Udari agur Olarizu egunean

Gasteiztar ugari bildu da Olarizun, ohiko babarrun janaz eta erromeriaz eguzkipean gozatzekoUrtero legez, udalerriko mugarriak bisitatu dituzte goizaldean udal ordezkariek

Babarrun jana egin zuten atzo Olarizun. Janaria banatzen hasi orduko, ilara luzea egina zuten bertaratutakoek. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2012ko irailaren 11
00:00
Entzun
Ez dirudi eguzkiak Gasteiz berotzeari utzi nahi dionik, baina udazkena ate joka dator eta udak laster batean egingo du ihes. Olarizu eguna agurrerako aitzakia bihurtzen da urtero, eta aurten ere ez da gutxiagorako izan. Izan ere, XIX. mendetik aurrera, belaunaldiz belaunaldi, Olarizuko mendiaren magaletara joateko ohiturari eutsi diote gasteiztar ugarik. Bistakoa da gasteiztarrek estimu handia diotela iraileko Andre Mariaren ondorengo lehen astelehenean egiten den erromeriari. Hala, Olarizu dantzaleku bihurtu zuten egun batez eta, musika doinuen artean agur esan zioten urtaro beroari.

Eguzkiak gogoz berotu zuen goizetik, baina askok udako azken egunei probetxua atera nahian, oinez egin zuten Olarizurako bidea. Eguerdiko ordu bata aldera, sekulako jende ilara zegoen, babarrunak noiz banatuko zain. Boilur Arabako Gastronomi Elkarteen Federazioko kidea da Silvestre Aracama eta izerdituta zioen «goizeko hamarretan» jarri zituztela babarrunak irakiten. Sei bat lapiko handi zeuden, guztiak babarrunez beteak. «2.500 errazio banatzeko beste babarrun ditugu», azaldu zuen. Gasteiztar gehienak arratsalde partean agertu ziren Olarizura, baina bazen goiz-goizetik bertaratu zenik ere. «Hamaikak aldera etorri gara, babarrunak nola prestatzen dituzten ikustera», zioen ilarako lehen bikoteak.

Bazkaria banatzen hasita, itzal bila hasi zen jendea, tripak eguzkitik babestuta betetzeko. Haren txanda iritsi bitartean, aterkia irekita zeukan Marisak. «Barre egiten du jendeak, baina aterkiarekin ederki nago ni», zioen algara artean. Ez du lehenengo aldia Olarizun eta badaki nola edo hala berotik babestu beharra dagoela.

Haurrek ere izan zuten non gozatu, gaztelu puzgarri, erraldoi, eta txotxongiloak bertan izan baitziren, jolaserako prest. Txikienek jolastu bitartean, Udal folklore akademiako gaita jotzaile eta trikitilari bandak larrain dantza eta txulalai doinuekin girotu zituzten belardiak.

Mugarrien tradizioa

Ohiturari jarraituz, udalerriko mugarriak bisitatu zituzten udal ordezkariek. Udal Txistulari bandaren laguntzarekin, 9,6 kilometroko ibilaldia osatu zuten. Plaza Berritik abiatu ziren 09:00etan, eta Uribarri Nagusia, Bolibar, Gamiz, Otazu, Askartza, Arkaia, Monasterioguren, Elorriaga, Arkauti, Betoñu, Mendiola, Gaztelu, Aretxabaleta eta Gardelegiko mugarrien arteko ibilbidea egin zuten.

Protesta artean egin zuten bidea. Izan ere, fracking-aren aurkako taldeak eta zerbitzu publikoen aldeko langileek aldarrikapenak egin zituzten, besteak beste. Bertan izan ziren Herrira-ko kideak ere, Uribetxeberriaren berehalako askatasuna eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.