Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (II). Madagaskar.

Uharte gorritik berdearen arrastoan

Bost mila kilometro kostako uhartea da Madagaskar, hogeita bost bat milioi malgaxekoa. Uharte aberatsa da.

IÑAKI ANTIGUEDAD.
Iñaki Antiguedad Auzmendi.
2020ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Leihotiko lehen begi-kolpean forma suabetako erliebe gorrixkak eman dit atentzioa; bizigune txikiak, zuhaitz gutxi, laborantza apenas, ganorazko ibairik ez, bidexkaz jositako eremu antzu antzekoa... horixe Antananarivon lurra hartzerakoan lehen zirrara. Izan ere, Madagaskar abuztu-helburu aukeratzean zirraratua izatea nuen buruan, bidaia guztietan legez. Eta hasieratik berde zabala espero arren, gorriak hartu gintuen, nagusi.

Aireportu ondoko bazter-auzo batean eman dugu gaua, eta kalera aterata aurreneko hartu-emana izan ere. Kaletan denak estuak, jendetsuak, zaratatsuak, bizi itxurakoak, motorrak nagusi, oinezkoak segidan diren kale-postu txikietan bilduak; denetarikoa salgai, barazkiak, janari prestatua, arropa, trasteak, nahasian... Irauteko ekonomia! Bi solairuko etxetxoak, alanbre-hesiz babestutako balkoiekin... Tira, zerbeza bat hartu dugu txiringito batean eta ariary monetarekin adiskidetzen hasi.

Bost mila kilometro kostako uhartea, hogeita bost bat milioi malgaxekoa, hau izanik hizkuntza, kolonizazioaz frantsesa ere badela. Uhartea aberatsa da era askotako baliagaietan, baina malgaxe gehienak txiroak era askotako pobrezian. Hortaz, lurraren baliagaiok ez dira bertoko gehienontzako baliabide. Déjà vu! Hiriburua, Tana eurentzat, zoramena da, kaosa. Ni neu ezin horretara egokitu eta heldu bezain pronto alde egiteko irrikan nago, hiriaren historiak ez baitu nahikoa amu ni irensteko. Zirrara bila nator eta niretzat hori hiritzarretik kanpo dago, sarritan oso kanpo.

Hiriaren aldirietan arroztiak dira ikusten lehenak, sail txikiak, siku antzera, ez baita euri-sasoia, baina geroko arroz-haziak direnak urez berdatuak. Potxingo batzuetan umeak baldekadaka urez husten, geratzen diren arrainak hartzeko. Goi-lurretan gara, mila metrotik gora. Hezegune baten kartel handia ikusi dugu: «biodibertsitate-biltegia», baina hormaz inguratuta egon da... natura kartzelatua!

Denetariko postuak

Auto-ilaran gara. Gure autobus txikerrak kale-postu baten antza hartu du, alde bietara era askotako saltzaileak gerturatuta. Txinatarrak ari dira, hemen ere, errepide nagusietan inbestitzen, meatzeetako mineralak porturatu behar dituzte eta! Eta xelebrea gero! Nire gazte garaiko lau-lata eta bi-zaldi auto haiek nonahi, ibilian, asko taxi modura! Lurraren gorria nagusi goi-lurrotan. Eta hori baliagai: han-hemen familiak adreiluak egiten, eraikuntzarako lehengai. Etxetxoen kolorea horren seinale. Eta plastikoak edonon, bazterrei bestelako koloreak ematen. Bai, plastikoak berdintzen ditu hemisferio biak.

Herriak erditik zeharkatzean pertzepzioak korapilatu zaizkit. Denetariko postuak alde bietara eta postu guztietan denetarikoa ere: kinkila-dendak. Jendetza, harrabotsa, koloretsua... eguneroko ogi-bidea. Desordena itxura bai, baina bestelako ordena dela pentsatu behar. Tira, autoek erdiko klasea nabarmentzen dute, uharte modura pobreziaren ozeanoan.

