Iker Markinezek udaberriko zizekin osatu du aste honetako errezeta.
Zizak. Brokolia. Azenarioa. Tipula. Baratxuri freskoa. Arrautzak, 4. Gatza. Oliba olio birjina.
Udaberrian sartzearekin batera eta zortekoak direnei dagoeneko handik edo hemendik azaldu zaizkien zizekin egingo dugu gaurko plater goxoa. Zortekoak gu: aurkitu dugu ziza eskukada bat, eta gaurko errezetan fresko erabiliko ditugu, gainera. Kontu handiz garbitu zizak, urarekin zuzenean busti gabe. Horretarako, sukaldeko papera uretan busti, eta, horren laguntzaz, zizak banan-banan garbitu. Ondoren, xafla finetan moztu. Plater batean zabaldu, gatz pittin bat bota, eta baita oliba-olio txorrotada bat ere. Ondoren, film paperarekin platera estali, eta utzi bertan pare bat orduz, olioak ere ziza zaporearen perfumea har dezan.
Bitartean, brokolia uretan egosiko dugu. Ur irakinetan gatza bota, eta zazpi minutuz egosi. Ondoren, ur freskotatik pasatu, iragazi, eta gorde.
Barazki guztiak Juliana moduan moztu. Zartagin bat berotzen jarri, eta barazkiak 10-15 minutuz erregosi, su ertainean. Ondoren, zartaginetik atera.
Oraingoan, tenperatura baxuan prestatuko dugu arrautza. Horretarako, lapiko bat urez bete, eta irakiten jarri. Teknikoki, ura 65 graduraino berotu behar da, eta bertan sartu arrautzak, osorik. Utzi hor 30 minutuz.
Azkenik, barazkiak erregosi ditugun zartagina berotu, eta barazkiari eta brokoliari azken berotua eman, platerera eraman aurretik. Plateretan banatu, lehenik brokolia eta ondoren erregositako barazkiak; gainean, arrautza egosia ireki, kontu handiz, plater bakoitzean bana. Azkenik, ziza xaflak zabaldu osagai guztien gainean, eta pixka bat busti oliba-olio txorrotada batekin.