ATZEKOZ AURRERA. Beatriz Egizabal. Aktorea, clowna eta bakarrizketen egilea

«Umorea tresna indartsua da»

Eguneroko hainbat egoeraren atzean patriarkatua dagoela erakutsi du bere bakarrizketa berrian. Ikuspegi feminista eta umorea uztartu ditu, ikusleari barre eragiteko bai, baina baita pentsarazteko ere.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
jakes goikoetxea
Lasarte-Oria
2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Hankarte bat, lehertzen ari den sumendi bat hankartean, eta laba goian eta behean. Hala irudikatu du Beatriz Egizabal aktore eta umoristak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1971) bakarrizketa berria: Magma mia.

Zer da Magma mia?

Bakarrizketa bat eskatu zidaten iazko Feministaldirako. Testua pixka bat landuz eta garatuz gero, plazaz plaza eskaintzeko bakarrizketa bat izango zela ikusi nuen.

Izenaren inspirazio iturria zein da: La Palmako Cumbre Vieja sumendia (Espainia), Abbaren abestia?

Asko erabiltzen ditut ene eta ai ama espresioak. Mamma mia haien baliokidea da, eta sortu nuenean puri-purian zegoen La Palmako sumendiaren erupzioa. Horrela sortu zen.

Eta kartela? Sumendi bat, hankarte batean, magma botatzen.

Adin jakin bat daukat, eta hor daude menopausia, zoru pelbikoa... Alua gora, alua behera ibiltzen gara. Aluan daukagun indar horrekin, magma horrekin, sumendia pizten badugu... goazen sistema erretzera.

Zure bizipenetan oinarrituta kontatzeko premia sentitzen duzu?

Bakarrizketetan, bai. Ipuin kontalari gisa beste norbaiten istorioak kontatzen dituzu, baina bakarrizketetan, lehen pertsonan hitz egiteko, niretik egiten ez badut, ezin dut egin. Kasu honetan nire egunerokotasunaren azterketa bat egiten dut, ikuspegi feminista batekin. Batzuetan, teorien bidez patriarkatua zer den hain argi ikusten ez duen jendeak oso argi ikusten du egunero bizitzen ditugun adibideekin.

Duela urte batzuk ez zenuen uste bakarrizketak egingo zenituenik.

Lasarte-Orian saio bat aurkezteko eskatu zidaten, Eva Hacheren modura. Egin nuen, eta ikusi nuen oso indartsua zela: esan nahi nituen gauza pila bat esan nituen, eta jendeak barre egin zuen. Orain, Ane Labakarekin bost urteko ibilbidea bukatuta, garbi daukat bakarrizketak egin nahi ditudala. Modu oso indartsua da garrasi egiteko, esan nahi ditudan gauza asko esateko.

Bakarrizketa feminista, umore feminista... Etiketek eragiten dizute?

Ez, argi dago feminismotik egiten dudala. Amorrua ematen didana da gizonek egiten dutenari edo patriarkatutik egiten denari zergatik ez zaion matxista deitzen. Hori ez da izendatzen; feminismotik egiten dena izendatzen da, berezia eta anormala izango balitz bezala.

Ikus-entzule gehienak emakumeak dira?

Bai, baina ez du axola: gizateriaren erdia gara. Batzuetan gutxietsi egiten da emakumea publiko gisa, baina zentroetatik kanpo egiten den kultura kontsumitzen duen jende gehiena emakumea da. Publikoan emakumeak bakarrik daudenean ere, beste energia bat sortzen da.

Feminista etiketa gutxiesteko erabiltzen da? Gizonek okupatu izan dituzten guneak eta jarduerak —umorea, esaterako— eskuratzen ari zaretelako?

Esango nuke baietz. Beti bereizten dira kultura eta emakumeen kultura. Inork ez dio kultura horri gizonen kultura deitzen.

Otsaila eta martxoa izaten dira hilabete lanpetuenak?

Eta azaroa. Ulertzen dut. Ez didate udaletako kultura sailetatik deitzen, gizarte zerbitzuetatik baizik. Emakumeek egindako emanaldiak urte osora zabaldu behar dira.

Jendeak ondo pasatzea nahi duzu. Pentsatzea eta deseroso sentitzea ere bai?

Bai. Gertatzen zaizkigun gauza asko ez zaizkigu gertatzen horrelakoak garelako, baizik eta atzetik sistema oso bat dagoelako. Hori esplikatu nahi dut. Entzuleak barre egitea nahi dut, baina haiengan zirkuitulaburrak eragiten saiatzen naiz.

Umorea aisiarekin lotzen da. Gutxietsi egiten da umorearen gaitasuna mezuak helarazteko eta jendearengana iristeko?

Umorea tresna indartsua da. Gero eta argiago dago. Badakigu, baina ez du zentralitaterik. Pentsatzen da gauza garrantzitsuak serio hitz egin behar direla, eta, serio hitz egin eta gero, orduan egin behar dela barre.

Edozeri buruz egin daiteke umorea?

Bai, baina, egiten baduzu, ondorio batzuk izango ditu. Askatasuna baduzu, baina ondorioak izango ditu. Nor mindu nahi duzu zure umorearekin? Beti minduko duzu norbait, beti nahi duzu zerbait kritikatu.

Chris Rockek Oscar sarien banaketa ekitaldian Jada Pinketti buruz egin zuen txantxa...

Aurretik beste pila bat egin ziren. Patriarkatuak gala bat egiten duenean, gala patriarkala ateratzen da, eta ia guztiek barre egiten dute.

Will Smith aktoreak zaplazteko bat eman zion Chris Rocki.

Lagun batek esan zidan pena bakarra zuela: galaren aurkezlea zuria ez izatea. Ertz asko dituen gaia da, eta ez daukat horri buruzko tesi bat.

Jardunaldi askoren clowndorioak egiten dituzu. Zein izan daiteke elkarrizketa honen clowndorioa?

Ematen du asko dakiela, baina inprobisatzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.