Red Bay munduko itsas ondarearen santutegi nagusietakoa da. Gure aurrean dugun badia txikian, lau euskal nao, lau baleontzi daude urpean, hamar metro inguruko sakoneran. Saddle Islanden, itsasora ematen duen badiaren hegian, ehun eta berrogei euskal marinel daude lurperatuta, itsasoari begira. Uharte osoan zehar, han- hemenka, balearen koipea urtzeko labeen aztarnak, kupelak egiteko etxolenak, eraikin horientzat Euskal Herritik ekarritako teila pilak... Euskaldunek Ipar Amerikako iparreko lurmutur honetan duela bost mende eraikitako mundu txikia. Ipar Amerikako lehen industria jarduera. XVI. mendeaz geroztik, zenbait hamarkadatan, Red Bayk ia bi mila euskaldun inguruko biztanleria izan du, oraingoa laukoizten duen biztanle kopurua.
Herriko eskolan eman digute ostatu, Basque Memorial izenekoan, eta hogeita hamar euskaldun bildu gara hemen; Cindy Gibbonsek, Parks Canadak Red Bayen duen arduradun nagusiak, barrezka esan digunez, azken mendeetan Labradorko lur eremu honetan bildu den euskaldun talderik handiena. Garai batean, hemendik eta iparrerantz, Groenlandia azpiraino, euskaldun biztanleria bederatzi milakoa izatera heldu zen. Eta Gibbons andereak esan duena ez da berriketa hutsa. Munduko itsas ondarearen santutegia urperatutako ontziz eta marinelez osatu dugun herritarrok, garai batean gure herriaren, Euskal Herriaren gizartearen motor nagusia izan zen horren bila, balearen koipearen bila, milaka etorri ginenok, hango uretan 35 mila balea baino gehiago ehizatu genituenok, lur agor eta idorrean bertako indigenekin batera gizartetxo bat eraiki genuenok, memoriaren hondoan urperatuta eta lurperatuta daukagu Red Bay.
Robert Grenier Kanadako itsas ondarean aditu nagusietakoa eta mundu mailako itsas arkeologo entzutetsua da. Guri dagokigunez, Albaolaren lagun ona da, eta Apaizac Obeto espedizioaren bultzatzaile nagusietakoa; berak utzi zion Albaolari txalupa eraiki ahal izateko txostena. Berak eraman gaitu egun hauetan atzera eta aurrera, berak eman azalpenak, eta berak egin gestioak. Xehetasun osoz eta luze azaldu digu euskal asentamenduaren berri. Eta berak guk bezala ikusten ditu aztarnen gainean oihuka zebiltzan arrantzaleak, mailu kolpeka lanean ari ziren kupelgileak, baleak zekartzaten naoen egur hots atabikoak entzunez, balearen koipearen usain sarkorra eta ke beltza airean, badia osoaren bueltan.
Red Bayra iritsi garenean, jende andana genuen zain portutxoan, Beothuk noiz azalduko. Badiako sarreran, sartzeko orduaren zain ginela, txalaparta hotsak entzun ditugu, infernuko hauspoaren hotsak, urduri gaude. Estropada aurreko sentipenen antzekoak dira. Zazpiehun itsas milia nabigatu ditugu, mila eta berrehun kilometro inguru, eta arraunkada batzuk baino ez ditugu falta, San Juan euskal nao baleontziaren gainean kulunkatzeko. Gainean ezarri garenean, arraunak gora altxatu ditugu.
1565ean hondoratu zen Pasai Donibanen eraikitako ontzia, Red Bayko urpeko altxorra eta Unescok munduko itsas urpeko ondarearen ikurtzat aukeratu duena bere zigilurako. San Juan galeoia, zazpi itsasoetan aurkitutako XVI. mendeko ontzi guztien artean, osoen dagoen eta informazio gehien eskaini duen ontzia da. Munduko itsasontzi guztietan osoen aurkitu eta berreskuratu dena. Bostehun urte pasatu eta gero, Labradorko ur hotzetan mantendu izanak erabat kontserbatu du. Selma Barkhamek hainbat urtean Oñatiko artxibategian ahaztua egon den agiri bat aurkitu zuen: bertan aipatua zen Butus, gaur egungo Red Bay, eta San Juan naoaren hondoraketaren berria. Hari horri tiraka, 1979an, Robert Grenierrek eta haren lan taldeak baleontzia topatu eta urte luzetako lana hasi zuten. Eta euskal ontzia piezaz pieza uretatik ateratzean, ezkutuan gordetzen zuen sekretua aurkitu zuten, San Juan-aren oparia, itsas arkeologia altxor txikia: munduan inoiz aurkitu den txaluparik zaharrena, ia osorik , ia pieza guztiekin, lokatz artean sartua, mendez mende kontserbatua, Beothuken ama. Red Bayn, eraikin bat dago, soilik gure txalupa originalarentzat. Eta gure esatea estuegia litzateke. Munduarenak dira jada. Txalupa hori eta San Juan galeoia, badiako urpean aurkitutako pitxerrak, ontziak, lan tresnak, ontziaren piezak,Saddle Island uharteko hobietan aurkitutako arropa zatiak, hildakoen objektuak, labeak, upeltegiak... denen artean garai baten, langintza baten, gizarte baten mosaikoa osatzen dute, inon dagoenik eta osatuena, laster gizateriaren ondare izendatuko dena.
MUNDURA ZABALTZEKO LEIHOA. Beothuk txikia Red Bayko badian sartzea historiaren putzu zahar eta sakonean egurrezko ontzia sartzea da, argitara ur freskoa aterako duena. Elkarte txiki batek egindako ahalegina izan da, gure gozamenetik askoz haratago, gure herriak bere historia ezagut dezan egindako ahalegina. Kanadako Gobernuak milioika dolar inbertitu ditu badia honetan, gure herriarena eta orain, haien lanari esker, mundu osoarena den ondarea eta historia berreskuratzeko. Eta bidaia honetan ondorio garrantzitsu bat atera ahal izan dugu: Euskal Herriak mundura zabaltzeko duen leihorik handiena da itsasoa. Gure itsas historia munduko herri guztien artean aurreratuenetakoa izan da, gizaldiz gizaldi. Holandarrak, ingelesak, frantsesak, espainiarrak... denek ikasi zuten euskaldunengandik nola balea ehizatu, txalupak nola eraiki, munduko azken lurmutur honetarako bidea... Euskal Herria gainerako herriekiko ezertan aurreratua izan bada, itsasoan izan da.
XVI. mendeko euskal gizartea itsasoari eta itsasotik begira bizi zen gizartea izan da. Garai hartako petrolioa zen balea koipearen ekoizpenak eta salmentak Euskal Herria gizarte ekonomikoki indartsua eta aurreratuagoa bihurtu zuen, eta lehorreko zein kostaldeko gizarte osoak jiratzen zuen olio beltzaren bueltan. Latitude hauetatik Euskal Herrira eramandako kupel bakoitzak gaur egungo 7.000 dolarreko balioa zuen, Grenierek esan digunez.
Gure bidaia osoan zehar arrasto horri segika etorri gara, han eta hemen zer garen azalduz, baina, batez ere, zer izan ginen aztertzen, entzuten, ikasten. Gure itsas iragana mundu osoan zabalduta dagoen ikurra da, gure herriaren marka. Leku askotan esan digute ea bikingoak ote ginen. Haiek sortu dute beren marka, ezagunak dira, erreferentzia. Guk ez. Gure burujabetza ezak horretan ere izango du zer esanik. Ez gara inoiz Euskal Herri bezala aurkeztuak izan, euskal herritar bezala. Beti izan gara frantses edo espainiar. Haiek eta haien izenean idatzi dute gure historia.Eta are okerrago. Gu geu ere ez gara inoiz arduratu gure historiaren pareko erantzuna eta zabalkundea ematen. Ez dugu mundu mailako leihorik sortu, ez behar beste diru eskaini. Ez inoiz benetako kezkarik izan, azterketan, gainerako herrialdeekin elkarlanean. Pasioa, jakiteko gogoa, historiaren ur hotzetan gorputza osorik murgildu eta hatz puntekin zerbait esango dizun egur zati zahar bat ukitzeko. Gure hezkuntzan ez da dagokion neurrian aztertzen, ez unibertsitateetan, ez umeekin, ez helduekin. Eta hemen, Kanadan, erakunde nagusiek Albaola elkarte txikiari emandako erraztasunak eta laguntzak aipatzeaz gain, jendeak guri gure ibilbide luzean zehar emandakoak aipatu behar ditugu. Guri buruzko zenbat informazio bildu ahal izan dugun haiei guztiei esker! Euskal Herria munduan ez dela soilik lehorreko gertakizun mikatzengatik ezaguna frogatu ahal izan dugu. Alta, gehiago ezagutzen gaituztehainbat gizaldi aurrerago eta duela oso gutxira arte gure marinelek eta ontziek egindako balentriengatik.
Red Bayen euskal komunitate bat irudikatzen duzu, Hegoaldeko eta Iparraldeko euskal herritarrez osatua, euskaraz mintzo zena, garai hartako baliabideekin, ipar hemisferioko lur eta ur hotzetan lanean. Urrun, oso urrun zeukaten haien herriaren gurditik tiratzen zuten idiak.
Lan asko dugu egiteko, beharrezkoa da lan hau egitea. Eta egin ahal izateko, kontzientzia behar da, jakin-mina, pasioa, indarra, kezka, interesa, laguntza eta, nola ez, dirua. Liburu zahar batean esana da itsasoaren erasoek lortu ez zutena burokraziaren itsasoak lortu zuela: euskaldunen itsas urruneko nabigazioa amaitzea. Red Bayko ongietorrian, etxekoen eta lagunen berotasuna izan dugu inguruan. Parks Kanada, Kanadako natur parke guztien kudeaketaren arduradun nagusia. Ternuko eta Labradorko agintaritza nagusiak eta bertako indigenen ordezkariak. Goi mailako ordezkaritza. Gure herriaren ordezkaritza, espedizioko eskifaia eta gurekin han bildutako hogeita hamar lagunak ginen. Ez da gutxi.
ESKERRIK ASKO. Eta hemen gaude, Red Bayn, badia zoragarri honi begira. Eta ez dugu inoiz ahaztuko egun hauetan hemen egin diguten harrera. Gure historiaren inguruan eraiki duten azterketarako eta zabalkunderako egitura sarea, urte luzeetan egindako lan zientifikoa, hori ezagutzera emateko egindako ahalegin ekonomikoa,bihotzez eskertu diegu. Guk Quebecetik abiatu eta Labradoreraino egin dugun ahalegin gozoa bera ere, haien lana eta gurekiko jakin-mina eskertzeko gure modua izan da. Baina, batez ere, gure gizarteari, euskal gizarteari, gure iraganaren berri emateko modu ikusgarria eta bizia izan da, gure erakundeek bere egin beharraren kontzientzia har dezaten, hurrengo belaunaldiek guri eman ez zaigun historiaren berri izan dezaten. Zer izan ginen ulertzea, ezagutzea, zer garen ulertu eta jakin ahal izateko.
Itsasoa ez da soilik arrantza eta lehiaketa. Hori da Albaola elkarteak erakutsi nahi duena. Itsasoa hori baino gehiago da. Gozatzeko dugun eremua, aztertzeko dugun historiaren putzua da itsasoa. Lurra bezala, itsasoa ere ama da.
Apaizac Obeto espedizioko kideok lagundu diguzuen guztiei gure arraunkadarik sendoena eskaini nahi dizuegu: etxekoei, Albaola elkarteko kide guztiei, diru laguntzak eman dizkiguten erakundeei, Quebecetik hona ezagutu ditugunei eta web orriaren bitartez jarraipena egin diguten lagun guztiei, prentsaren bidez jarraitu gaituzuenei... denei gure eskerrik zintzoenak.
Eta Red Baytik abiatu aurretik agindu bat egin dugu, promes bat: itzuliko gara, urte gutxi barru, San Juan izeneko euskal baleontzian itzuliko gara, eta hemen gure zain daude jada, sinesten digutte. Bitartean, haize ona izan dezazuela!
Apaizac Obetoespedizioko kideak.
Euskal Herria ez dela soilik lehorreko gertakizun mikatzengatik ezagutzen erakutsi digute
XVI. mendeaz geroztik, zenbait hamarkadatanbi mila euskaldun ingurubizi izan dira Red Bayn
UDAN BAI. UDAN BAI
'APAIZAC OBETO' ESPEDIZIOA. Red Bayko adierazpena. Red Baynen dira arraunlariak, eta euskaldunek han bizitakoen berri zuzena jaso dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu