Bilboko Aste Nagusia

Txupineren omenezko abesti bat sortu dute

Emakume horiei «gorazarre» egiteko konposatu du kanta Xabi Aburruzagak, eta artista askok parte hartu dute; besteak beste, Aiora Renteriak eta Itziar Ituñok. Txupineren egunean aurkeztu dute

Aiora Renteria pregoilaria eta Xabi Aburruzaga musikaria, txupineren argazkiaren aurkezpenean. A. LOIOLA / FOKU.
Markel Garzon Goitia
Bilbo
2023ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Bilboko Aste Nagusiaren hiru ikonoetako bat da txupinera, pregoilariarekin eta Marijaiarekin batera. Hori dela eta, Xabi Aburruzaga trikitilariak inoiz txupinera izandako emakumeak omendu ditu abesti batekin. Hogei bat txupinera ohi elkartu ziren atzoko agerraldian, eta Aiora Renteria aurtengo pregoilaria eta Izaskun Pinedo aurtengo txupinera ere bertan egon ziren.

Aburruzagak eskerrak eman zizkien abestiaren grabaketan parte hartu duten guztiei. Ekarpena egin dute, besteak beste, Iñaki Aurrekoetxeak (hitzen egilea), Aiora Renteriak, Itziar Ituñok, Maria Riverok, Naroa Gaintzak, Ylenia Bagliettok, Miren de Miguelek, Irati Bilbaok eta La Basuk. Aburruzagak esan zuenez, urteak zeramatzaten txupineren omenez abesti bat egin nahian, baina denbora kontuagatik eta pandemiagatik ezin izan zuten grabatu. Atzo aurkeztutako abestia «oso berezia» dela adierazi zuen.

Egilearen arabera, txupinerengan inspiratu da abestia egiteko: euren mezuetan, Aste Nagusiko bizipenetan eta suziria botatzean izaten diren sentimenduetan.

Txupineren kolektiboaren izenean, 1983ko txupinera izandako Alazne Olabarrietak eskerrak eman zizkion Aburruzagari: «Konplizitatea, urduritasuna, suziriak, kolore gorria... gu guztion nortasunaren parte bihurtzera pasatu da, eta guretzat den abesti batek sentimendu hori kontatzeak eta transmititzen saiatzeak ilusio handia egiten digu». Ekitaldiaren amaieran, abestia jarri eta suziriak jaurtitzeari ekin zioten txupinera guztiek.

Lurdes Luque gogoan

Aburruzagak gogoan izan zuen Lurdes Luque. Bilboko Konpartsen federazioko lehendakari izan zen Luque. Horrez gain, txupinera izan zen 2002an, eta iaz zendu zen. Marije Agirregoitiak adierazi zuenez, Luque «harro» sentituko zen abestiaz. Aburruzagak, berriz, aitortu zuen Luque ere kantu horren parte handi bat dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.