'Andereño' antzezlanaren sortzailea

Miren Larrea: «Umeek berehala sentitzen dute enpatia txotxongiloekin»

Larreak 2005ean sortu zuen Anita Maravillas konpainia, Valentina Raposorekin. Txotxongilo ikuskizunetan ia ez dute hitzik erabiltzen. Maistrak omendu dituzte azken obran.

Valentina Raposo eta Miren Larrea, 'Kottondarrak' antzezlanean.
Valentina Raposo eta Miren Larrea, 'Kottondarrak' antzezlanean. TXELU ANGOITIA
ane insausti barandiaran
2023ko azaroaren 25a
05:00
Entzun

Txotxongiloen bidez kontatzen dituzte istorioak Miren Larreak (Zornotza, Bizkaia, 1981) eta taldekideek, Anita Maravillas antzerki taldean. Andereño da haien azken familia ikuskizuna, eta argazki batzuk izan ziren hori sortzeko inspirazio iturria: Bizkaiko hainbat portutako gerra garaiko argazki batzuk topatu zituzten, eta haurrak agertzen ziren horietan, itsasontzietan Euskal Herritik kanpora joaten. Urrian estreinatu zuten antzezlana, eta antzokiz antzoki dabiltza orain: gaur, Ermuan (Bizkaia) izango dira; bihar, Zarautzen (Gipuzkoa); eta etzi, berriz, Sestaon (Bizkaia).

Zergatik Andereño?

Beti bilatzen dugu guretzat motibagarria den istorioren bat. Argazkietatik tiraka, pentsatzen hasi ginen gerra garaian umeek zer uzten duten atzean: eskola, adibidez. Horrela hasi ginen maistra eta andereñoen gainean informatzen. Erabaki genuen haien inguruko eta haur horien inguruko ipuin bat sortzea, antzezlan bat egin ahal izateko.

Maistra horiek omentzea da helburua?

Guztiz. Garai hartan, maistra eta maisu horiek uste zuten zerbait aldatuko zutela, pedagogia berriak sortu zituzten, ume guztiak alfabetatzeko eta hezteko eskubidearen alde egin zuten, eta, moduren batean, zerbait iraultzen ari zirenaren oso kontziente ziren. Ilusio hori eraman nahi izan dugu eszenara. Eta, noski, bada irakasleei eta bokazioari berari egindako omenaldi bat ere.

Antzezlanean ez duzue hitzik erabiltzen. Zergatik?

Berez, guk beti hitz barik sortzen dugu, antzerki bisualean lan egiten baitugu, estetikari eta mugimenduari garrantzi handiagoa emanez. Dauzkagun testu gutxiak oso zainduak dira, eta azken lanetan, adibidez, Miren Amurizak egin izan dizkigu. Beti bilatzen dugu komunikazio zuzena publikoarekin, irudiarekin eta mugimenduarekin eszenak eraikita.

Erraz konektatzen dute haurrek txotxongiloekin?

Umeek oso ondo ulertzen dituzte guk planteatzen ditugun sinboloak eta irudiak. Eskola mundua da, umeak dira, eta berehala sentitzen dute enpatia txotxongiloekin. Gainera, bagenekien ez genuela orain arte ikusitakoa bezalako gerra garaiko estetika bat sortu nahi, baizik eta publiko guztientzako iruditegia berri bat. Ipuinetako fabuletan oinarritu ginen, eta horregatik dira gure pertsonaiak animaliak. Antzezlanean, basoko eskola batean dauden ikasle eta andereñoak animaliak dira, animalia pertsonifikatuak, eta estetika horrek umeenganako hurbiltasuna ematen digu.

Nola sortzen da txotxongilo ikuskizun bat?

Oso estu doaz tailerra eta dramaturgia, hau da, kontatu nahi dugun istorioa. Lehen fase horretan, mahaian eserita, talde guztia konbentzitu behar duzu istorio hori garrantzitsua dela eta kontatu egin behar dela. Gero, pentsatzen dugu hain helduak diren kontzeptuak —gerra, errepublika...— nola eraman umeen mundura. Hortik hasten gara pertsonaiak eraikitzen, geruzaz geruza. Valentina Raposo da panpina sortzailea, eta guk planteatutako pertsonaiak diseinatzen hasten da, nolakoak diren eta nola mugituko diren. Behin istorioa ondo zehaztuta eta panpinak izanda, eszenografia zehaztu eta eszenak sortzen hasten gara, istorioa eraikitzeko.

Jon Braun obrarekin familia ikuskizunik onenaren Titeremurtzia Lagunak saria lortu zenuten, eta Kottondarrak-ekin, txotxongilo ikuskizun onenaren Feten saria. Zer dira sari horiek zuentzat?

Hasieran, sariak ez dituzu kontuan hartzen, baina gero, lortzen dituzunean, oso ongi etorriak dira. Talde guztiarentzako opari bat dira, errekonozimendu edo aitortza bat. Horrela bizitzen ditugu, talde ospakizun moduan. Titeremurtzia oso polita izan zen publikoaren saria izan zelako. Kottondarrak-ekin, berriz, Fetenen irabazi genuen, oso azoka garrantzitsuan, eta sorpresa itzela izan zen Max finalista izan zela jakitea publiko familiarrari begira. Han egotea oso polita izan zen guztiontzako, talde guztiarentzako aitortza bat.

LOTSABAKO

Zure irakasle kuttuna?
Arantza Kortabitarte.
Txotxongilo teknika bat?
Mahaiko txotxongiloak.

Zuen konpainiako antzezlanik gustukoena?
Beti hurrengoa, datorrena, egiteko dagoena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.