Iker Markinezek garai honetako barazkiak eta otarrainxkak oinarri hartuta prestatu du aste honetako errezeta.
Gernika kuia, pusketa bat Aza Tipulin gorria Baratxuria 12 otarrainxka Oliba olio birjina Gatza
Lehenik, barazkiak garbitu eta prestatuko ditugu. Azari lehen hostoak kendu ,eta gainerakoa erditik moztuko diogu. Beheko aldean zati gogor txurixka bat ikusiko dugu. Kendu labanaren laguntzarekin. Ondoren, juliana moduan moztu. Lapiko batean ura jarri gatz pixka batekin, eta, irakiten hastean, hamar minutuz bertan egosi. Ondoren, atera, hoztu eta gorde. Ohitura dugu, normalean, denbora gehiago egosteko, baina ikusiko dugu errezeta honetan hamar minutuz egosita ere nahikoa dela, eta, gainera, zapore handiagoa izango duela.
Gernika motako kuia aukeratu dugu gaurkoan. Zuritu, eta, ondoren, bi zetimetroko xaflak egin. Horiek karratu txikietan moztu. Hori ere egosten jarri, azarekin egin dugun bezalaxe, baina bost minutuz. Gorde.
Tipulin gorria zuritu, eta juliana moduan moztu. Zartagin batean oliba olio pitin batekin erregosten jarri, eta su ertainean erregosi, kolore gehiegi har ez dezan.
Ondoren, otarrainxkak zuritu, burua kendu, eta gorputza osorik utzi. Baratxuriak, hiru ale, puska txikietan xehatu.
Azken pausoa bakarrik falta zaigu, baina aurrez barazki guztiak prest ditugula egingo dugu. Juxtu platera mahaira atera aurreko momentuan egingo dugu.
Zartagin zabal bat hartu, eta berotzen jarri. Baratxuriak gehitu, oliba olio txorrotada on batekin. Baratxuriak gorritzen hastean, otarrainxkak gehitu, eta gatz pitin bat ere bai. Bi minutuz erregosi, eta otarrainxkak plater batera atera. Zartaginean geldittu den olioari eta baratxuriari aurrez prestatuak ditugun barazki guztiak gehitu. Sua indartu, eta bertan mantendu hiru bat minutuz, dena nahastuz.
Azkenean, berriro otarrainxkak gehitu, berotu daitezen. Eta, dena berotuta dugunean, platereratu. Azpian barazkiak jarri, eta goialdean otarrainxkak.