Aurrera goaz. Erreka batean hamaika emakume ur apurrean arropa garbitzen, nahiz eta uraren koloreari erreparatuta duda egin, arropa ala ura, zer garbitzen. Arropak inguruan zabal eguzkitara. Eta ume mordoa inguruan olgatzen. Irudia ohikoa izango dugu datozen egunetan. Kosta egin zait argazkia egitea, objektiboa ere zalantzan, etengabeko guda: irudia gorde gura bai, gerora bidaia gogoratzeko, baina emakume horien aurrean turista sudurluze agertu gura ez.

Indiako ozeanorantz goaz, eta, errepidean joan-etorrian dabiltzan kamioiek adierazi modura, hantxe da uharteko porturik handiena. Erliebea zorrozten hasi da eta paisaia basoetako koloreez janzten ere. Berez, geratzen diren berdegune zabalak, oihan itxurako baso zerratuak, parke nazionalak dira. Parkeotan mantentzen da uharteak oraindik gordetzen duen fauna apartekoa, endemiko diren lemurrak ezagunenak direla. Hortaz, parke-babesean dira azkeneko hamarkadetan soilduak izan ez diren basoak. Hauen berdea eta soildutakoen gorria aurrez aurre paisaiaren mosaikoan.

Parkeko bidexketan hostotzan gordetako animalien higidura igartzen da. Denen artean ikusgarrienak lemurrak, nola egunekoak hala gautarrak, txikiak zein handiak, buztanetan apenas edo luzea... Gidariak atoan gelditzeko agindu eta hara! Goiko adarretan bat, hostoak jaten, eta beste bat, eta hor ere... Abarrotsa gero! Goian lemur saltari bizkorrak orroka, bizkarra emanda, ipurdia agerian; behean bisitariak ukondokada teleskopio itxurako objektibo zutituen arteko marmarrean. Nire kamerak behekoa gura izan du betikotu, eta lemurrei erakutsi. Ama, ama! Hau lotsa, lemurren aurrean turista agertu!

Tren-geltokia ikusi dugu herrixka batean, hutsalean. Izan ere, oraingo trenak porturako zamak baino ez ditu garraiatzen, bidaiariak aspaldian geltokian utzita. Herri batean azoka eguna gaur, inguruko nekazariek euren lur-emaitzak postu jendetsuetan salgai: frutak, barazkiak, espezieak... soltean edo zakuka baina koloretsu, eta polito atonduak. Ez urrun, neskatoak ura baldetan biltzen kale iturrian, etxera ez baita ura heltzen. Umez inguratutako emakume batzuei erreparatuta Txirritaren bertsoa etorri zait burura «naturalezaz kasta gogorrak ta gainera umetsuak; bizkarrian bat, tripan bestia, aldamenetan batzuak».

Hegorantz. Domeka dela ezin ukatu, kamino bazterretik jende andana okasiorako janzkeraz, nor bere elizarantz, protestante zein katoliko, animista asko bada ere. Ohikoa egin zaigu hilkutxa goian daramaten autoak ikustea, oso barneratuta baitute hildakoak nonoiz sorlekuan hobiratu behar direla; fedea fede. Hortaz, sasoi lehorra da egokiena, euriteek ibilgaitz uzten baitute kamino asko. Auto-gidariak esana da garrantzitsuagoak direla eurentzat hildakoak bizitzen saiatzen direnak baino. Nota hartu dut.

Aurrera goaz, altueran gora. Bide bazterretik oinezko ugari ibilian, asko ortozik, nonbaitetik norabaitera. Zaila egiten zait lagun horien bizi-proiektuak neure buruan irudikatzea, ea helburua ote duten ala eguneroko helbidea baino ez. Seguruenik, turista batek sekula egingo zuen barne-galdera. Tira, harira! Mendi magaletan ondo landutako terrazak, arrea nagusi orain, euriekin batera etorriko den berdearen zain.

Oso goiz altxatu gara gaur, bidearen luzeak behartuta, espazioan baino gehiago denboran luze, kaminoak kamino. Nire ama zenak ez zuen inoiz ulertu ni oporretan hola ibili beharra. Goizero pastillak gogoratzen dit zein egunetan bizi naizen. Mendebaleko kosta helburu. Beste eskualde batean sartu gara. Atzean utzi ditugu zantzu asiarreko pertsonak eta zantzu afrikarrekoak dauzkagu aurrean, Madagaskar historian zeharreko kanpotiko migrazioez osatutako arragoa den seinale, are arragoagoa berton hamaika etnia egonda.

