Aurten, King Africa, C. Tangana edo Sabater berriz?

Berazubi auzoko jaiak oroituz ekin diete Tolosan inauteriei. Lehen aldiz, andre bat izango da inauterietako alkate: Itxaso Urdanpilleta.

Gazteak inauterien hasiera ospatzen, gaur eguerdian, Tolosako Plaza Zaharrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Hainbat gazte inauterien hasiera ospatzen, gaur eguerdian, Tolosako Plaza Zaharrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
ane insausti barandiaran
Tolosa
2025eko otsailaren 27a
15:00
Entzun

Inauterietako udalbatzaren aginte makilaren aldaketarekin hasi dira aurtengo Tolosako inauteriak (Gipuzkoa). Patxi Amianok erretiroa hartu ondoren, Itxaso Urdanpilleta izendatu dute alkate berri, eta berehala hartu du hitza udaletxeko balkoian, Plaza Zaharreko jendeari mintzatzeko, tokia txilabaz jantzitako jendez mukuru zegoela: «Kaixo, Tolosa! Mila esker denoi! Eta, batez ere, inauteriak aurrera eramaten lagundu duten emakume guztiei!». 

Hasi dira Tolosako inauteriak

Berehala eten dute Urdanpilletaren mintzaldia, ordea, eta jarri diote lehendabiziko zeregina. Izan ere, aldaketa garaiak eskaerak egiteko une egokiak izan daitezke, eta horixe aprobetxatu nahi izan dute Kabi Alai elkarteko kideek, Berazubiko auzotarren izenean, urteroko parodia egiterakoan: «Aizu, Itxaso! Berazubi auzoaren izenean nator; zu zara alkate berria, ezta? Galdera bat daukat zuretzat: zenbateko diru laguntza izango dugu aurtengo festak antolatzeko?».

Galderak ezustean harrapatu du alkatea, eta azalpenak eskatu dizkie herritarrei: «Diru laguntzak, zertarako?». «Leticiak [Sabater] Berazubin abestu zuenetik, artista pila batek deitu digute hemen jotzeko. Hemen datoz haietako batzuk». Hurrenez hurren igo dira oholtzara, nor bere musika eskaintzarekin, C. Tangana, Pimpinela, Leticia Sabater eta King Africa.

Kabi Alai elkarteko kideak, Pimpinelaz mozorrotuta. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Kabi Alai elkarteko kideak, Pimpinelaz mozorrotuta. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Bueno, bueno, nik hauek ez ditut egokiak ikusten Tolosarako. Faltzeserako [Nafarroa] gomendatuko ditut», esan die alkateak. Udalbatzako beste kide batek hartu du hitza jarraian: «Itxaso, alkatea zara. Utzi hori festetako zinegotziari, orain inauteriei hasiera eman behar diegu eta. Jaso dezagun txalo zaparrada batekin aurtengo Kabi Alai kuttuna: Artxiboko Neskak!». Koloretako afro ileordeak buruan, kolore bereko eskularruak eta eguzkitako betaurreko dotoreak jantzita hurbildu dira suzirira, eta elkarrekin egin dute oihu: «Gora inauteriak, eta gora Kabi Alai! Gora Artxiboko Neska kuttunak! Gora Tolosa, gora ostegun gizena!». Suziriarekin batera piztu da festa, eta serpentina eta gozoki euria hasi du udaletxetik behera.

Artxiboko Neskak, «kuttuna»

Minutu batzuk lehenago jaso dute Artxiboko Neskek Kabi Alai kuttunaren garaikurra, udaleko batzar aretoan. 1980ko hamarkadan jaio zen konpartsa hori, Tolosako Gipuzkoako Artxibo Historikoaren kanpoan bazkaldu zuten bi kuadrilla elkartuta. Parodia eta antzezlan ugari egin izan dituzte inauterietan; 06:00etarako artxibo aurrera joan, eta ikuskizunerako txokoa prestatzen zuten. 

Artxiboko emakumeak konpartsako kideak eta Itxaso Urdanpilleta inauterietako alkatea, suiziria pizten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Artxiboko Neskak konpartsako kideak eta Itxaso Urdanpilleta inauterietako alkatea, suziria pizten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Ekitaldian erreferente izan direla nabarmendu dute: konpartsako parodietan emakumezkoak ziren protagonista nagusiak, hori hain ohikoa ez zen garai batean. Bertan hartu dute hitza, eta nabarmendu dute ez dagoela ostegun gizeneko txupinazoa botatzea baino ohore handiagorik tolosar batentzat: «Ematen du Hollywoodekoak garela, Oscarretan bezala gaude! Eskerrik asko, Kabi Alai; eskerrik asko, Tolosa! [Sariak] oroitzapen pila bat ekarri dizkigu gogora, eta baita falta den jendea ere. Oso pozik gaude, eta ohore handia da kuttunak izatea».

Andu Martinez de Rituerto herriko ohiko alkateak ere hitz egin du ekitaldian. «Nire ustez sustatu behar den konpartsa eredua irudikatzen duzue zuek: urtero izan zarete oso irudimentsuak, eta parte hartzea bultzatzen duzue, parodiarako gogo hori... bete-betean betetzen duzue inauterien esentzia». Inauterietako alkateari egindako keinuarekin amaitu du, umorez: «Itxasori zorte ona opa nahi diot; pozgarria da Tolosan emakume bat alkate ikustea. Pixka bat luzatu nahi baldin baduzu, ni prest!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.