Jokatu diren Ehunmiliak lasterketako hiru aldietan parte hartu du Imanol Alesonek (Azkoitia, 1972). Lehenengo aldian txapela janztea lortu zuen; bigarrenean, berriz, zangoek huts egin, eta lasterketa utzi behar izan zuen; iaz, bigarren sailkatu zen, Aitor Lealen atzetik. Aurten ere irteteko asmoa du. Lasterka egiteaz gain, baina, antolakuntzan ere lan handia egiten duen pertsona da Aleson.
Ehunmiliak lasterketa irabazteko gai izan zara, eta hori antolatzen ere aritzen zara. Nolakoa izan da antolatu duzun lasterketa irabaztea?
Ni Azkoitiko Anaitasuna M. Bko kide naiz, eta nire elkarteari antolatzea tokatzen zaion ibilbide tarteaz arduratzen naiz, beste askorekin batera. Lasterketa aurretiko bileren eta guri tokatzen zaigun anoa postuaren antolakuntzaz arduratzen naiz, baina, lasterketa iristen denean, beste batek hartzen du ardura, eta ni gozatzera.
Zenbat denboratakoak eta nolako entrenamenduak egin dituzu?
Urte asko daramatzat jada mendian lasterka egiten. Hasieran, lasterketa laburragoak egiten nituen, baina, ondoren ultretara egin nuen salto. Nire kabuz entrenatzen naiz, unean-unean ditudan sentipenen arabera. Aurtengo neguan ez naiz gehiegi entrenatu, baina, ahal dudana egingo dut.
Gauez lasterka egiteko prestaketa berezirik egiten duzu?
Ez, inoiz ez dut gauez entrenamendurik egiten. Lasterketa egunetan egiten dut soilik gauaz korrika. Ez dut inoiz arazorik eduki; batzuk txarto sentitzen dira gauez lasterka egitean, eta ohitzeko ariketak egiten dituzte, bainanik ez daukat beharrik.
Zein helburu daukazu aurtengo aldirako?
Horrelako lasterketa batean parte hartzen duen edonork izan ohi duena, bukatzea. Ultra trailak ez ditut lasterketa gisa ulertzen, erresistentzia proba gisa baizik. Gainontzeko partaideak ez dira lehiakideak niretzat; bakoitzak bere erritmoa hartu, eta ahalik eta gehien eustean datza probaren arrakasta.
Imanol Aleson. Mendi korrikalaria
«Ultra trailak ez ditut lasterketa gisa ulertzen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu