Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako errealitatea hobeto ezagutarazteko, 2012ko Iparra Galdu Gabe jardunaldiak egiten ari dira urrian, Getxon (Bizkaia). Gaur, Hegoaldekoek barre egingo diete Iparraldekoei, Iparraldekoek Hegoaldekoei, eta denek euren buruari, Kike Amonarrizek eta Pantzo Hirigaraik egingo duten Bidaso: biga so! hitzaldi umoretsuaren bidez.
«Zergatik hitz egiten dute horren ozen gipuzkoarrek?», galdera jarriko dute mahai gainean Hirigaraik eta Amonarrizek. Ez da galdera bakarra izango, dena dela: «Zenbateko aldea dago Getxo eta Azkaineren [Lapurdi] artean? 150 kilometro, edo 150 argi urte?». Hirigarai idazlea eta irrati esataria da. Besteak beste, Lamindegiko lamiak (2000), Garatenea (2002) eta 40 urteak (2005) antzezlanak argitaratu ditu. Amonarriz soziolinguista da, baina telebistan eginiko lanarengatik da ezagunagoa, besteak beste Mihiluze lehiaketa aurkezten, ETBko lehen katean.
Bihar jarraituko dute jardunaldiek: Oskar Alegriak zuzenduriko Emak Bakia Baita dokumentala erakutsiko dute. Urriaren 23an, literaturaren inguruko hitzaldia emango du Ur Apalategik. Azaroaren 4an, Lodikroko haurrentzako ikuskizuna taularatuko dute, jardunaldiak amaitzeko.
HITZALDI UMORETSUA
Noiz. Gaur, 20:00etan.
Non. Torrene erakusketa aretoan, Algortan (Getxo, Bizkaia).
Umorea, Bidaso gaineko zubi
Iparralde-hegoalde estereotipoei barre egingo diete Pantzo Hirigaraik eta Kike Amonarrizek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu