Bihar Berrian

Udazkeneko uzta, urte osorako

Pikuak, pikillo piperrak, sardinak eta Errezil sagarrak heldu dira, udazkenarekin batera. Haien zaporeak urte osoan dasta daitezke, ontziratuz gero. Kontserbak egiteko sekretuak jorratuko ditu bihar ‘Bizigiro’-k.

Olatxuko laboreak izenpean egindako produktuak. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2019ko irailaren 27a
13:36
Entzun

Udazkeneko produktuak iritsi dira fruta-arbola, baratze eta itsasoetara. Bizitza motza dute gehientsuenek, baina badira hura luzatzeko aukerak ere: piku marmelada egiten du Haizea Bengoetxeak Gamiz-Fikan (Bizkaia), Olatxuko laboreak izenpean; pikillo piperrak erre eta kontserbak egiten ari dira Josu Iturri eta konpainia Arroitzeko (Nafarroa) Iturri enpresan; sardinak ontziratzen dituzte Romain Matxikotek eta haren lankideek Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Batteleku kontserbategian; Errezil sagarraren dultzea egiten hasiko dira egun gutxi barru Jone Irulegi eta Errezilgo Azokako gainerako kideak (Gipuzkoa). Haien berri emango du bihar Bizigiro-k.

Udazkeneko produktuekin kontuekin jarraituz, Sagar Uztaren jaia ospatuko dute igandean Astigarragan (Gipuzkoa). Azoka, dastaketak, erakustaldiak eta beste hainbat jarduera egingo dituzte. Ekoizleek adierazi dute sagar urte ona izango dela aurtengoa, uzta beranduxeago iritsiko bada ere.

Gastronomiaren orrian, ostera, Claus Meyer sukaldaria izango da protagonista. Donostiako Basque Culinary Centerren izan da egunotan Danimarkako Noma jatetxearen sortzailea. Munduko jatetxerik onena izan da lau urtez, Restaurant Magazine aldizkariaren arabera. Meyerrek sukaldaritza eskola bat eta jatetxe sozial bat ere jarri ditu martxan Bolivian. Hango proiektuaren nondik norakoak jasotzen dituen A taste of sky filma botako dute gaur Donostiako Zinemaldiko Culinary Zinema atalean.

Zinemak ere izango du tartea; Joker filmaren berri emango du Gontzal Agotek. Todd Philipsek zuzendu du, eta Batmanen arerio nagusi izandako Joker da pelikulako protagonista. Joaquin Phoenix aktoreak jokatzen du haren rola.

Telesailen atalean, berriz, Undone ikus-entzunezkoa aletuko du Mikel Yarzak. Raphael Bob-Waksberg eta Kate Purdy dira animaziozko lanaren sortzaileak. Hogei minutuko zortzi atalekin osatu dute telesaila.

Azkenik, asteburuko agenda hitzorduak jorratuko ditu Bizigiro-k; tartean, Santurtzin (Bizkaia) egingo duten Sardinera Egunaren berri emango du. Itsasoari lotuta lan egin duten emakumeak omenduko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.