Soinu banda bat, txori bandoek osatua: udaberriaren beste definizio bat. Orkestra sinfonikoa: haize, hari, metal eta perkusio. Tenoreak bakarlari; sopranorik, apenas. Zozoak, karnabak, txinboak, hegatxabalak, urretxindorrak, txantxangorriak eta gailupak. Udaberria iritsi da.
«Itxi begiak, eta entzun». Mikel Olano basozainarena da agindua, eta gomendioa. Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatu du, eta Olanok gidatu: Txorien soinu bandaz gozatzen egitasmoa. Donostiako Ametzagaña parke eder bezain ezezagunean da zita. Hogeita bost bat lagun txorizale. «Gutxitan egiten den ariketa bat egitea da helburua: entzutea. Natura interpretatzeko oinarrizko zentzumena da entzumena», azaldu du Olanok. Eta entzun dituzte txoriak eta entzun dituzten azalpenak. «Zergatik kantatzen dute txoriek?», galdetu du gidariak. «Elkar komunikatzeko», entzuleak. «Bai, baina nork kantatzen du?», beste galdera. Eta erantzuna: «Arrek». Zertarako? «Bikotea erakartzeko, eta beste arrak uxatzeko».
«Gutxitan egiten den ariketa bat egitea da helburua: entzutea. Natura interpretatzeko oinarrizko zentzumena da entzumena».
MIKEL OLANOGipuzkoako Aldundiko basozaina
Barneratu dira txorien munduan: udaberrian kantatzen dutela txoriek, egunsentian eta ilunabarrean gehien, txikiek gehiago handiek baino —«handiek ez dutelako euren burua erakusteko beharrik»—, eta garai ezberdinetan —«zozoak, otsail eta martxo aldean, bertakoak direlako; kukuak eta enarak, geroago, kanpotik datozelako»—.
Migrazioak, fisionomia, bizi itxaropena, habiak eta errute denborak. Lezioak eta aldarriak: «Gaur gehiago errespetatzen dugu natura, baina galdu dugu transmisioa. Tontotzen ari gara; sena galtzen». Txoriak.eus webgunea jarri du pantailan. «Itxi begiak, eta entzun». Zozoarena: dotorea eta gozoa. Karnabarena: kaiolako txoriarena. Txinbo beltzarena: flauta doinua. Txantxangorriarena: melodikoa eta nostalgikoa. «Txori batek hamabost erregistro ezberdin eduki ditzake, eta behin eta berriz errepikatzen ditu. Eztei doinuak, konkistarako; alarma soinuak, habiara norbait gerturatzen ari dela iragartzeko».
Pasieran Ametzagañan
Irten dira kanpora Uba Hosteleko bilera aretotik —han izan da saioaren lehen partea—, barruan esanak kanpoan non ote dauden entzutera. «Ez dituzue ikusten, baina hemen daude», dio Olanok baikor. Eta ez da hegazti bat izan agertzen lehena, katagorri bat baizik. «Horiek ere badituzte euren soinuak», baina ez da kasua. «Entzun duzue?», galdetu du Olanok. Elkarri begiratu diote entzuleek. Arrapaladan hasi da gidaria: «Txepetxa da, asmatu duzu. Txinpin-txinpin hori kaskabeltz handia da. Hemen ari da bata, han erantzuten dio besteak. Txinbo kaskabeltza ez duzue entzuten hor behean? Entzun-entzun doinu zorrotz hori. Gerri txoria da!».
Agertu dira pinpinak, birigarroak eta zozoak. «Alarma soinua egin du zozoak. Ikusi ditu txakurrak, eta kumeei eman die alarma, isildu daitezen». Entzulearen galdera: «Eta hegazti batek jotako alarmak besteentzat balio du?». Olanoren erantzuna: «Erabat. Haiei entzunez, igar dezakezu harrapari bat badatorrela. Gertatu izan zait halako ibilaldi batean». Ahoa bete hortz denak. «Itxi begiak, eta entzun».