Uda abentura bihurtzeko

Iazko etenaren ondotik, aurten berriz ere dozenaka dira udalekuak antolatu dituzten elkarte eta erakundeak. COVID-19aren kontrako protokoloak ezarriko dituzte gazteen egonaldia ahalik eta seguruena izan dadin bermatzeko. Ohi baino toki gutxiago egonen dira.

Teknologia landuz. Teknologia, robotika eta zibersegurtasuna izango dituzte ardatz udalekuek. KODE ESKOLA.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Uda iristearekin bat, milaka izaten dira abentura bila etxeko abaroa utzi eta egun batzuez hainbat txokotara joaten diren haur eta nerabeak. Iaz, koronabirusa tarteko, bertan beheiti gelditu ziren Euskal Herriko udaleku itxi ia denak. Aurten, ordea, bertzelakoa da egoera. COVID-19aren kontrako protokoloak ezarrita, berriz ere dozenaka dira Euskal Herriko luze-zabalean antolatutako egonaldiak. Euskara, kirola, abentura, mendizaletasuna, ingelesa; non eta zeraukeratua izanen dute gazteek. Jarraian daude aurtengo udalekuetarako zenbait aukera:

DIPUTAZIOEN UDALEKUAK

Izen ematea. Araban, bihar arte; Bizkaian, izen ematea itxita; eta Gipuzkoan, apirilaren 13tik 20ra.
Informazioa. Foru Aldundi bakoitzaren webgunean.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek 7 eta 12 urte bitarteko haurrentzako egonaldiak antolatu dituzte. Denera 2.312 lagunentzako lekua egonen da euskarazko udalekuetan, eta hamasei leku daude aukeran: Araban, Zuhatza, Barria, Espejo eta Bernedo; Bizkaian, Gorliz, Lapurreketa, Lurraska, Zugaztieta eta Meakaur; Gipuzkoan, Orio, Zarautz eta Hondarribia; eta Nafarroan, Arantza, Irrisarriland eta Bertiz. Beste leku bat zehazteke dago oraindik. Txandak uztail osoan zehar eta abuztuko lehenengo astean izanen dira.

Aterpetxe bakoitzaren arabera, ezberdina izanen da programazioa, baina, bertzeak bertze, aisialdiko jarduerak, kirol jarduerak, naturarekin harremanetan egindako ekintzak, gaubeilak, gau jolasak, txangoak, eta igerilekurako eta mendirako eta hondartzarako irteerak eginen dituzte.

Beherapena egingo zaie diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten familietako haurrei, baita sendi ugarietako umeei ere.

BERTSO UDALEKUAK

Izen ematea. Maiatzetik aitzinera.
Informazioa.Bertsozale.eus.

Hitza ardatz hartuta, aurten ere antolatu dituzte bertso udalekuak, bertsolaritzaren inguruan. Bertsozaletasuna bertzelako ekintzekin uztartuko dute egonaldietan. Bertsozale Elkarteak oraindik ez du zehaztu udalekuak eginen diren edo ez —maiatz hasieran hartuko dute azken erabakia, orduan indarrean egongo diren neurri eta legeak aintzat hartuta— alta, dagoeneko begiraleak eta sukaldariak aukeratzeko prozesua abiatu dute.

Egonaldiei dagokienez, orain arte baino hiru txanda gehiago egingo dituzte, eta bortz egunetakoa izanen da txanda bakoitza. Horiek denak uztailean izanen dira. Sopelan (Bizkaia) eta Zuhatzan (Araba) txanda bana eginen dute, eta Orion (Gipuzkoa), Uitzin eta Amaiurren (Nafarroa), bina. 9 urtetik 18 urtera bitarteko haur eta nerabeek ematen ahal dute izena egonaldietan. Maiatzean zehaztuko dute noiz irekiko den udalekuetan izena emateko epea.

KODE ESKOLA

Izen ematea. Apirilaren 12an hasita.
Informazioa.Kode-eskola.eus.

Teknologian eta bideo jokoen munduan murgildu nahi dutenek ere izanen dute horretarako aukera aurten. Kode eskolak bi eratako udalekuak antolatuko ditu: uda eskola eta udaleku itxia. Osasun eta segurtasun neurri denak beteko dira, eta horien araberakoa izango da egiteko azken erabakia.

Uda eskola 5 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeentzat pentsatua egonen da, eta Hernaniko (Gipuzkoa) Orona fundazioaren egoitzan izanen dira. Astebeteko hiru txanda egonen dira: ekainaren 28tik uztailaren 2ra, uztailaren 2tik 5era eta uztailaren 12tik 16ra. Goizean programazioa, robotika, zibersegurtasuna, eta identitate digitala eta antzeko gaiak landuko dituzte. Ondotik, bazkaria izanen dute; eta arratsaldean, berriz, jolasak, kirola eta aire zabaleko ekintzak eginen dituzte. Gipuzkoako hainbat txokotatik autobusak antolatuko dituzte parte hartzaileak bertaratzeko.

Udaleku itxiei dagokienez, Hondarribiko aterpetxean eginen dituzte, uztailean, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako udalekuen barnean. Hor ere, programazioa izango da udalekuen ardatza, eta arratsaldean bertzelako ekintzak egingo dituzte.

EUSKAL UDALEKUAK

Izen ematea. Martxoaren 22an hasita
Informazioa. Udalekuak.eus.

