Atzekoz aurrera

Ultratxikien ultraerronka

UTT Ultra Trail Tolosaldea erronka aurkeztu dute. Irailaren 13an egingo dute lehen aldiz, Iruran hasi eta bukatu. Zortzi herri txikiren artean antolatuko dute, eta BERRIA da babesleetako bat.

Tolosaldeko ultra trailaren aurkezpena, Irurako udaletxean. ENEKOITZ TELLERIA
Tolosaldeko ultra trailaren aurkezpena, Irurako udaletxean. ENEKOITZ TELLERIA
enekoitz telleria sarriegi
Irura
2025eko otsailaren 15a
16:00
Entzun

Distantzia izaten da halakoetan ultra: 77 kilometro. Gogortasuna da halakoetan ultra: 4.600 metroko goranzko desnibela. Baina halako bat zortzi herri txikiren artean antolatzea, hori bai erronka ultra. Iruran (Gipuzkoa) aurkeztu dute Ultra Trail Tolosaldea. Irailaren 13an egingo dute.

Gipuzkoako zortzi herri txikiren artean banatu dituzte ardurak eta lanak: Irura, Berastegi, Elduain, Gaztelu, Lizartza, Altzo, Alegia eta Albiztur. Istorio bat dago denaren atzean, eta helburu bat dute denen artean. David Delgado traileko entrenatzaile madrildarrarekin hasitakoa da istorioa: Alberto Rey almeriarraren lagun mina zen Delgado, Tolosaldean bizi da Rey, eta elkarrekin ezagutu zituzten inguruko tontorrak eta ibilbideak. Harritu egin zen Delgado, ez zegoelako inguru hartan ultra lasterketarik, eta gaiari bueltaka hasi ziren. 2021ean mamitu zuten ideia. Baina Delgado hil egin zen mendiko istripu batean, 2022an. Haren omenez egin zuten aurrera, eta Ultra Trail Tolosaldea antolatu dute aurten. Helburua: herri txikiei ikusgaitasuna ematea.

Eta herri txiki horietako ordezkariak, Alberto Rey bera, David Delgado zenaren gurasoak, mendi federazioko kideak, antolatzaileak eta babesleak izan dira Iruran egindako aurkezpenean. Bilera egin dute aurkezpena baino lehen, hitz egiteko azpiegiturez, anoa postuez, txandez, eta boluntarioez —200 inguru beharko dituzte—. Irurak hartuko ditu aurten hasiera eta bukaera, baina asmoa da urtero irteera eta helmuga hartuko dituen herria aldatzea —Alegiak hartuko du hurrengoa—. Frontoiak, karpak, herri bideak, iturriak eta ilusioa: eskuzabaltasuna eta prestutasuna dira herri txikien eskaintza. «Guk txistulari batzuk jartzeko asmoa ere badaukagu».

Udaletako ordezkariak, antolatzaileak eta babesleak, Irurako udaletxearen aurrealdean. ENEKOITZ TELLERIA
Udaletako ordezkariak, antolatzaileak eta babesleak, Irurako udaletxearen aurrealdean. ENEKOITZ TELLERIA

Mendiz mendi eta herriz herri. Tolosaldeko tontorretatik igaroko da ibilbidea: Irura, Loatzo, Uzturre, Belabieta, San Lorentzo, Ipuliño, Berastegi, Elduain, Erroizpe, Lizartza, Muñobil, Altzo, Alegia, Iruntxur, Santutxu, Albiztur, Ubeltz, Herniozabal eta Irura. Ultra distantziako Euskal Herriko Kopako azken proba izango da, eta bertan egingo da Kopako azken sari banaketa. Martxoaren 1etik egongo da izena emateko aukera: parte hartzeko zein boluntario izateko, haien webgunera jo behar da. Erreleboka egiteko aukera ere izango da, eta 500 parte hartzailerentzako tokia izango dute. Kostua: 80 euro. Irabazi asmorik gabeko lasterketa da. Behin gastuak berdinduta, asmo solidarioetarako erabiliko dute bildutako dirua. 06:00etan hasiko da lasterketa, Irurako plazan, eta 21:00etan jarri dute bukatzeko muga. Herriko ostatuak prestatutako afariarekin amaitu dute eguna. Antolatzaileek diote ez dela oso ultra teknikoa, korrika egitekoa dela gehiago, baina oso gorabeheratsua dela; hankak txikitzen dituzten horietakoa.

Herri txikien alde

Lasterketaren «filosofia» nabarmendu dute denek aurkezpenean, eta herri txikien alde egindako apustua. «Modu kolaboratiboan antolatzen den lasterketa bat da, eta BERRIA babeslea da, bat egiten duelako gure filosofiarekin eta guk ere mendia erdigunean daukagulako gure mendiko kanalaren bidez», azaldu du Ainara Lasak, BERRIAko marketin arduradunak.

Aurkezpenean izan dira David Delgado zenaren gurasoak ere: Rafa eta Isabel. Malkoei eutsi ezinda mintzatu da aita: «Mendiarentzat bizi zen. Ipurtarin hutsa zen, eta 27 urterekin utzi gintuen. Ekin, ekin eta ekin: horixe zen haren leloa. Ez genuen uste jendeak halako estimua zionik». Estimua ez, ultraestimua zioten, eta irailaren 13an geldituko da agerian. 

UTT erronkaren kartela. David Delgado zenaren argazkia agertzen da bertan. ENEKOITZ TELLERIA
UTT erronkaren kartela. David Delgado zenaren argazkia agertzen da bertan. ENEKOITZ TELLERIA

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.