Ultzamako lainotan

Onddozale aritu eta adituen elkargunea da Ultzamako parke mikologikoa. Bilketa erregulatzeko beharraz ohartuta, 2007an jarri zuten abian. Onddoak bilduz ikas eta goza litekeela da haien mezua, eta modu seguru eta jasangarrian egin daitekeela hori.

Ultzamako parke mikologikoko basoa, joan den astean. ENEKOITZ TELLERIA
Ultzamako parke mikologikoko basoa, joan den astean. ENEKOITZ TELLERIA
enekoitz telleria sarriegi
Ultzama
2024ko azaroaren 13a
05:00
Entzun

Margolari baten paletan bidaiatzea da Ultzamara iristea. Koloreen nahastea, degradatzea eta berritzea. Udazkena laino, eta lainoa udazken. Marroi, laranja eta gorrizta bihurtutako hariztiak, eta horira egindako pagadiak. Udagoienaren puri-purian hurritzak eta akaziak. Ongi etorri okrearen erreinura. Belazeetako guata maluta horiek ez dira barrengorriak, kardaberak dira ihintzetan olgetan. Zapelatza da argindarraren kablean zelatari dagoen hura. Zozoak bide bazterretik ezustean eta izu irteten direnak. Eta tximista urdin hori? Eskinosoaren lumajea. Haren karrankak ozen eman du basoan abisua: «Bada hemen gutarra ez den norbait». Eta aziendaren ederra. Haragitarako eta esnetarako behiak ikusten dira laino artean hausnarrean, eta arkume goiztiarren bat ere bai saltari ardi artean. Zortzi gradu markatzen du autoak 08:15ean. Laino Larraintzargo (Nafarroa) udaletxe ataria. Albo batean dago Ultzamako mikologia parkearen bulegoa. Kazetari bat agertu da saskia, labana eta itxaropena lagun hartuta. Zazpi euro balio du han ilusioak.

Javier Gomez mikologoa eta Javier Ariztia biologoa hasita daude lanean, nahiz eta ez den berez bulegoa zabalik edukitzeko eguna. Uxama elkarte mikrokooperatiboko kideak dira biak. Elkarte horrek kudeatzen du Ultzamako parke mikologikoa 2021etik. Esleipena aurten amaitzen da, eta deialdi berrirako izapide guztiak egiten ari dira. Egun onak eta harrera beroa, bostekoak gero. Baina Oihane de los Reyes teknikariarenak dira benetako diosala eta azalpenak. Onddoen posterrak eta mapak daude paretetan, onddoekin egindako produktuak eta kontserbak salgai apaletan, boletus formako egurrezko giltzatakoak ere bai nahi dituenarentzat.

Pagoaren koloreak. E. TELLERIA
Pagoaren koloreak Utzamako parke mikologikoan. E. TELLERIA

Zein da ohiko prozedura? «Bi aukera dituzu. Bata: eros dezakezu baimena Internet bidez, gure webgunean: parquemicologicoultzama.com. Bestea: etor zaitezke hona bulegora, eta baimena hemen erosi —inguruko ostatu eta jatetxe batzuetan ere badaude salgai—». Zenbait ordaindu behar da? «Zazpi euro pertsonako. Horrek ematen dizu baimena zortzi kilo onddo biltzeko». Eta familian joanda, kide bakoitzak ordaindu behar du baimen bat? «Printzipioz, bai. Baimen horiek saltzearen helburu nagusia baita parkera datozen lagunen gaineko kontrola izatea. Baina 15 urtetik beherakoek, adibidez, ez daukate ordaindu beharrik, eta pasieran datorrenak ere ez du zertan baimen bat izan». Beste zerbaiterako balio du baimenak? «Guk baimenak saldu eta kudeatzen ditugu, baina aholkularitza zerbitzu bat ere badaukagu: baimen hori erosi, eta zuen ziza eta onddoekin berriro bulegora etor zaitezkete, eta eduki ditzakezuen zalantzak argituko dizkizuegu. Espezie jakin batekin eduki ditzakezuen dudak argitu, espezie hori zein den ikusi...».

'Stereaceae' familiako onddoak, enbor batean. E. TELLERIA
'Stereaceae' familiako onddoak, enbor batean. E. TELLERIA

2007ko abuztuaren 8an sortu zuten Ultzamako parke mikologikoa, bertako udaletxearen ekimenez, eta Nafarroako Gobernuak hala baimenduta. Euskal Herriko lehenengoetarikoa izan zen. Proiektuaren mezu nagusia da onddoak bilduz ikas eta goza litekeela, eta modu seguru eta jasangarrian egin litekeela hori. 2007a baino lehen, izan ere, masifikatu egin zen onddoen bilketa Ultzama ibarrean. Neurririk gabe aritu zen jendea perretxikoak biltzen, eta basoari eta inguruari kalteak eragiten. Bilketaren eta basoak berez sortzen duenaren arteko oreka izan du lehentasuntzat proiektu horrek hasieratik, eta hori guztia lortzea ekosistema bera eta tokiko biztanleen bizimodua hondatu gabe. Arduradunek esan izan dute gaizki egindakoekiko eta basoen masifikazioarekiko «kontzientziazio eta sentsibilizazio lana» egin dutela: «Onddo biltzaileek ulertu dute jada zergatik zegoen hori guztia erregulatu beharra, eta horren seinale da geroz eta baimen gehiago eskatzen dizkigutela». 

De los Reyesek dio, gainera, horrela tokatzen denetan, baimenak eurak ere mugatzen dituztela: «Aurten tokatu zaigu hori egitea. Irail hasieran basoak asko ekoitzi zuen, eta Internet bidezko zein aurrez aurreko baimenak mugatu genituen. Izan ere, helburua parke mikologikoa babestea da, eta basoa ez masifikatzea, basoa ez hondatzea». Teknikariak argitu du onddozale adituak izaten direla asko, baina horretan hasi eta aritu nahi dutenak direla aspaldi honetan gehiago. 

Parkea eta partea

Izan ere, parke mikologikoaren abantailetako bat da —onddozalearen ikuspuntutik, betiere—, bertara joan aurretik jakin daitekeela basoa onddoak ematen ari ote den edo ez. Haien webgunean eta sare sozialetan jartzen dituzte parte mikologikoak astez aste —urriaren 31koa da azkena—. Boluntario taldeek egindako laginketak izaten dira. Hartara, onddo bila joan nahi duenak, aldez aurretik daki gutxi-asko zerekin topo egingo duen.

Amaitzera doa denboraldia. Balantzea egiteko eskatzea bada ariketa bat, onddozale askok boletus-en eta ohiko perretxiko jangarrien arabera neurtzen dutelako ona edo txarra izan den. Parke mikologiko bateko teknikariak onaren eta txarraren arteko beste irizpide batzuk dauzka: «Jende gehiena boletus bila ibiltzen da gurean ere, eta egia da irailaren erdialdera izan zela kolpe bat. Sekulako euri jasak egon ziren, ordea, eta ekoizpena bat-batean gelditu egin zen. Geroztik, ez da ia batere atera. Baina espezieen barietateari begiratuta, oso urte ona izan da; oso ona. Saltsa perretxiko beltzak, saltsa perretxiko horiak, tripakiak, gorringoak... asko irten dira. Jendeak boletus horiez harago begiratzea eta jakitea ere oso polita da».

Saltsa perretxiko beltza ('Craterellus cornucopioides'). E. TELLERIA
Saltsa perretxiko beltza ('Craterellus cornucopioides'). E. TELLERIA

Dena prest. Zein da hurrengo urratsa? «Lehen aldiz datorrenari, edo ingurua ezagutzen ez duenari, mapa hau ematen diogu [hartu eta zabaldu egin du]. Hiru-lau pista nagusi daude, eta horietara bidaltzen dugu jendea, parte mikologikoaren arabera:  Zazpiturrieta, Narbatzu, Ataketa, Ezpeleta eta Zaldazain». 

Hastera doa bigarren partea. De los Reyesen atzetik doa kazetaria. Hamalau herri batzarrez osatuta dago Ultzama. Larraintzar da nagusia. Han dago udaletxea eta han dago mikologia parkeko bulegoa. Besteak: Alkotz, Arraitz-Orkin, Auza, Eltso, Eltzaburu, Gorrontz-Olano, Gerendiain, Ilarregi, Iraizotz, Lizaso, Suarbe, Urritzola-Galain eta Zenotz. Ataketako pistara doa auto bat bestearen atzetik.  Alkotz eta Iraizotz atzera utzita, zabalgune batean aparkatu, botak jantzi eta basoan barrena. Lanperna zuri bat (Amanita cetrina) izan da agertzen lehena. Eguzkia lainoa zulatu nahian ari da. Tripakiak dira haiek (Hydnum repandum). «Etxera ez zara esku hutsik joango, behintzat», dio De los Reyesek, baikor. Aintzira txiki eta magiko bat gandu artean. «Aiba! Ez nekien hau hemen zegoenik!». Telefono dei bat sakelakoan. «Bulegora bueltatu beharra daukat». 

Hiltzaile berdea ('Amanita phalloides'). E. TELLERIA
Hiltzaile berdea ('Amanita phalloides'). E. TELLERIA

Bakardadeak eta ingurua ez ezagutzeak ematen duen ziurgabetasuna ere ederra da. Pauso bakoitzean dena baita berria. Beno, den-dena ere ez. Hango hura saltsa perretxiko beltza da (Craterellus cornucopioides). Polita denik ezin esan. Enborrari itsatsita Stereaceae familiako kideak, eta orbel artean ezkutuan atzapar hauskara (Clavulina cinerea). Ilunetan argi egiten du elur bolak (Agaricus arvensis). Hilgarria ez balitz ederra litzateke hiltzaile berdea (Amanita phalloides). Eta ez da dena onddoa. Goroldioaren eta huntzaren berdea, eta pipiten gorria: gorostiena eta arkasatsena. Eta ez da dena behera begiratzea. Isilean entzuten den hori zer da? Uso bando bat buru gainean eskueran, haien hegaldiak egiten du soinua. Soiltzen ari da basoa, eta koloretakoa da hostozko alfonbra. Bada ura errekastoan. Gaztainarik ez morkots horren barruan. Zer den aurrena iristearen zoriontasuna: armiarma sareak aurpegian apurtzen dira Ultzamako lainotan. 

jakingarriak

Non dago parkea?
Ultzama bailaran (Nafarroa).

Non lortzen dira baimenak?
Larraintzarren dago parkeko bulegoa. Zazpi euro ordaindu behar da pertsonako. 15 urtez azpikoek ez dute ordaintzen. Zortzi kilo onddo bildu daitezke baimen horrekin. Badaude asteburuko baimenak: 12 euro. Eta urte osokoak: 80 euro aste osoa, 50 euro astelehenetik ostiralera, eta 50 euro asteburua.

Ordutegia: 
Bulegoan, ostiral, larunbat eta igandetan (08:30-14:30). Beste egunetan, telefonoz eta emailez. Emaila: [email protected]. Telefonoa: 646 18 42 63 (08:30-14:30).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.