Steven Knight gidoilari eta zuzendariak 2013an estreinatu zuen Peaky Blinders; modan, musikan eta, oro har, entretenimenduan eragin itzela izan du telesailak, eta pop kulturaren ikono bilakatu da. Knightek geroztik ekoizpen ugaritan parte hartu du, eta A Thousand Blows (Mila kolpe) bere proposamen berriena da.
XIX. mendeko Londres viktoriarrean dago girotua. Benetako gertaeretan oinarritzen diren bi istorio nagusi elkartu ditu, eta horretan egongo da kontakizunaren mamia. Lehenengoa Hezekiah Moscow eta Alec Munroe Jamaikako bi etorkin gazteren pasadizoa izango da. 1880ko hamarkadako Londresko East End basatian bizirauteko borrokan ari dira; dirua lortzeko beharrak borroka klandestinoetara eramango ditu, eta, hala, kaleko boxeoaren munduan murgilduko dira. Bigarrena, berriz, soilik emakumez osaturiko The Forty Elephants (Berrogei elefanteak) deituriko lapur taldeari buruzkoa da. Moscowek eta Munroek dirua eta ospea irabazi ahala, horien arreta piztuko du. Talde horren burua Mary Carra izango da (Erin Doherty).
Benetan existitu zen beste pertsonaia bat ere azalduko da istorioan: Sugar Goodsonboxeolaria. Stephen Graham aktore ezagunak jokatuko du haren rola, eta, ohikoa den moduan, presentzia indartsua izango du pantailan. Izan ere, aktorearen eskuetara Hezekiah Moscow boxeolariaren argazki bat iritsi zenean, haren istorioa ezagutu zuen. Txundituta geratu zen, eta bete-betean sartu zen A Thousand Blows proiektuan; protagonistetako bat izateaz gain, ekoizle lanetan ere arituko da. Pertsonaia guztien istorioak gurutzatuz eta zabalduz joango dira, eta, hala, azpitrama berriak jaioko dira.
Telesailak zenbait lizentzia artistiko hartzen baditu ere, narratibaren elementu historikoek aukera eramango dute boxeoaren munduan eta garai hartako ingurune sozial gordinean bete-betean murgiltzeko. Murgiltze horren erantzule nagusietako bat girotze lana da: paregabea da, eta atmosfera trinkoa eta oso inguratzailea erantsiko dio narrazioari. XIX. mendeko Londres industrialeko zikinkeria, miseria eta tentsio sozialak gordinki harrapatuko ditu. Eszenatoki bakoitza, kalezulo ilunetatik hasi eta boxeo klandestinoen ring-etaraino, oso zainduta dago.
Peaky Blinders-en alderdi tematikoak zein estetikoak partekatuko dituen proposamena da. Ekoizpen diseinua itzela da; garai horretako lokatz, kirats eta gordintasunean bete-betean murgilduko du ikuslea. Musikaren alorra ere oso deigarria da, eta nortasuna eransten dio lanari. Bi telesailetan pertsonaia nagusiak gizonezkoak izan arren, azpimarragarria da erakundeen buru diren emakumezko pertsonaia indartsuen presentzia, dela familia, dela gaizkile talde bat.
2013ko seriean Birminghanekin gertatu zen moduan, kokalekuak ere pisu nabarmena izango du gidoian; Londres hiri indartsu moduan ageri da, baina, bereziki, haren alde ilun, arriskutsu eta bortitzean jarriko du arreta sortzaileak. Nekez hauts daitekeen desberdintasun handiko gizartea erakutsiko du, arrazakeriaz eta gizarte zatiketaz jositako mundua.
Bi telesailek badituzte bertuteak, baina baita ahultasunak ere: basakeria, une batzuetan, nahiko doakoa da, indarkeria apur bat erromantizatu egiten da, eta zenbait egoera gehiegizkoak dira, sinesgaitz samarrak.
Boxeoaz harago, arrazakeria, klase borroka, etorkinen aurkako diskriminazioa eta halako gai sakonak aztertuko dituen telesail oso entretenigarria da.
‘The Forty Elephants’
Londresko emakumezkoen banda kriminal ospetsua izan zen The Forty Elephants, eta, batez ere, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran jardun zuen. Banda hori bereziki ezagun egin zen lapurreta eta iruzur sofistikatuak egiteagatik; estrategia dotore eta diskretuak erabiltzen zituzten. Adibidez: arropa bereziak erabiltzen zituzten, poltsiko eta barrunbe ezkutuekin, lapurtutako objektuak gordetzeko. Ez ziren soilik lapurrak; krimen antolatuaren historian leku esanguratsua hartu zuten, eta emakumeek boterea eta eragina izan dezaketela erakutsi zuten, baita mundu kriminalaren esparruan ere. Taldearen izena Londresko Elephant and Castle auzotik dator, bertan zuten eragin handiena. Forty hitzak, ordea, ez du kide kopurua adierazten —berrogei esan nahi du ingelesez—; gehiago da izen sinboliko bat.
fitxa
- Sortzailea. Steven Knight.
- Herrialdea. Erresuma Batua.
- Aktoreak. Malachi Kirby, Stephen Graham, Erin Doherty eta Francis Lovehall.
- Urtea. 2025.
- Non ikusi. Disney+.
- Atal bakoitzaren iraupena. 55 minutu.
- Generoa. Drama.