Baobabak

Etxeen itxura ere da aldatu, txikiagoak eta orain arteko egurraren ordez lastoa estalki. Errepidetan, ordea, aldaketarik ez; umeak biltzen dira zuloz betetako tarteetan eta harri koskoez betetzen saiatuta besoa luzatzen dute gidarien eskupeko zain. Arroz- eta gari-soroak berdeago ageri hemen, klima hezeagoaren ondorio. Zuhaitzak ere ugariago... eta azkenean, hortxe! Baobaba! Uharteak ezinbestean duen beste marka nagusia, munduko ale gehienak bertan baitira. Ikusgarria benetan urtetan ehunka duten zuhaitzon itxura; botila gisako enbor zabalekoak, adartsua goian baino ez... alderantzizko zuhaitza balitz bezala, behekoz gora, sustraiak buru edo. Edozelan ere, handientsu, dotore, pista-bideetan mugarri. Baobabetik ezer gutxi baliatzen denez, gaur arte iraun ahal izan dute.

Tsingy-en Parke Nazionala da gaur helmuga, euri-urak estuki zorroztutako karaitzazko erpinen eremua eta uhartean turismo-gune handienetakoa dena. Ez da erraza hautsak hartutako pista gorria egitea, espazioa eta denbora ez baitoaz bat. Bideko txoza-gune batean geratu eta hara! umeak inguruan «bonbon vazaha!». Gidariak esana da, turismoak eskaleak sortzen dituela. Nota hartu dut. Aurrera egin eta akabo pista, ibai batekin egin dugu topo. Eta? Autoak gabarran sartu eta ibaiaz bestaldeko pistaraino. Halakoak hainbat egin ditugu, eta sakonera gutxiko ibai batzuetan gabarrak motorra matxuratua izan eta gorpuzkera gihartsuko gazte beltzek ilaran soka lodiari tiraka egin dugu gora eta behera.

Pista bazterreko lur-sailak erreak izan dira, abereentzako bazka mamitsu berrien esperoan. Abereek egiten dute hango nekazaria miserian aberats. Txoza-gune batean hartu dugu atseden; han izan dira emakumeak eta umeak putzu batetik ura pedalez ponpatzen, eta ni hidrologoa izanda, lagundu! Kostaldeko pista hareatsuetan barrena goaz, tropikorantz, gero eta pistago, baobabak bidaide eta bidarri. Kostako herrixketan arrantzaleak nagusi. Txalupak joan-etorrian, egurrezkoak, txikiak, haize-oihaldunak eta albo batean egonkorgailua dutela. Umeak plisti-plasta eta emakumeak arrain-aleak garbitzen. Bizitasuna. Beste hondartza batean, ume beltz batzuk, hareaztatuak, ilaran belauniko, aurrean jostailuekin ari diren ume kanpotar zuri-zuriei begira, begirik kendu gabe.

Gaurko pista bazterretik emakume batzuk ibilian, guztiz tentetuak, buruan sarri eramaten duten zamaren seinale. Eta aurrerago, hamaika gizon estu eta artega, zerbaiten bila... zebu bat eroan omen dute lapurrek! Eta han zebuek urrea balio dute; bazkan diren zebu-talde txikietan ere gutxienez zaindari bi! Garraiorako, trukerako, ospakizunetarako... zebuak han! Gorria nagusi berriro. Iparrerantz egin dugu. Txinatarren presentzia agerian laborantzako lursail handienetan ere. Eta errepide bazterretik ehunka zebu-buruko tropelak... ehun bat kilometrora izango den ospe handiko azokara bidean, oinez. Denboraren bestelako adiera!

Hiribururantz bueltan. Gero eta mugimendu gehiago, errepidean. Lursailetan, nekazariak aitzurka, esku hutsean, bizitza luzatzeko eurien esperoan. Tana zoramena, baina pasabide derrigortua. Aireratzean gorria ikusi dut nagusi, leihotik. Bidaia amaitu da, pertzepzioak nirekin datoz, lehendik neuzkanekin batera, galdera berrien egile eta bestelako erantzunen eske...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.