Barremixeta kamiseta soinean agertu da hitzordura Amaia Iraundegi (Donostia, 1994), Ekain Arrieta (Donostia, 1996) ez bezala: «Ni ez naiz batere korporatibo etorri». Barrexerka antzerki taldeko kideak dira, eta bost urte beteko dituzte aurten, gazteek gazteentzat umorezko edukiak sortzen. Maiatzaren 5ean eta 6an estreinatuko dute emanaldi berria, Donostiako Gazteszenan. Handik aurrerako emanaldien berri, berriz, @Barrexerka Instagrameko kontuan emango dute.
Bagoiez du izena emanaldi berriak. Nora joango zarete?
AMAIA IRAUNDEGI: Garrantzitsua ez da izango nora joango garen, nola joango garen baizik. Hor dago emanaldiaren koska.
Esan liteke zeri buruzkoa den?
IRAUNDEGI: Izenari buelta pare bat emanez gero, pentsa daiteke zeri buruz izango den. Izenean sartuta dago pixka bat lekua.
EKAIN ARRIETA: Bidaia bati buruzkoa izango da, bidaia batean topatu dezakezun jendeari buruz-eta.
Laburpenak ematen du pista: «Zalantzarik gabe, ez da galdu nahi duzuen tren bat» diozue.
IRAUNDEGI: Hori da, hortik doa, bai.
Zer formatu izango du?
ARRIETA: Orain arte bezala, hainbat gauza konbinatzen jarraituko dugu: bakarrizketak, esketxak edo ikus-entzunezkoak eta zuzeneko mikro antzerkia.
IRAUNDEGI: Egia esan, pixkanaka, antzerkiari pisu gehiago emanez joan gara.
ARRIETA: Bai, iruditu zaigu bai guk eta bai publikoak gehiago disfrutatzen duela horrela. Hau izango da ziurrenik orain arte egin ditugun zuzeneko lanetan gehien landua.
Beti bezala, umore absurdoa erabiliko duzue?
IRAUNDEGI: Bai. Badakit zertan pentsatzen ari zaren... [esan du barrez, Arrietari begira], eta badaude pieza oso absurdoak, uste dugunak oso arrakastatsuak izango direla.
ARRIETA: Batzuetan kosta egiten da, publikoa hotza dagoenean batez ere. Jakin behar da non eta nola sartzen duzun umorea. Emanaldiaren hasieran, adibidez, nabaritzen da jendea hotzago dagoela. Eta, gero, berotzen hasten denean, sartzen duzu normalean graziarik egingo ez lukeen zerbait. Txistea bera baino gehiago da nola kontatzen den.
IRAUNDEGI: Umore absurdoak hori dauka, beldur handiagoa ematen du, ez delako oso bistakoa funtzionatuko duen; baina, funtzionatzen duenean, askoz ere magikoagoa da.
Eguneroko kontuetan bilatzen duzue inspirazioa?
ARRIETA: Gure ardatza da eguneroko gauzak muturrera eramatea.
Emanaldi berrikoak, adibidez, zuei gertatu zaizkizue?
ARRIETA: Denoi gertatutakoak dira, nik uste. Azken batean, pertsonaia bakoitzak badauka bere aktoretik parte bat ere.
Aktore bakoitzak pertsonaia bat baino gehiagoren rola jokatzen du antzezlanean?
ARRIETA: Denetarik egin izan dugu, baina, oraingo honetan, dena da obra bakar baten parte, nahiz eta hainbat zati izango dituen.
IRAUNDEGI: Konturatu ginen jendeak eskertzen zuela antzerkiek elkarren artean lotura bat bazuten, biribilagoa geratzen zelako.
Nola uztartzen dituzue formatu guztiak emanaldi bakarrean?
ARRIETA: Galdera ona! [barrez]
IRAUNDEGI: Oraindik erantzun horren bila gabiltza [barrez].
Harrapatu zaituztet.
IRAUNDEGI: Egokiena iruditu zaigu. Gure helburua da Barrexerkara etortzea normalean antzerki bat ikusteko joera ez duen jendea, nahiz eta, noski, antzerki zaleak direnak etorriko diren. Orduan, esketxak sartzen ditugu antzerkien artean, eta, nire ustez, freskura ematen dute formatuan. Jendeak eskertzen ditu esketxak.
Bost urte beteko ditu Barrexerkak. Zer aldatu da?
IRAUNDEGI: [Barrez] Gauza askotan berdin-berdin jarraitzen dugu. Egia da, nolabait, loturak zeudela guztion artean, baina ez ginen talde trinko bat. Orain, lagun talde bat bihurtu gara. Horrek asko laguntzen du. Bestalde, kritikoagoak izaten saiatzen gara. Helduagoak, ez, Ekain?
ARRIETA: Hasi ginenean, 22-23-24 urte genituen, eta orain ditugu bost gehiago. Urte horietan, jendearen egoera aldatzen da. Nire ustez, gure umorean eta emanaldietan hori islatzen da, gure kezkak eta umorea ere gure bizitzaren isla direlako.
IRAUNDEGI: Eta autokritika gehiago ere egiten dugu. Gehiago exijitzen diogu geure buruari.
Eta zer ez da aldatu?
ARRIETA: Egiten dugula guri dibertigarria egiten zaiguna. Guk disfrutatzen dugulako eta guri grazia egiten digulako egiten dugu.
IRAUNDEGI: Gure terapia da Barrexerka, eta, besteentzako ere hala bada, primeran!
ATZEKOZ AURRERA. Amaia Iraundegi eta Ekain Arrieta. Barrexerkako kideak
«Umore absurdoa askoz ere magikoagoa da»
Euskara eta umorea ardatz hartuta, eguneroko pasadizoak «muturrera» eramaten dituzte Barrexerka antzerki taldeko kideek. Maiatzaren 5ean eta 6an estreinatuko dute 'Bagoiez' lan berria, Gazteszenan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu