Izenburua irakurrita norbaitek pentsa dezake nahastu egin naizela, uda amaieran baikaude. Baina, ez, denboraldi berriko lehen artikulu honetan ez dizuet beste urte batzuetan bezala oporretan egindako aurkikuntzaren baten berri emango.
Bi hilabete eta erdi atzera egin, eta, iazko uda hasieran hasitakoari jarraipena emanez, aurten ere lau lagun berberek egindako «festaren» berri eman nahi dizuet. Ez da harrokeria kontua, dastatutako ardo bikainen berri ematea eta zuekin partekatzea da helburua.
Bazkari baten aitzakiarekin eta ardozale amorratua —eta eskuzabala, noski— den lagun bati esker bizi izandako esperientzia zoragarria kontatu nahi dizuet hemen.
Jan genuenak ez du interesik; edan genuenak, ordea, bai; bi ardo zuri eta bi beltz izan ziren eguneko protagonistak.
Zuriekin hasi ginen: Errioxako gurean hain estimatua den Lopez de Heredia upategiko Viña Tondonia erreserba handia (1994) eta Alemaniako —Moselakoa hain zuzen ere— Egon Müller upategiko Scharzhofberger Riesling Kabinett (2009).
Tondonia bikaina, oso konplexua, oraindik fruta helduaren ukituren batekin, baina, batez ere, hirugarren mailako aromak nagusituz, konplexua eta dotorea. Beharbada, espero baino sakontasun txikiagoa zeukan ardoak, baina, hala eta guztiz ere, maila bikainekoa zen; 30 urteko ardoa dela azpimarratu nahiko nuke.
Beste ardo zuria Alemaniatik iritsi zitzaigun, riesling mahatsez egina, kabinett. Azken horrek zera esan nahi du: Alemaniako ardoen sailkapenean, hondar-azukreari erreparatuz, mailarik apalenean dagoela, lehorrena dela, alegia. Hamabost urteko ardo bikaina da, konplexua, mineral ukituarekin, sakona, eta harrigarriena dena, gaztea! Gozagarria, baina urte batzuk barru hobera egingo du, zalantzarik gabe.
Lehen mailako ardo zuri horien ostean, lehen mailako beste bi ardo beltzez gozatzeko aukera izan genuen. Bata, gainera, Euskal Herrikoa zen; bestea, Frantziakoa, Rodano iparraldekoa, Cornas jatorri izenekoa.
Viña El Pison (2007) Juan Carlos Lopez de la Callek Guardian egiten duen ardo izugarria da. Hamahiru hilabetez ontzen dute, frantziar upeletan. Ardo fina da sudurrean, dotorea, baina boteretsua, konplexua bezain handia; hitzak falta zaizkit ardo hori deskribatzeko. Lopez de la Callek ardo bikain asko egiten ditu, baina azken hori izango da, seguruenik, bikainena. Gaur egun, Errioxa jatorri izenetik kanpo daude Lopez de la Callek egiten dituen ardoak.
El Pisonekin batera «lehian» aritu zen Auguste Clape Cornas 2010. Rodano iparraldekoa; iparraldeko jatorri izenik txikiena. Hor ardo beltz guztiak syrah mahatsez eginak dira. Ardo sakona da, bikaina, fruta ugarikoa, baina, batez ere, espeziatua eta nortasun handikoa; hamalau urteko ardoa izanagatik, etorkizun handia duena. Zalantzarik gabe, Rodanoko izarrik handienetakoa da Auguste Clape.
Ea hurrengo udan, berriz ere, horrelako antzekoren bat egiteko aukera daukagun. Nik hona ekarriko dizuet!