Urteak daramatzate kontzertuak eskainiz, eta oraindik luzerako dutela argi dute U. K. Bill taldeko kideek. Azken hilabeteotan beren azken diskoa aurkezten hainbat kontzertu eman dituzte, eta, gaur, Gasteizko Parral tabernan egongo dira Maite/Gorroto diskoko abestiak jotzen.
2005. urtean sortu zen Añorgako taldea, Utikan, Asgarth eta Lauroba taldeetako jendea bilduz. Sortu eta bi urteetara, lehen diskoa kaleratu zuten —U. K. Bill—, eta taldearen estreinaldiak sei abesti izan zituen. 2009. urtean, bigarren diskoa ezagutarazi zuten: Paradisu sekretua. Horrek hamairu abesti bildu, eta 70eko rock kutsua lantzen zuen, batez ere. Lehen bi lan horiek Añorghetto zigiluarekin grabatu eta gero, iaz grabaturiko Maite / Gorroto lanaren berrikuntza nagusia da Andoaingo Garate estudian grabaturikoa dela. «Nabari da aldea, aurreko diskoak guk grabatu genituelako eta oraingoan kanpoko iritzi bat eduki nahi izan dugulako. Horrek soinu aldetik hobekuntza eta garapena ekarri digu», nabarmendu dute taldeko kideek. Urte hauetan lorturiko hobekuntza tekniko horien ondorioz, taldeak indar handiarekin hasi zuen urtea.
Rafa Cabeza (gitarra eta ahotsa), Oier Txoperena (gitarra), Iker Iparragirre (baxua) eta Unai Corral (bateria) dira taldeko kideak.
'U. K. BILL'
Noiz. Gaur, 20:30ean.
Non. Parral tabernan (Gasteiz).
U.K. Bill taldea gaur Gasteizen
Añorgako taldeak kontzertua emango du gaur, 'Maite / Gorroto' disko berriaren haritik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu