Kepa Junkerarekin, Ibon Koteronekin eta Etxak txalaparta bandarekin ibili izan da Iñaki Plaza (Bilbo, 1976). Europan, Amerikan eta Asian eman ditu kontzertuak. Baina Plazaren azken proiektuak kutsu lokalagoa du, hark izan baitu Zu zeu jaia! Amurrioko jaietako abestia konposatzeko ardura. Nahiz eta «azken minutuko sorpresa» bat izan zen, Plazak «ilusio handiarekin» bete zuen Amurrioko Udalak eskatutakoa.
Nola heldu zitzaizun abestia egiteko proposamena?
Udalekoak zuzenean jarri ziren nirekin harremanetan, esanez jaietarako abesti bat nahi zutela. Udalak ereserki baten antzeko zerbait nahi zuen, abesti alai bat, jendearen gustukoa... Jaietarako abesti tipikoa nahi zuten, betiko kontua.
Musika eta hitzak zeuk egin al dituzu?
Ni abestiaren atal musikalaz arduratu naiz soilik. Abestiaren letra Izar Mendiguren bertsolariari enkargatu nion.
Nola izan zen abestia musikatzeko prozedura?
Beti erabili izan dudan prozedurari jarraitu diot: lehenik, trikitiaren doinua eta base akustikoa erabilita, abestiaren musika instrumentu birtualen bitartez sortu nuen. Gero instrumentu jotzaile bakoitzari bere zati birtuala bidali nion, bakoitzak bere zatia ikas zezan, ikasi ondoren atal musikala grabatzeko.
Ezberdina al da abesti bat zuretzat edo beste batentzat egin behar izatea?
Bai, ezberdina da oso. Abesti bat zurea egiten ez duzunean, abesti hori enkargu bat denean, beste faktore batzuk daude tartean. Jaietarako abesti batekin, adibidez, jende gehienaren gustukozerbait sortzen duzu, ez dituzu zure barrenak musikaren bitartez husten... Beste zerbait duzu kontatzeko.
Entzun al dute amurrioarrek abestia jada? Ala lehenengo aldiz entzungo da jaien hasieran?
Uztailean aurkeztu zen ofizialki abestia, eta orduz geroztik izan da hainbat irratitan entzuteko aukera. Interneten jarri da, sare sozialen eta Whatsappen bidez ere zabaldu da... Jaien hasieran megafoniatik entzun ahal izango da, bai, baina jendeak ez du lehen aldiz entzungo han; abestiak bere ibilbidea egin du aurretik.
Iñaki Plaza. Musikaria
«Udalak ereserki bat nahi zuen, abesti alai bat, jendearen gustukoa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu