Bilboko Aste Nagusia 

Uhinen intentsitatea, jaien tamainakoa

«Euskal ikuspegitik eta euskaraz», Aste Nagusiaren berri luze eta zabal eman dute Bilbo Hiria eta 97 irratiek, Uriolarekin batera. Eguerdietako zuzeneko emanaldian orotariko gonbidatuak izan dituzte egunotan.

Areatzako zubian ipini duten irrati estudiotik emititu dute saioa egunero. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Zenbat segundo ditu Aste Nagusiak? Zein da jaietako zure segundorik kutunena? Galdera horien bueltan jolasean ibili dira Bilbo Hiria eta 97 irratietako kideak egunotan, eta erantzun poetiko nahiz kalkulu eskasekoak jaso dituzte. Txupinazoarekin hasten da Aste Nagusia, eta Marijaia erretzean bukatuko da, bihar gauean. Irratsaioari igandean ekin zioten, eta aste osoan aritu dira, eguerdiro, zuzenean, Algara konpartsaren txosna ondotik. Atzo egin zuten aurtengo azkena, Aste Nagusiko egun handian.

Mahai inguruan egunero egon dira teknikari bat, 97 irratiko kide bat, Bilbo Hiria irratiko Xabier Monasterio eta Ane Zabala; eta, edizioan, Jabi Zabala. Uriola atari digitalarekin koordinatu dira, informazioa trukatu eta nork zeren berri eman erabakitzeko. Euskara hutsezko irratsaioa laugarren urtez egin dute. «Uzkurtuta hasi baginen ere, asko indartu da saioa. Duina da, eta jendeak ondo hartu du. Aste Nagusian euskaraz bizi ahal izateak asko pozten gaitu», esan du Monasteriok.

Irratsaioa bukatuta, oso balantze ona egin dute denek. Eta azpimarratu dute, jaietako edozein gai jorratuta ere, badagoela euskaraz dakien eta hitz egiteko prest dagoen norbait. Jaietako saioa denez, «tonu arinean» ibili dira, baina gai garrantzitsuak ahaztu gabe. Atzo, esaterako, oroitu zuten konpartsek gauerdian ordubetez txosnak itxiko zituztela eraso sexistak salatzeko.

Gonbidatu bereziak

43 gradutan ere lan egitea egokitu zaie. Gauez tenperatura egokiagoa da, eta jendea ere badabil. Baina eguerdiko giroa nahiago dute, mota askotako jendea dagoelako. Gonbidatuen aulkian jesarrita egon direnak dira adibide: hainbat konpartsatako kideak, umeak, txupinera eta pregoilaria, antzezleak, dantzariak, arrazakeriaren aurkako eta feminismoaren aldeko taldeetako kideak, euskal zirkukoak... «Maila handikoak», Monasterioren ustez; Kepa Arrizabalaga eta Garikoitz Mendizabal aipatu ditu, besteak beste. Atzoko azken bisitariak ere ez ziren nolanahikoak: Xabi Aburruzaga trikitilaria, Lorea Argarate Las Tea Party taldekoa, eta Jabi Ortega Bihotz Alai taldeko dantzaria eta Ondalan erraldoien konpartsako kidea. Aburruzagak hainbat kontzertu eman ditu Aste Nagusian, eta disko berria estreinatzekotan da; Argaratek kontzertu berezia emango du gaur. Bihar egingo den Euskal Herriko erraldoien bilkura oso gustuko duela aitortu zien Ortegak.

Ekitaldien promozio, girotze eta aurrerapenez gain, kale inkesta eta erreportajeak egin dituzte.Kalean egonda, inprobisazioa ere eguneroko kontua izan da: egun-pasa zebiltzan musikarien zuzeneko emanaldiak, gaupasan ibili direnak... Ion Gorka Fernandez teknikaria fin ibili da ezustekoen aurrean. 97 irratiko Fakun Aznarezek agurtu zuen saioa: «Hurrengo Aste Nagusira arte!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.