Ez da batere samurra oholtza gainean publikoarengan irribarrea sortzea. Istorio edo egoera komiko bat kontatzen denean, era egokian neurtu behar dira algarak sor ditzaketen hitzak, norbaitek barre egitea lortu nahi baldin bada. Horretan eskarmentu handia du Oscar Terol aktoreak (Donostia, 1969), eta umorea sortzeko orduan duen ikuspuntuaren inguruan hitzaldia emango du gaur, Donostiako Tomasene kultur etxean.
Gidoigile, aktore, idazle eta blogari da, besteak beste, Terol. Guztien artean ezaguna, Vaya Semanita, Uyyyy! eta Al rescate saioetan aritzeagatik. Horietan guztietan, umorea izan du hizpide, eta batez ere lehenengoak lortu zuen benetako arrakasta. Baina nola lortu arrakasta umorezko saio batekin? Irribarrea sortzen duen esaldi edo pertsonaien atzetik badago lan ordu luzeak izan dituen teoria bat. Badago kasu bakoitzerako eraginkorragoa den ikuspegia bilatu duen ikerketaren bat. Horien inguruan ere hitz egingo du Terolek.
Bestalde, genero eta komunikabide bakoitzean berezko baliabideak behar diren ala ez ere aztertuko du donostiarrak hitzaldian. Horiek guztiak umorean eta, zentzu batean ere, bakarrizketan oinarrituko ditu. Izan ere, gaur Terolek ez ditu kamerak izango aurrean, bertara gerturatzen den publikoa baizik.
'EN CLAVE DE HUMOR'
Noiz. Gaur, 19:00etan.
Non. Donostiako Tomasene kultur etxean.
Umorea, umoregileak aztertuta
Oscar Terolek umorearen baliabideak aztertuko ditu gaur, 'En clave de humor' hitzaldiarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu