Umore berria probatzeko plaza

Hiru Damatxok Karkarkar proiektua sortu du, euskarazko umorea sustatzeko asmoz. 'Stand up' probalekua jarri dute martxan, nahi duen orok bere bakarrizketak publiko aurrean probatu ahal izateko.

Maialen Sorzabalbere, osteguneko probalekuko saioan. JON URBE / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Euskarazko bakarrizketek beste plaza bat izango dute hemendik aurrera: Donostiako Doka kafe antzokia. Izan ere, Hiru Damatxo ekoiztetxeak Karkarkar proiektua sortu berri du, eta, horren barruan, stand up probaleku bat Dokan bertan, euskarazko bakarrizketak bultzatzeko. Bi proba egingo dituzte, eta, irailetik aurrera, parte hartzea irekia izango da. Lehenengo saioa herenegun izan zen, eta bigarrena ekainaren 29an izango da, eta Antton Telleria izango da gidaria.

Asier Kortabarriak, Hiru Damatxoko kideak, azaldu du euren proiektuetan beti izan dutela umorea presente, eta buruan zutela umorearen inguruko proiektu bat sortzea. Ikusi zuten belaunaldi berri bat zebilela stand up-ean, baina ez zegoela bakarrizketa horiek lehen aldiz probatzeko lekurik. «Badakigu ez garela ezer berria asmatzen ari; egon izan dira plazak tabernetan, gaztetxeetan eta beste leku batzuetan ere».

Umorezko bakarrizketak egitean sortzen diren harremanetatik eta jendeak hartzen duen esperientziatik bestelako formatu batzuk ere sortzen zirela egiaztatu zuten; beraz, iruditu zitzaien «eszena bat sortzeko hasiera polit bat» zela.

Osteguneko saioan Julen Portillo izan zen gidari, eta Maria Blancok, Maialen Sorzabalberek, Mikel Irazustak, Beñat Iturbek eta Eñaut Zuazok hartu zuten parte. Kortabarriak kontatu duenez, lehenengo saioa zenez, jada bakarrizketetan zebilen jendeari proposatu zioten parte hartzea.

«Bi saio hauek egin ostean, irailetik aurrera, bideak zabalduko ditugu jendeak parte hartu dezan. Sare sozialetatik izango da seguruenik», azaldu du. Jada jendea animatzen ari da datozen saioetarako. Parte hartzaileek, nahitaez, euskaraz egin beharko dituzte euren bakarrizketak.

Lehen bi saioak «esperimentu» moduan hartuko dituzte Hiru Damatxokoek: «Ikusiko dugu gidariaren rola, parte hartzaileen kopurua eta abar aldatu behar ote diren». Karkarkar martxan jartzeko, Kortabarriak esan du beste herrialde batzuetan antolatzen denaz elikatu direla, batez ere Katalunian. Iturbe eta Zuazo han bakarrizketak egindakoak dira, eta haien esperientzia jaso dute antolatzaileek.

Kortabarriak eta haren taldekideek badakite formatuak bere hartan ondo funtzionatzen duela munduko beste toki batzuetan; beraz, ondo joango dela uste dute. Osteguneko saioan, sarrera guztiak saldu ziren. «Publikoarentzat ere zerbait berezia dela esango nuke, ez baitute ohiko saio bat ikusiko. Umoristak gauza berriak probatzen arituko dira; publikoarekin jolastuko dira», esan du. Karkarkar-en sortzaileek ez dute nahi proiektua stand up-era mugatzea , ez baitakite etorkizunean proiektuak zer-nolako zabalkundea izango duen.

«Garai oso onean»

Maialen Sorzabalberek lehen stand up-a izan zuen ostegunekoa. Urduri zegoela esan du, Donostiako Antigua auzokoa izanda —bertan dago Doka kafe antzokia— etxean egin behar baitzuen lehen saiakera.

Aurretik, nahiz eta formatu desberdinean izan, bakarrizketaren bat egindakoa da donostiarra; Barrexerka antzerki taldeko kideren batekin saioen hasieran, edo ekitaldiren bat aurkeztean. Bere lehen bakarrizketa unibertsitatean izan zen, eta ondo oroitzen du egun hori: ikaskideen artean emozio bat sortu behar zutela esan zieten, eta jendea gauza tristeak kontatzen hasi zen. Sorzabalberek, serio, hegazkinean ibiltzeari zion beldurrari buruz hitz egin nahi izan zuen. «Konturatu nintzen nahi gabe bakarrizketa bat egin nuela, eta asko gustatu zitzaidan».

Bakarrizketa bat sortzeko momentuan, errazena bere esperientzian oinarritzea dela azaldu du: «Erraza da nork bere buruaz barre egitea». Gainera, bere egunerokoan, lanean, kalean edo lagunekin dagoela gertatzen zaizkion gauzak apuntatzen aritzen dela kontatu du donostiarrak. «Lapikoan ideia horietako batzuk nahastuz joaten naiz; batzuk hartzen ditut, eta beste batzuk, aldiz, ez».

Sorzabalberekuste du stand up-ean aritzen direnez gain jende asko dagoela probatzeko gogoz, eta iruditzen zaio «oso garai egokian» sortu dutela Karkarkar. Gainera, euskal umoregintzan jendea gauza desberdinetan dabilenez, horiek guztiak batzeko aukera emango duela uste du.

Euskaraz umorea egin daitekeela betidanik ikusi du umoristak: «Nire belaunaldia Wazemank ikusten hazi den belaunaldia izan da, eta ikusi dugu euskarazko umorea egin daitekeela. Nola ezin dela euskarazko umorea egin?». Espero du euskarazko kalitatezko umorea sortuko dela Karkarkar-en probalekuari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.