Udazkeneko uzta dastatzear

Fermin Balentzia eta Jesus Aiesa abeslariek estreinatuko dute, gaur, Baserriko Uztaren bigarren denboraldia: Oibarko Mendiko Upategietan egingo dute lehenengo saioa

Iaz hasi ziren Baserriko Uzta saioak: lehenengoa, udazkenekoa, Antzuolako (Gipuzkoa) Pikunieta baserrian egin zuten, eta Anari aritu zen kantuan. BERRIA.
Maialen Unanue
2018ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Dagoeneko bildu dituzte mahatsak, eta amaitu da ardoen hartzidura. Orain deposituetan dute dena, garbitzeko prest, eta hilabete barru hasiko dira mahastien inausketan pentsatzen. Halaxe azaldu du Imanol Ibero ardogileak: Oibarko (Nafarroa) Mendiko Upategietako semea da, eta han egiten duten lana azalduko die gaur Baserriko Uztaren barruan antolatutako bisitara doazenei. Izan ere, iazko saioekin pozik daude antolatzaileak, eta Baserriko Uztaren bigarren denboraldia egitea erabaki dute.

Urtaro bakoitzeko baserri bat eta musikari bat lotu nahi izan zituen EHKOlektiboak, baina, negukoa bertan behera gelditu, eta hiru saio egin zituzten azkenean: udazkenekoa, udaberrikoa eta udakoa. Aurten ere hiruko sortari eutsi diote, Oier Aranzabal antolatzaileak azaldu duenez. «Komunitatea» osatzea izan zuten helburu aurrekoan, eta lortu zutela uste dute; beraz, balorazio «oso ona» egin dute.

Formatu txikiko kontzertuak dira Baserriko Uztako saioak, propio: «Oinarri gisa Paperezko Kontzertuak hartu genituen, hain justu masifikazioaren aurkako formatu gisa, bere txikian kalitatezko kultura eta gertukoa bultzatu nahi duena». Gaurko, esaterako, 70 laguneko muga jarri dutela azaldu du Aranzabalek: gehieneko muga hori baserriaren araberakoa izaten da.

Ez da kontu hutsala: baserri edo etxaldeak guztiz baldintzatzen ditu saioak, goitik behera. Horrek egiten ditu berezi. «Baserri bakoitzak berea du: bakoitzean lehengai desberdinak erabiltzen dituzte, produktu ezberdinak ekoizten dituzte. Gaurkoa upategi batean izango da, eta orain arte bizi izan ez dugun esperientzia bat biziko dugu». Iazko saio bakoitza halakoa izan zen, desberdina: Anarirena ukuilu batean izan zen, Rafa Ruedarena larre batean, eta Mikel Urdangarinena, baserriaren portxean.

Bada, ordea, batetik bestera aldatzen ez den zerbait: parte hartzaile guztien arteko gertutasuna. «Orain arte egin ditugun guztietan, oso positiboa izan da: jendea oso pozik joan da. Asko estimatu dute nekazaritza mundua ezagutzea nekazariek beraiek azalduz nola egiten duten lan».

Kultura deszentralizatzea

Hain zuzen ere, neurri txikian aritzeak egiten du berezi Baserriko Uzta. «Uste dut aberasgarriak direla kontzertuok, kontrajartzen direla gaur egun horren hedatua dagoen kontzertu edo festibal handien formatuarekin: horiek gutxietsi gabe, ihes egiten dugu formatu masifikatutik». Parte hartzaileekin gertuko tratua izatea ahalbidetzen die horrek: «Guztiekin tratu pertsonala izaten saiatzen gara, bai nekazariekin, bai musikariekin: haiekin hitz egiteko aukera dago, pertsonalki ezagutzekoa, eta antzoki batean edo formatu handiko kontzertu batean baino askoz ere modu humanoagoan bizitzeko aukera dago».

Antolatzaileen ustez, hala ematen ez badu ere, uste baino gauza gehiagotan datoz bat musika eta nekazaritza. «Bazterreko bi mundu dira, ez dutenak, akaso, zentralitaterik gure gizartean». Aranzabalen ustez, antzeko arazoak dituzte biek ere: «Nola bizi kulturatik, nola bizi nekazaritzatik: hainbeste krisi desberdin batu diren honetan, ez da erraza horietatik bizitzea». Kultura eta nekazaritza urruneko ikus daitezke, agian, kultura hiriburuetan zentralizatu delako: Baserriko Uztak, hain zuzen, kontrakoa egin nahi du: kultura deszentralizatu. Bi mundu «oso desberdin» izan arren, asko dute eskaintzeko elkarrekin: «Musikariek eta nekazariek elkar ezagutzen dute, espazio bat konpartitzen dute, eta euren sorkuntza eskaintzen diote etortzen den jende guztiari».

Gaur Fermin Balentzia eta Jesus Aiesa arituko dira kantuan, Mendiko Upategietan: bi abeslari nafar Nafarroako etxalde batean. Aranzabalek esan duenez, hurrengoetan baserriak eta musikariak lurralde desberdinetakoak izan daitezen ahaleginduko dira, elkar hobeto ezagutzeko. Proposamen interesgarriak osatzen saiatzen dira beti: «Musikarientzat eta nekazarientzat duina izatea da gure obligazioa».

Upategi «txikia» da Mendiko, Iberoren esanetan. Hamalau hektarea mahasti dituzte: 100.000 litro ekoizteko gaitasuna du upategiak, baina 40.000-50.000 litroren bueltan ibiltzen dira. Batez ere, ardo beltza egiten dute, baita gorri pixka bat ere, urtekoak eta onduak.

2001ean jarri zuten martxan upategia, eta hasieratik erabaki zuten ardoa modu ekologikoan ekoiztea; aita horretan sartuta zebilen aspaldian. «Naturarekin bat lan egiteko nahiak bultzatuta egin genuen, frogatzen ari den bezala, osasunaren onerako delako, lurrarentzat zein kontsumitzaileentzat». Aitak, arrebak eta hirurek egiten dute prozesu guztia: eurek ekoitzi, botilatu eta saltzen dute ardoa. Denda bat dute Iruñean, zuzenean saltzeko: «Kontsumo elkarteen bidez saltzen dugu, baita Iruñeko dendaren bidez ere: gure produktua ez du inork guk bezain ondo ezagutuko eta defendatuko».

Hurrengoak, martxan

Denboraldiko hurrengo bi saioak marrazten hasiak dira dagoeneko. Udaberrikoa Anuntzetan (Araba) egingo dute, marmelada ekologikoak egiten dituen Beltzitina etxaldean; musikariak lotzea eta eguna jartzea falta zaie. Udakoa Pagolan (Zuberoa) egingo dute, Safran Lilia etxaldean: azafraia landatzen du han Xexili Sahalburiak; Eñaut Elorrieta arituko da kantuan, baina ez dute zehaztu eguna oraindik. Derrigorrezkoa da izena ematea saioetara joateko, [email protected]-era idatzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.