Bihar Berrian

Udazken koloreko bazterrak

Hasi da eguna mozten, haizea freskatzen eta paisaia aldatzen. Argazkilari baten, kirolari baten, idazle baten eta gida baten udazkeneko txoko maiteenak jorratuko ditu bihar ‘Bizigiro’-k.

Aralarko Osinberde putzua (Zaldibia, Gipuzkoa). IGOR ETXABE
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2019ko irailaren 20a
11:31
Entzun

Uda amaitzear da eta udazkena ate joka hasi da: kolore gorria hartuko dute hostoek eta haize harroak biluztuko ditu zuhaitzak. Errekek eta ibaiek gora egingo dute, euria eta ekaitzak iritsi ahala. Badira udazkenaz gozatzeko hamaika bazter Euskal Herrian, nola mendi inguruetan hala hirigunetik gertu ere. Euren toki maiteenak zein dira azalduko dute bihar Ander Olaizola argazkilariak, Oihana Azkorbebeitia mendi lasterkariak, Iker Iriarte gidak eta Aurelia Arkotxa idazleak Bizigiro sailean.

Dantzak ere izango du tartea; hain zuzen, Oinkari dantza taldeko sei kideren egunerokoa jorratuko du Bizigiro-k. Gazteak dira, 15 urte bueltan dituzte. Ikasten ari dira oraindik, baina dantzari profesionalen bizimodua dute: Euskal Herrian eta handik kanpo ibili dira udan, Korrontzi Dantzan eta Laida Pilota ikuskizunetan dantzatzen.

Zinemaren atalean, Agur Etxebeste filmaren nondik norakoak aletuko ditu Gontzal Agotek. Asier Altuna eta Telmo Esnalen lana labetik atera berria bada ere, 2005ean du ernamuina: Aupa Etxebeste! filma egin zuten urte hartan; familia baten oporraldi xelebrea zuten kontakizun. Orduko aktoreek jokatuko dituzte oraingoan ere filmeko protagonisten rolak.

Gastronomian, berriz, Berako (Nafarroa) Sarobe okindegi eta gozotegia ezagutzeko aukera izango dute irakurleek. Haien lana egiteko moduaz gain, gozotegian dasta daitezkeen produktuak ere aurkeztuko dituzte Sarobekoek; hala nola, ogiak, opilak edo txokolatezko gozoak.

Astebururako planik egin ez dutenek, berriz, proposamen ugari topatuko dituzte egunkarian; tartean, Europako Ondarearen Egunak izango dira Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Bisitak, tailerrak, ikuskizunak eta beste hainbat ekintza egingo dituzte. Urriaren amaierara arte izango da ondareaz gozatzeko aukera, hurrengo asteetan hartuko baitute lekukoa Nafarroak, Gipuzkoak, Arabak eta Bizkaiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.