Xabier Leteren Nafarroa Arragoa doinua entzun zuten 1981eko abenduaren 24an, 19:00etan, Gure Irratia sortu berriaren entzuleek. Hain zuzen, kantu horrekin estreinatu zuten Ipar Euskal Herriko euskarazko lehen irratia. Ordutik, lau hamarkadaz aritu dira lanean belaunaldi bateko eta besteko irrati esatariak euskarazko berriak, kantuak, baita jokoak ere 106.6 frekuentziako uhinetan zabaltzen. Atzo ospatu zuten urtebetetzea, eta, horretarako, egun berezia antolatua zuten. 11:00etatik 19:00etara zuzeneko saio berezia egin zuten, sorreratik gaur arte aritutako bozak lagun.
Uztaritzera (Lapurdi) heltzea pixka bat kostatu zaio Xipri Arbelbideri: autoa ezin abiaraziz egonik goizean, doi-doia heldu da saiorako tenorez. Etxea ongi ezagutzen du, dena den, eta berehala jarri da estudioan, mikrofonoaren parean. Luzien Etxezaharreta du ondoan, hura ere mintzatzeko prest. Arantxa Idieder kazetaria gidari, gogora ekarri dute nola sortu zitzaien halako proiektu bat sortzeko gogoa. Erraterako, Arbelbidek kontatu du Lizarran (Nafarroa) izan zela, eta irrati bat bisitatu zuela han, «gela normal» batean. «Sekulako tresneria» ikusten zuela eta, hari horiek guztiak nondik pasatzen ote ziren galdetu zien. Goialdeko gela batera eraman zuten orduan, eta diskoak irakurtzeko tresna gisako bat ikusi zuen hor. «Zenbat kosta du horrek?» galdetu, eta «3.000 pezeta» zirela. Ideia iltzaturik atxiki zuen, beste zenbait bidelagunekin irratia estreinatu zuten arte.
Hitza emanez, aitzina
Etxezaharretak honela laburbildu du irratiaren ibilbidea: «Gauza franko aldatu dira. Milafrangan [Lapurdi] hasirik, Baionan bi lekutatik pasatu ginen Uztaritzera jin arte. Itxura profesional bat badu orain; gu amateurrak ginen, baina euskarazko gauzak biziarazteko errabia handiarekin». Lau hamarkadaz «bide handia» egin duela uste du, eta irrati libreen sistemari esker «denei hitza ematea» oinarrizkoa izan dela, eta oraindik ere badela segurtatu du. Memoria gal ez dadin, kontakizun osoa bildu dute atzo estreinatu zuten Sabina Hourcaderen dokumental batean. Ikusgai jarri dute sarean, eta hedatuko dela espero dute.
Idiederren boza bai, baina begitartea ez zuen ezagutzen Ganex Etxeberrigarai Sarako (Lapurdi) berriemaileak. Kronikak egiten ditu astean behin, herriko berriak emateko. Usaian telefonoz, baina atzo mikrofonotik mintzatu zen, zuzenean. «Jende anitzek entzuten dute Gure Irratia, partikulazki adinekoek. Herriko berriak jakiten dituzte horrela. Niretzat ere gauza ona da, denbora pasatzen baitut berrien prestatzen», aitortu du.
Naroa Gorostiaga ere gomitatua zuten. 1990. urte inguruan sartu zen Gure Irratian udako langile gisa, ikasle zelarik. Ibilbide luzea egin du han gero, arduradesberdinetan, baita beste hedabide batzuetan ere. «Irratilari eta irratizale» beti izan da Gorostiaga. 1997 eta 1998 bitartean, Euskal Irratiak federazioa sortzeko prozesuan parte hartu zuen, eta Irulegiko Irratia, Gure Irratia eta Xiberoko Botza koordinatzeko lanetan aritu zen; 2002an sortu zen gero Antxeta Irratia, eta, 2018an Amikuzeko Irratia.
Gaurko kazetaria den Marga Forestieri 40 urteak ospatzeko egunak«iragana ulertzeko» balio izan dio. «Irratiak erronkak eta trabak izan ditu beti, baina lortu dugu altxatzen. Balio handia du horrek», erran du.
Egindako ibilbidea omentzeko, bestalde, zenbait artista ere bertaratu ziren, hala nola Ortzi Idoate eta Irantzu Idoate Funosas aita-alaba bertsolariak. «40 urtez aritu dira lan gogor eta finetan,/ etengabean segi dezala euskararen uhinetan», kantatu zuen Idoate aitak. Watson kantariak ere kantu zenbait eman zituen, zuzenean, gitarra lepotik zintzilik. Eztabaidak ere izan ziren entzungai, besteak beste, «Euskara salbatu daiteke oraino?» galdearen inguruan gogoetatzen ibili ziren Amaia Beirie, Eneko Gorri, Antton Kurutxarri eta Maddi Bordagarai.
ATZEKOZ AURRERA
Uhinetan ospatutako ibilbidea
Gure Irratia Ipar Euskal Herriko euskarazko lehen irratiak 40 urte bete ditu abenduan. Urtemugaren karietarat, zuzeneko saioa egin dute irratian, lehengoek eta oraingoek bat eginik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu