Udalaren egitaraua osatuko du txosna batzordeak

Farolapeku ekitaldian, Mikel Uraken, Mikel Enziondo eta Erramun Martikorena arituko dira

Euskal nortasuna bultzatzea du xede txosna batzordeak. BERRIA.
2015eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Lekeitioko Udalak antolatzen duen egitarautik at, herriko txosna batzordeak bestelako programa aurkeztu ohi du, duela bost bat urtetik. «Udalak bere egitarau propioa du, eta gure helburua da dituen gabeziak betetzea», azaldu du Xabi Goitia Lekeitioko Txosna Batzordeko kideak.

«Herri osoarentzako egitaraua da gurea, haur, gazte zein helduentzako. Ekitaldiak egunez eta gauez izango dira», gehitu du Goitiak. Aurten, berrikuntza bat dute; izan ere, Farolapekua izenburupean, zenbait ekitaldi berezi antolatu dituzte herriko parkean, arratsalde-iluntze partean. Doakoak izango dira ikuskizunak, eta herritar oro biltzeko aukera emango du. Bihar, Mikel Uraken musikariaren kontzertua egongo da, eta jarraian, barazki burruntzi jatea; irailaren 4an, Mikel Enziondo eta lagunak arituko dira 19:30ean; irailaren 5ean, Erramun Martikorenak emanaldia eskainiko du, eta segidan, atun erre jatea egingo dute; eta irailaren 7an, Zer duzu, Amy? izeneko antzezlana ikusteko aukera izango dute hara biltzen direnek, 19:30ean.

«Jaietako egun guztietan saiatzen gara zerbait antolatzen, baina Antzara Eguna, berez, herriarentzako egun garrantzitsua eta handia izaten denez, ez dugu aparteko ekitaldirik antolatzen; edonola ere, laranjaz janzteko deialdia egingo dugu, Libre ekinbidearen alde», azaldu du Goitiak. Horretarako, elastikoak banatuko dituzte.

Txosna batzordeko kideak, halaber, batzordea osatu zutenetik bi taldetan banatzen direla gehitu du; hots, bi gunetan: portua eta parkea. «Aurten helarazi nahi dugun mezua zapart da, eta salto egitea esan nahi du, lekeitiarrez. Salto gure txosnetara, euskaldunon nortasuna antzematen den guneetara, alegia. Feminismoa eta euskara sustatzea da xedea».

Gaur, kuadrillen jaitsieraren eguna eta jaien lehenengo eguna izaki, 20:30ean irekiko dituzte txosnak. Gauean, DJ Koolek jarriko du musika 00:00etan. Bihar, Amnistia Eguna ospatuko dute, eta horren harira, omenaldia egingo diete 1972an hil zituzten bi biktimei. Arratsaldean, ordea, izango dute zertan gozatua: Altxorraren Bila jolasa egingo dute parkean 18:00etan, baita Ume Gaiztoen festa ere, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.