Euskara oinarri hartuta eta euskaraz sortutako udalekuak dira euskal udalekuak, eta aurten ere asmo berberarekin antolatu dituzte. Uda bete abentura euskaraz zure eskura izango dute aurten ere leloa. Berritasunak izango dituzte, gainera: txanda berriak eta sorpresak prestatu dituzte aurten. Urtero bezala, hiru etxetan egingo dituzte euskara ardatz duten egonaldiak: Bernedon (Araba), eta Goñin eta Abaigarren (Nafarroa).

Hiru etxe eta hiru egonaldi izanen dira, baina balio berak izango dituzte parte hartzaile denek; euskaraz eta naturaz gain, jolasa, elkarlana, harremanak, alaitasuna eta aniztasuna, bertzeak bertze. Balio horiek modu ezberdinetan gorpuztuko dituzte etxe bakoitzean.

2004 eta 2014 artean jaiotako haurrek parte har dezakete euskal udalekuetan, eta, COVID-19a dela eta, ohi baino toki gutxiago eskainiko dituzte: erdiak inguru. Apirilaren 5etik aurrera, toki baino eskaera gehiago dauden txandetan aukeraketa egingo da parekidetasuna, herrien aniztasuna eta bertzelako irizpideak aintzat hartuz. Apirilaren 19an jakinaraziko da horren berri.

IKASTOLEN ELKARTEA

Izen ematea. Apirilaren 12tik maiatzaren 17ra arte.
Informazioa.Zirimola.eus.

Ikastolen Elkarteak ere udarako eskaintza oparoa antolatu du; udaleku ireki zein itxiak eskainiko dituzte. Irekien kasuan, 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzako eskaintza egonen da. Goizez izanen dira, programan atxiki diren herri bakoitzeko ikastolan. Ikastolako kanpo espazioak eta herriko naturguneak baliatuta, astero gai bat landuko dute. Udaleku irekien barruan, Enjoy English udalekuak ere antolatu ditu elkarteak. Ingelesez izanen dira, eta Ikastolen Elkarteak espresuki sortutako materiala erabiliko dute.

Udaleku itxiei dagokienez, aldiz, bortz egonaldi antolatu dituzte: Allo egonaldiak, gazte topaketak, ingeles udalekuak, Uretan Blai eta Euskara Mugara. Txangoak, uretako kirolak, pilota ikastaroak, gaubeilak eta bertzelako ekintzak izanen dituzte. 8-16 urte bitarteko gazteek ematen ahal dute izena horietan, eta sei eguneko egonaldiak izanen dira. Ikastolen Elkarteko ikasleek eta gainerako ikasleek dute aukera bertan izena emateko.

EUSKARAZ BLAI

Izen ematea. Martxoaren 1etik lekuak amaitu arte.
Informazioa. Euskarazblaiudalekuak.com.

Euskara ardatz hartuta eginen dituzte aurten ere Euskaraz Blai udalekuak, Arantzan eta Beintza-Labaienen (Nafarroa). 8 eta 14 urte bitarteko gazteentzat pentsatuta daude, eta bi adin taldetan banatuko dituzte haurrak: 2007 eta 2009an jaiotakoak alde batetik, eta 2010 eta 2013 urte bitartean jaiotakoak bertze aldetik.

Euskara ardatz hartuta, ekintza andana eginen dute sei egunez: kobazulorako irteera, mendi txangoak, zuhaitz parkea, herriko ohitura eta istorioak ezagutzea... Bi herri txikietako giroan murgilduko dira parte hartzaileak.

Halaber, Euskaraz Blai udalekuak 14 eta 17 urte bitartekoentzako udaleku ibiltaria ere antolatu du: kontrabandisten bidea. Arritxulon (Oiartzun, Gipuzkoa) hasi eta Beintza-Labainenerainoko ibilbidea eginen dute parte hartzaileek sei egunez, Arantzan geldialdia eginez. Oinez eginen dute ibilaldi dena; tartean, Arritxulon, Arantzan eta Beintza-Labaineneko aterpetxeetan gaua igaroko dute. Gainera, mendiko ibilbideez gain, espeleologia, zuhaitz parkea, Mendaurrerako igoera eta bibak gaua ere eginen dituzte egonaldian.

MULTIABENTURA

Izen ematea. Martxo hasieratik tokiak amaitu arte.
Informazioa. Navarraventura.com.

Abentura gustuko dutenen gazteentzat ere izanen da non aukeratua aurtengo udan. Arroila jaitsiera, piragua, ferrata bidea, tirolinak... ez aspertzeko moduko egitaraua antolatu du Nafarroa Abenturak Multiabentura udalekuetan. 25 urtetik gorako esperientzia dute udalekuak antolatzen.

Baztango eta Bertizko (Nafarroa) abentura parkeetan eginen dituzte, eta Bertizko aterpetxean hartuko dute ostatu. 7 eta 11 urteko eta 12 eta 15 urte arteko gazteek ematen ahal dute izena, eta euskarazko egonaldiak uda osoan zehar izanen dira, ekain bukaeran hasi eta abuztu bukaera arte.

Txanda bakoitza sei egunekoa izanen da, eta, abentura kirolez gain, gaubeilak eta jolasak ere eginen dituzte, bertzeak bertze. Abentura ekintzak norbere adinera egokituko dituzte, denen parte hartzea bermatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.