Zinema aretoak ireki berritan, uda ailegatu da. Sasoia, normalean, ez da izaten ikusle gehien erakartzen duena; oporrak, bainuak, terrazak eta halako planak izaten baitira orduan nagusi. Hortaz, estreinaldi handi-handi gutxi izaten da udan; normalean, familia giroan ikusteko moduko filmak eta beldurrezko generoa nagusitzen dira.
Baina aurtengoa oso uda berezia izanen da, sekula ezagutu gabeko egoera batean etorri baita bero sapa. Hiru hilabeteko itxialdiaren ondoren, aretoek edukiera mugatua dutela ireki dituzte ateak, eta inork ezin du ziurtatu halako batean berriz itxi beharko ezdituztenik.
Horrez gain, estreinaldien programazioa guztiz aldrebestu du izurriteak: film asko atzeratu behar izan dituzte, eta beste batzuk zuzenean streaming bidezko plataformetan estreinatu dituzte, aretoetako erakusleihoari izkin eginez. Egoera biribiltzeko, film txiki eta independenteen bozgorailu izan ohi diren zinemaldi asko ere ez dira egin, besteak beste Canneseko jaialdia.
Hori guztia horrela, galdera markaz beteta iritsiko da aurtengo udako programazioa. Normalean, arrisku gutxiko sasoia izaten zen, eta, aurtengoan, apustu ausartak are mugatuagoak izango dira. Ahalik eta lasterren normaltasunera itzultzea da aretoek gehien nahi dutena.
Klasiko zaharrak
Beharbada egoera ezohiko horregatik, zenbait film klasiko berreskuratu dituzte uztail eta abuztuko arrats sargoritsuak alaitzeko. Esate baterako, datorren asteotan Francis Ford Coppolaren Apocalypse Now eta Akira Kurosawaren Dersu Uzala berrikusteko aukera izanen da zenbait areto komertzialetan. Era berean, aretoen berrirekiera ospatzeko edo, Cinema Paradiso film nostalgikoa ere programatu dute.
Baina ez dira denak film zaharrak izanen: 2010eko Inception filma ere berreskuratuko dute. Horrek badu arrazoi garbi bat; izan ere, Christopher Nolan izan zen zientzia fikziozko film horren zuzendaria, eta harena izango da uda honetan ikusminik handiena sortu duen filmetako bat, Tenet thrillerra.
Zeresana emanen duten filmen artean, Disney inperioaren Mulan dago. Ekoiztetxe ahalguztidunak azken urteotan bere animazio klasikoen hezur-haragizko bertsioak egiteari ekin dio, eta aurten 1998ko izenburu bereko filmaren txanda izanen da. Apustu segurua ezbairik gabe, ezaguna den istorio baten gainean etekina bikoizteko aukera.
Oihartzun handia izanen duen beste film bat ere Disneyrekin lotuta dago. 1940an egin zuten Carlo Collodiren Pinnochio istorioaren bertsio animatua, eta orain istorio bera egokitu du Mateo Garrone zuzendariak bere bertsioan; kasu honetan ere, hezur-haragizko aktoreekin egin dute filma.
Udako estreinaldi handien zerrendan hutsik egin ezin duen beste ekoiztetxe indartsu batek ere estreinatuko du filmik: Marvel etxeak, hain zuzen. Oraingo honetan, Chris Claremont eta Bob McLeoden komiki sorta izan dute oinarri The New Mutants egiteko.Filma X-Men sail arrakastatsuaren spin-off bat da.
Beldurraren sasoia
Izu generoak ikusle fidelak ditu, eta horiek udan ere beren dosia behar izaten dute. Orain dela bi urte John Krasinski zuzendariak dezenteko arrakasta eskuratu zuen A Quiet Place filmarekin, eta asteotan bigarren zatiarekin itzuliko da. Berriro ere, Emily Blunt aktorea izango da protagonista nagusia.
Beldur klasikoagoa nahiago duten zaleek ere izanen dute zerekin gozatu. The Conjuring saila 1980ko hamarkadan girotuta dago, eta aurten hirugarren atalera iritsiko dira Vera Farmiga eta enparauen gorabehera izugarriak. Antzeko moldekoa izanen da Gerard Bush eta Christopher Renzen Antebellum lana, misterio odoltsu bat argitu beharko duen idazle ospetsu baten inguruko istorioa.
Generoaren beste helduleku batetik, zonbien unibertso mugagabean murgildu da Bertrand Bonello zuzendari frantziarra, Zombi Child filmarekin. Haitin dago girotuta zonbien kodeen gainean begirada propioa eskaintzen duen istorio fantastikoa.
Gainerakoan, aspaldiko izen ezagun batzuk etorriko dira bisitan aurtengo uda berezi honetan. Horietako bat da dagoeneko klasiko bihurtu den aktore bat: Tom Hanks. Oraingoan, Marielle Helleren A Beautiful Day in the Neighborhood filmeko protagonista gisa dator, Fred Rogersi buruzko istorio biografikoan.
Horrez gain, Richard Linklater zuzendariaren azkena ere ikusteko aukera izanen da, Where'd You Go, Bernadette, Cate Blanchettekin. Era berean, François Ozonen Eté 85 kutsu nostalgikoko istorioa ere iritsiko da aretoetara, eta baita Judd Apatowen The King of Staten Island ere.
Zinema
Uda berezi baterako filmografia
Osasun krisiaren osteko ezohiko egoerak uztaileko eta abuztuko estreinaldien programazioari ere eragingo dio. Zenbait aretotan film klasikoak proiektatuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu