Udazken koloreko uzta

Baserriko Uzta egitasmoaren ekitaldia Nafarroa Beherean egingo dute gaur, Oihanartia etxaldean. Xendarineko ahizpen ahots eztia lagun, baserritarren egunerokoa ezagutzeko aukera izango da.

Ibarrolako Oihanartia etxaldearen kanpoaldea. BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Elkar ezagutzea da Baserriko Uzta. Horretarako irekitzen dituzte ateak etxaldeek, soinuen kutxa musikariek, eta galderena bisitan joaten direnek. Oihanartia etxaldea da oraingoan ateak parez pare irekiko dituena (Ibarrola, Nafarroa Beherea), eta Xendarineko Ahizpek jarriko diote doinua juntadizoari. Gaur izango da (10:30)—irailaren amaieran bukatu zen izena emateko epea—.

«Lurrak, hizkuntzak eta kulturak egun batez batu egiten gaituzte». Jean Marie Irigoinek laburbildu du bikain egitasmoaren filosofia. Oihanartia etxaldeko kideetako bat da. «Beste egitasmo batzuk ere antolatu izan ditugu etxaldean: Etxaldez Etxalde izenekoa, esaterako, eta badakigu zer den jendea etxean jasotzea», azaldu du. Eta gaur bertaratzen direnek zerekin egingo duten topo? «Zakurrarekin sarreran», esan du Irigoinek, txantxetan. Haragitarako behiak dituzte, esnetarako ardiak eta zerri hazkuntza bat ere bai. 2008an hasi ziren ekoizpen ekologikoan lan egiten: «Biharko Lurraren Elkarteak eskainitako formazio batzuk egin eta besteen esperientziak ikusi ondoren, poliki hasi ginen gauza kimikoak uzten, konposta geroz eta hobeto erabiltzen...». Behikia eta txerrikia saltzen dituzte, fresko zein kontserban —lukainkak, saltxitxak eta xingarrak, besteak beste—, bildotsak kooperatibari saltzen dizkiote, eta gaztak ere hasi dira egiten. Etxaldean bertan duten saltokian saltzen dituzte produktuak, Sarako (Lapurdi) azokan ere izaten dira, eta Hego Euskal Herriko azoka ekologikoetan ere bai.

Horiek guztiak dastatzeko aukera izango dute gaur etxaldera bertaratzen direnek. 10:30ean izango da ongietorria, etxaldea bisitatu eta ezagutuko dute ondoren, hamaiketakoa hurrena, Xendarineko ahizpen kontzertua gero, eta bazkaria azkena.

Bi urtaroren bueltan aurten

Bi urteko etenaren ondotik abiatu dute aurten berriz ere egitasmoa EH Kolektiboak eta Iametza komunikazio enpresak, elkarlanean. Pandemiarengatik utzi zuten bertan behera, baina bi urtaroren bueltan antolatu dute aurten: udaberrikoa egin zuten Anizen (Baztan, Nafarroa) eta udazkenekoa egingo dute gaur, Ibarrolan (Nafarroa Beherea).

2017an hasi zuten egitasmoari emandako segida da. Antzuolako (Gipuzkoa) Pikunieta etxaldean egin zuten lehenengo Baserriko Uzta hura, eta Anarirena izan zen orduan kontzertua. Gerora bisitatu dituzte Urduña (Bizkaia), Arbona (Lapurdi), Oibar (Nafarroa), Anuntzeta (Araba), Pagola (Nafarroa Beherea) eta Eibar (Gipuzkoa). Lurraldetasuna zaintzen dute, ekoizpen mota txandakatu egiten dute, eta musikarien estiloa eta generoa ere kontuan hartzen dituzte.

EH Kolektibokoek diote «komunitatea» sortzea dela halako ekinbideen helburua, eta sareak sortu eta indartzea: «Bazterreko diren diziplinek, eragiteko, elkartu behar dutela iruditzen zaigu. Laborantzaren mundua eta euskal musikarena bazterreko arloak dira». Eta, bide beretik, kalearen eta landa eremuaren «lotuneak» nahi dituzte bilatu: «Inoiz gutxitan elkar ukitzen duten bi munduren arteko zubia izatea da xedeetako bat».

Jean Marie Irigoinek ere ikusten du lotuneen beharra: «Egiazko ekologikoak garenez, anitz denbora pasatzen dugu esplikatzen, eta jendeak nahi du jakin. Zernahi ateratzen baita: labela, bioa... Jendea tronpatu egiten da».

Bezero asko «nahasiak» direla dio Irigoinek: «Galdera asko pausatzen dizkigute. EH Kolektiboa, justuki, duela hamar bat urte sortu zen ikusiz laborantza biologikoko araudiak zinez lasaitzen ari zirela Europan. Laborarien artean erabaki zen zerbait egin behar zela Euskal Herrian, berriz zentratzeko gure egiazko praktika zein den. Badirelako biologikoan ari direnak metodo industrialak erabiliz. Guk gurea defendatu behar dugu, eta gure etxaldeak jendeari irekiz hobeto esplikatzeko parada dugu. Etxaldean bertan bada, askoz hobeto. Publiko hori behar dugu, eta guri dagokigu hori esplikatzea».

Alde horretatik, gaurko ekitaldirako Xendarineko Ahizpak aukeratu izana ere ez da kasualitatea. «Lekuko artista batzuei egin nahi genien tokia. Ez dira agian besteak bezain ezagunak, baina orain parada da ezagutuak izateko. Zinez guretzat badute maila, eta inportantea zen guretzat lekuko gazte batzuk izatea», nabarmendu du Irigoinek.

Izan ere, Aline eta Karine Etxeberrik osatzen dute Xendarineko Ahizpak bikotea, eta Urepelekoak dira (Nafarroa Beherea). Ohi duten moduan, ahots hutsez ariko dira Oihanartia etxaldean ere. Irigoin: «Horrek ere dena sinplifikatzen eta edertzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.