Haurtzaroko uda luzeetan Tenerifen [Espainia] ateratako 5.000 negatibo maleta batean gordeta eduki ditu Josetxu Silgo argazkilariak (Gasteiz, 1966), harik eta duela hiru urte berrikusten hasi zen arte. Maleta horixe da orain Zarauzko (Gipuzkoa) Photomuseumeko erakusketara sartzean topatzen den lehen elementua, eta argazki horien aukeraketa bat egin du Eta, azken batean, hegan erakusketarako. Ostiralean aurkezpena egingo dute, eta Silgok berak emango ditu azalpenak.
Zein ederrak ziren uda luze haiek, ezta?
Bai, gurasoak Tenerifekoak ziren, eta guk, immigranteen seme-alaba gisa, ez genuen lotura handirik Gasteizekin, gure familia osoa Tenerifen zegoen eta. Urtero joaten ginen hara udan. Guretzat ez zen soilik oporretara joatea: ingurune atseginago batean egotea zen; oso berezia zen, zalantzarik gabe.
Zergatik erabaki zenuen argazkiak berreskuratzea eta erakusketa bihurtzea?
Bidaia emozional bat izan da. Argazkiak egin eta 35 urtera, maleta ireki, negatibo horiek guztiak aurkitu, eta hegan eginarazi didate aspaldian joan gabeko garai eta leku batera, eta oso atsegina izan da. Niretzat, guztiaren jatorri den horretarako bidaia bat izan da.
Lau ataleko bidaia bat, hain zuzen: itsasoa, irla, familia eta emakumea.
Uharteari lotutako nire iruditeria islatzen saiatu naiz. Irla, irlara joaten ginelako; itsasoa, guztia inguratzen duelako han, eta dena egiten delako itsasoari begira; familia, hara joateko arrazoia zelako, haiekin egoteko eta babesa sentitzeko; eta, emakumea, nire amari erreferentzia eginez, gure gidari izan delako urte horietan guztietan. Argazki horretako eskaileretan esertzen zen, terraza horretan egoten zen itsasoari begira...
Eta, azken batean, hegan izenburuak ere amari egiten dio erreferentzia?
Bai. Amak beti itzuli nahi izan zuen hara bizitzera, baina ez zuen lortu, gurekin geratu zen eta, Gasteizen. Duela bost urte hil zen, koronabirusarekin, eta duela hiru joan ginen errautsak botatzera, haren jaioterrira. Erakusketako azken argazkia da garai hartakoa ez den bakarra: amaren errautsak bota genituenekoa da; plastiko horretan eraman genituen. Azken argazkiak ere nahita daude gorantz kokatuta, hegan egite horri erreferentzia egiteko. Modu ona iruditu zitzaidan lana amaitzeko.
Izen bereko liburu bat ere argitaratu duzu.
Bai, azalean itsasoko argazki bat dago, eta, liburuan, anai-arrebei eskatu dizkiedan esaldiak elkarrizketan jarri ditut argazkiekin. Gainera, libururako, negatiboen tira bat sortu dut, eta ale bakoitzean sartu dut tira horietako bat. Liburua erosten dutenek negatibo horietako bat izan dezaten argazkiez gain, istorio honen zati bat.
5.000 negatiboak kabitzen ziren maleta horretan?
Bai, denak sartzen ziren. Uste dut etxe aldaketa guztietan iraun duten elementu bakanetako bat dela. Maleta beti egon da nirekin.
Memoria ariketa bat da, finean?
Bai, nik beti esaten dut erakusketa hau bidaia hirukoitz bat dela: denboran, espazioan eta barrurantz egindakoa, nik hori guztia nola gogoratzen dudan ikusteko. Oso proiektu pertsonala da, intimoa; garai horretara eramaten nauten sentimenduen eta sentsazioen argazkiak dira.
Nolakoa izan da sortze prozesua?
Asko gozatu dut prozesu osoarekin, eta zoragarria izan da niretzat: eskaneatu, aukeratu, inprimatu... Baina, agian, jendearekin konpartituz gozatu dut gehien. Lehenik, anai-arrebekin, eta, gero, lagunekin eta erakusketara etortzen diren guztiekin. Horrek asko asebetetzen nau.
Antonio osabarekin hasi zinen argazkiak ateratzen...
Bai, harekin hasi nintzen. Hark erakutsi zidan argazkiak errebelatzen, Tenerifen lan egiten zuen institutuko laborategian. Ordutik aurrera, beti ibili izan naiz sorbaldan kamera bat dudala, argazkiak eginez paisaiei, familiari, lagunei...
Zure web orrialdean diozunez, argazkilaria zara, eta ekonomista aisialdian. Ordena horretan, zehazki?
[Barrez] Pixka bat ironikoa da, baina bai. Ni ez naiz profesionalki argazkilaritzan aritzen, ekonomista naiz, bai.
Zer da argazkilaritza zuretzat?
Argazkilaritza denboran zehar egiten den bidaia bat da. Azkenean, argazki bat ateratzen duzu, eta argazki hori ez da itzultzen. Leku berean beste bat egiten baduzu, ez da lehengo bera izango; dagoeneko beste bat da. Baina, agian, barruranzko bidaiarekin identifikatzen naiz gehien. Nik beti egiten ditut argazkiak nire sentimenduak eta emozioak islatzeko: hori da argazkilaritza niretzat.
LOTSABAKO
Tenerifeko leku bat?
El Pris.Argazkiak, koloretan ala zuri-beltzean?
Zuri-beltzean.Argazki kamera bat?
Hasselblad analogiko bat.