere erretretarat.

Umorean bada bete beharreko hutsune bat: on da denentzat. Ez da sobera serios egon behar.

Pantzo pailazo?

Umoretsuaren etiketa dut, zeina pisu baitzait, kokatzen bainau; alta, badakit banukeela gogoa beste gauza seriosago edo dramatikoagoak egiteko, baina ez naiz menturatzen.

Baduzu proiekturik?

Kantu hitzak, Mattin Lerizari idatzi dizkiot. Eleberri beltz bat ere badut esku artean, baina arrahartu beharra dut. Hitz gurutzatuak egiten ari naiz; baditut 45 eginik, eta, 50etarat heltzean, argitaratu nahiko nituzke. Azkenik, badut antzerki bat idatzirik, emateko beha dagoena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.